SD Amorebieta

Urdinek puntu bat lortu dute El Alcorazen, non golik gabeko berdinketa bat sinatu dute Sociedad Deportiva Huescaren aurka LALIGA Hypermotioneko 27. jardunaldiko partidan. Ia aukerarik gabeko lehen zati baten ostean, norgehiagoka bizitu egin da bigarrenean, eta bi taldeek gola sartzeko aukera onak izan dituzte, baina inor ez da markagailua estreinatzeko gai izan.

Etxeko taldea indartsu atera da, zornotzarren area inguratzen. Hala ere, defentsako lanetan serio aritu dira gureak eta aurkariari ez diote aukerarik sortzen utzi. Horrela, lehen abisu aipagarria 30ean izan da, Pablok eskularrua sartu behar izan duenean Pulidoren burukada bati aurre egiteko. Segituan, Carbonellek zartako baten bidez erantzun du, baina langa gainetik joan da. Huescak partidaren pisua eramanten jarraitu du atsedenaldira arte. Dena den, urdinek ez dute zulorik utzi eta norgehiagoka golik gabeko berdinketarekin heldu da atsedenaldira.

Gureei on egin die aldagelatik igarotzeak eta bi aukera garbi izan dituzte bigarren zatiaren hasieran. Lehenengoan, Nuñezek Carbonellekin konektatu du area barruan eta kataluniarraren jaurtiketa Alvaro Fernandezek gelditu du. Handik gutxira, Raycok markagailua irekitzeko aukera izan du Dorrioren arrapalada azkar baten ondoren, baina kanariarraren saiakera atezainak ere harrapatu du. 58an Huesca izan da aurretik jartzeko zorian egon dena. Pabloren geldiketa bikainak ekidin du. Unzuetaren erantzuna segituan heldu da. Bere tiroa oso gutxigatik joan da kanpora. Urdinek erasotzen jarraitu dute eta, 66an, Dorrioren burukadak ez du atea aurkitu Nuñezen erdiraketa itzelaren ostean.

Jandroren mutilen minutu on horien ondoren, Huesca berriro luzatu da eta gureek gogor defendatu behar izan dute berdinketari eusteko. Horrela, partida azken txanpan barneratu da hasierako 0-0ekoarekin, bukaerara iritsi den markagailua, bi taldeek aurkaria neutralizatzen jakin baitute azken minutuetan.

SD HUESCA: Álvaro Fernández, Loureiro, Gerard Valentín, Hugo Vallejo (55’ Lombardo), Juanjo Nieto (55’ Blasco), Pulido, Vilarrasa, Elady (55’ Joaquín), Kortajarena (64’ Javi Martínez), Sielva eta Obeng (80’ Bolívar).

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Bustinza, Etxeita, Félix, Seguín (80’ Lasure), Carbonell (71’ Yriarte), Sibo, Rayco (64’ Morci), Dorrio (80’ Edwards) eta Unzueta (71’ Jauregi).

Epailea: Sánchez López. Txartel horiak atera dizkie Huescako Nieto eta Sielvari; eta SDAko Carbonell jokalariari.

Partekatu