foto historia

1925eko urtarrilaren 4an Sociedad Deportiva Amorebieta (SDA) ofizialki eratu zenean, Amorebietak 4.500 biztanle baino ez zituen (gaur egungo 19.000 pertsona inguruko biztanleriaren laurdena). Hasiera batean, Kluba futbolaz gain, beste hainbat kirol-jardueraz arduratzen zen (pilota, atletismoa, txirrindularitza, alpinismoa…), baina azken 80 urteetan nagusiki herriko eta eskualdeko futbolaren erreferentea izan da. Jaio zenean, SDA aurretik egon ziren bi kluben ondorengoa izan zen, “la Sociedad Deportiva Beti-Arin” eta “la Sociedad Olímpica Zornoza”, hain zuzen ere; hala ere, bi urtetan klub berak hartu zituen hiru izenak  baino ez zirela izenok ere esan daiteke. Edozelan ere, SDA 1925ean sortu zen, Antonio de Gorostiaga izan zen lehenengo presidentea eta hasieratik aukeratu zen urdina kamisetarako, denborak aurrera egin ahala, SDAren nortasun-ikur bihurtu zen kolorea, eta horrela, «A-zu-les !» izan da bere jarraitzaileen animo-oihuen artean ezagunena eta bereizgarriena. Ziurtasunez ez dago jakiterik zergatik aukeratu zen kolore hori. Diotenez, udalerriko hasierako futbolari haiek Ibaizabal ibaiaren bi ertzetan ugaritzen hasiak ziren fabriketako langileen monoak egiteko erabiltzen ziren oihal soberakinekin egin zituztelako euren kirol-ekipamenduak. Nolanahi ere, ez dago horren dokumenturik. SDAren 75. urteurrenean argitaratutako “Los doce de Urritxe” liburuan aipatzen da klubaren ibilbidearen lehen urteetan galtzak beltzak izan zirela eta kamisola eta galtza urdinak zireneko lehen dokumentu grafikoak 1952-53 denboraldikoak dira. Ziur dakiguna da, baina, sorrera-sorreratik Urritxeko landa izan dela SDAren etxea. Zornotzako hirigunetik ipar-ekialdean dagoen gainalde batean kokatutako jokalekua dugu Urritxe. SDAren aurretik egondako bi klubetako kideek beraien izerdiz belarrak, sasiak, zuhaixkak eta era guztietako landarediak kenduta, eurek irabazitako eta egokitutako zelaigunea zen, gainera. Urteetan, Urritxek ez zuen dutxarik izan. Ohikoa zen, beraz, Urritxe igoeraren hasieran, jokalari talde bat lokatzez beteta, lokatza kendu nahian,  herria zeharkatzen zuen errekan (gaur egun lurrazpikoa da gehienbat)  sartuta garbitzen eta apaintzen ikustea. Edonola ere, badaudenak klubaren lehen aurrekontu-balantzearen froga dokumentalak dira: 1925ean, SDAk 1.329,65 pezeta ingresatu zituen (8 euro inguru) eta 1.182,70 euro gastatu zituen (7,10 euro); horrek 146,95 pezetako superabita eman zuen (guztira euro bat baino gutxiago).

Bere lehen denboraldia, 25-26koa, SDAk Bizkaiko futbolaren C Serie Arrunta Mailan jokatu zuen, “Comité de Durango” delakoan, Durango, Elorrio, Usansolo eta Montorretas taldeak aurkari zituela. Multzo horretako txapelduna izan ondoren, Iturrigorri eta Chavarriren aurka jokatu zuen igoera fasea, baina ez zuen igoerarik lortu. Izan ere, historiako lehen igoera hurrengo denboraldian izan zen, 26-27 denboraldian, hain zuzen; horrela, taldea  Preferente C mailara igo zen. Hasierako urte haietan, baina, txirrindularitza zen SDAri arrakasta gehien eman zion kirol-jarduna; klubaren lehen mitoa eman zuena, baina, mendizaletasuna izan zen,  eta hori Andrés Espinosa alpinistari esker izan zen, bere arrakasten artean ditugu Naranjo de Bulneseko eskalada hegoaldetik, sokarik gabe eta oinutsik, edo Kilimanjaroko euskal “premier” -a, Afrikako sabaia, 1930ean.

20ko hamarkadaren amaieran eta 30eko hamarkadaren erdialdera arte, Bizkaiko futbolak jasan zituen berregituraketen ondorioz, SDAren lehen taldeak Hirugarren eta Bigarren mailak txandakatu zituen. Berregituraketa horietako baten ondorioz, eta lege-trikimailu bati esker, SDAk Sondikako Amaika Bat taldearekin elkartu zen, talde berriak Club Deportivo Amorebieta hartu zuen izena. Eta izen horrekin lehiatu zen harik eta 1936ko uztailean Franco jeneralaren indar faxistek II Errepublika bertan behera utzita, ehunka mila giza-heriotza eragingo zituen Espainiako Gerra Zibila ekarriko zuen kolpe militarra eman zuen arte. Klubaren jarduna gatazkak iraun zuen bitartean eten egin zen, 1939ean berriro ekin arte; Franco ordurako boterean zegoen,  zorigaiztoko oroitzapenak utziko zituen eta lau hamarkada iraungo zuen diktadura hasita.

Gerra amaituta, SDA Bizkaiko futbolaren Bigarren mailara itzuli zen,  1940ko urtarrilaren 28an, 15:15ean, Diaz Rolland epaileak bere txilibitua jo zuenean Durangon, urdinek ia bost urteko parentesi triste eta dramatikoa itxi zuten. Geroago, 41-42 denboraldian, kategoriako txapelduna geratu ostean, bere bigarren igoera lortu zuen (kasu honetan, Lehenengo B Mailara). Baina, erakundea eta herria taldeaz harro zeuden bitartean, ezin zen gauza bera esan “Urriche”-z (orduan “ch”-z idatzita), garai hartako estandarretako ere ez baitzituen gutxieneko baldintzak betetzen-eta. Beraz, 1942an bertan, kirol-arrakastak bultzatuta, Zuzendaritza Batzordeak Urritxek jasan dituen erreforma ugarietako lehenari ekitea erabaki zuen. Garai hartan jokalekua ez zen oraindik udalarena, partikular batena baizik; eta hilero 25 pezetako alokairua ordaintzen zitzaion. 9.000 pezeta (54 euro) izan zen lehen erreforma haren kostua. Funtsean, lanak erdiko zanga bat egiteko izan ziren, “sortzen ari zen lokatza saihesteko”; lan hori egiteko, “harriz betetako hirurogei gurdi” behar izan ziren. 43-44an erakundearen historiako denboraldi onenetako bat iritsi zen: Ligan kanpaina bikaina osatzeaz gain, SDAk San Mamesen Bizkaiko Afizionatuen Txapelketako finala jokatu zuen, nahiz eta Erandioren aurka galdu. Hala ere, ihes egin ez zitzaiona Bizkaia Kopako finala izan zen, klubaren historiako lehen titulua. Paduraren aurka joan-etorriko partidak jokatuta, urdinek Santo Criston gauzak bideratuta utzi zituzten 0-3 irabazita, eta gol-kopurua aste bat beranduago Urritxen errepikatu zen. Honako hamaikako hau izan zen txapelduna: Torre; Ugalde, Leon; Luzuriaga, Uriarte, Fructuoso; Serrano, Gumucio, Álvarez, Josechu eta Orcasitas.

40ko hamarkada oraindik ere mugarri garrantzitsuak ekarri zizkion talde zornotzarrari. Negatiboen artean, kategoria-jaitsiera eta kirol-bolada txarrak ekarri zituen zailtasun ekonomikoak ditugu. Futboleko estutasun horien ondorioz, Amorebietako Udalak SDAri laguntza eman behar izan zion, eta Urritxeko lurrak erosi zituen. Erabilera eta gozamena erakunde urdinari utzi zizkion, eta aurrerantzean alokairurik ez zuen ordaindu behar izan. Berri onen artean, 1948an, atepean jokatzen zuen Orobios auzoko morroi baten iritsiera dugu , morroiak Carmelo Cedrun zuen izena eta gaur egun, oraindik, SDAren 97 urteko historian kamiseta urdina jantzi duen jokalaririk onena izan dela esan daiteke, edo onena ez bada, bai, behintzat, urrutien iritsi dena. Karmelok denboraldi bakarra jokatu zuen Urritxen, Athleticek berehala bereganatu baitzuen, San Mameseko atearen ardura eman eta nazioartera laster iritsi zen. Bere jatorriaz harro,  Cedrun Urritxera berriro itzuli zen historia egitera. Horrela, 1954ko azaroaren 1ean, Carmelok SDAk helburu bikoitzarekin antolatu zuen partidan hartu zuen parte: batetik, bere nazioartekotasun estreinatu berriagatik omenaldia egiteko eta, bestetik, lau urte luzez egokitze lanei ekin ondoren, Urricheko zelai berritua inauguratzeko. Lan horietan zelaiaren kanpoaldea itxi zen, etxolak berreraiki ziren eta iparraldeko atearen atzean egindako lur-erauzketan hainbat ikusle-ilara prestatu ziren eta, denboraren poderioz, Bizkaiko futbolaren zelai ikonikoenetako bat bihurtuko zen. Cedrunen omenezko partida hartan Amorebieta Athleticen kontra aritu zen, Atlhelticek bere historian izan duen hamaikako onenetarikoarekin, Telmo Zarra ospetsuaren gidaritzapean, eta Carmelo Amorebietarekin lerrokatuta.

50eko hamarkadan gertatu zena ez zen erraza izan SDArentzat, ez hainbeste kirol arloan gertatu zena (arazo handirik gabe eutsi zion Bigarren Kategoriari), baina bai, ordea, arlo ekonomikoan gertatu zena. 1955. urte inguruan etxeko tresnen tonbola izan zen klubari diru sarrera gehigarria eman ziona, bere ekonomia prekarioa arintzeko; baina 1958ko irailean egoerak kutsu dramatikoagoa hartu zuen eta klubak bere historiako unerik kritikoenetako bat bizi izan zuen orduan. Izan ere, desagertutako Zornotzako Zineman egindako batzar batean zenbait zuzendarik eta bazkidek bizpahiru urtez SDAren behin-behineko eta prebentziozko desegitea proposatu zuten, Amorebietako herria sentsibilizatzeko estrategia gisa. Beraien ustez, Amorebietak ez zuelako balioesten Urritxeko klubetik egiten ari zen ahalegina. Desagertzeko zorian egon bazen ere, disoluzioa ez zen gauzatu, eta Batzar hartatik Sixto Montoya atera zen lehendakari eta bere agintaldi luzean, bederatzi denboraldikoa, Urritxeko tribuna mitikoa eraiki zen, instalazioaren historian estalitako lehen harmaila. Urte erdi eskasean eraiki zen tribuna hura, dozenaka bazkideren, zuzendariren, jokalariren eta teknikariren izerdiz eraiki zen… eta Cementos Lemona enpresako zuzendaritzaren oniritziarekin, ibilbidetik “desbideratu” eta zornotzarren zelaian “agertu” ziren zementuz beteriko kamioi batzuen laguntzaz eraiki, gainera. Elementu metalikoak Barakaldoko Labe Garaietako obra batzuk desegite lanetatik etorri ziren. Beraz, 300 lagunentzako lekua zuen tribuna 1959ko martxoaren 19an inauguratu zen Lemoaren aurkako partidan. Ia beste hamarkada bat behar izan zen horren behealdean bi taldeentzako eta epaile-hirukotearentzako aldagelak, biltegi txiki bat, klubaren bulegoa eta ia 40 urtez zabalik egon zen taberna egiteko.

Hamarkada aldaketa ondo etorri zitzaion SDAren lehen taldeari, 59-60 denboraldian Bigarren Erregional ligan txapeldun izan baitzen, Zallari 3-0 irabazita, San Mamesen jokatutako finalean, Mieza Athleticeko jokalari ohi baten gidaritzapean. Hainbat autobusek ehunka zale zornotzar hurbildu zituzten Bizkaiko hiriburura, eta 3.500 ikusle inguru izan ziren Katedralean, atsedenaldian urdinek 2-0 irabazten zuten partidan. Partida goizeko 11:00etan jokatu zen ekaineko ostegun bero batean. Zornotzarrek Ibaizabal Elkartean ospatu zuten titulua, eta arratsaldean udaletxeko balkoian agertu ziren auzokideen txalo zaparrada eta errekonozimendua jasotzeko.

Hurrengo denboraldian, klubaren beste elementu ikoniko bat agertuko zen: Urritxeko Preferentzia. Iparraldeko atezainaren atzean egin zen eta obra erraza izan zen: zementuzko zazpi eserleku-ilara prestatu ziren, banderatxo batetik bestera. Ia bat-batean, “golen atea” bihurtu zen hura, SDAren kapitainak hasierako zozketa irabazten zuen bakoitzean, bigarren denborarako uzten zuen alde hura. Lesioak lesio, lehen talde urdinak ez zuen arazorik izan Lehenengo Erregional Mailan egoteko. 61-62an hirugarren amaitu zuten mailan, Peña eta Balmasedaren ondoren, eta horri esker Hirugarren Mailara igotzeko promozioa lehiatu ahal izan zuten, Barreda, Deustu eta Guarnizo aurkari izan zituela. Barreda erraz kanporatu ondoren, azken kanporaketan urdinak Deusturekin lehiatu ziren. Joanekoa Urritxen 2-0 irabazi eta itzulikoan emaitza berdinagatik galdu ondoren, SDAk berdinketa hausteko partida jokatu behar izan zuen Basozelain (Basauri). Hor 3-2 irabazi zuen, bere historiako maila “nazional” baterako lehen igoera lortu zuen eta oroimenerako anekdota bat utzi zuen: garaipenaren gola  sartu zuen José Luis Magunacelayak Donostiarako eztei-bidaia bertan behera utzi behar izan zuen, inoren kirol edota sentimendu aurreikuspenetan ez zegoen berdinketa hausteko partidan parte hartzeko. Garaipen jai ahaztezina Las Hermanas jatetxean ospatu zen. Eta ez zen gutxiagorako: urdinek Estatuko Hirugarren futbol mailan egotea lortu zuten, aurretik Lehen eta Bigarren Maila baino ez baitzeuden (Iparraldeko eta Hegoaldeko multzoetan banatuta).

Baina 61-62ko kanpaina historikoa izan bazen, 62-63koa ez zen atzean geratu. Euskal eta kantabriar taldeekin lehiatu beharreko multzoan sartuta, SDAk hirugarren postuan amaitu zuen denboraldia, Barakaldo eta Arenasen ondoren. Talde golegileena izan zen eta Bigarren Mailara igotzeko puntu bakarrera geratu zen. Ligarekin batera, urdinek Bizkaiko Afizionatu Mailako Txapelketa jokatu zuten. Gernica, Lemoa, Somorrostro eta Santurtzi kanporatu ondoren, San Mameseko final handian sartu zen berriro Arenasen aurka, eta talde hori Bigarren Mailara igotzeko asmoz diru-inbertsio handiak eginak zituen. Hala eta guztiz ere, urdinek 2-0 irabazi zuten Bilbao eta Abaden golekin, euren historiako hirugarren titulua katedralean berriro altxatzeko. Baina urte hartako onena iritsi gabe zegoen oraindik, garaipenak SDAri Espainiako Afizionatu Mailako Txapelketa jokatzeko aukera eman baitzion. Chantrea nafarra eta Guarnizo kantabriarra kanporatuta, finalerdietan parte hartzeko aukera izan zuen. Zozketak Real Madrilen bigarren taldearekin parekatu zituen zornotzarrak, Velázquez, Grosso, De Felipe… Joanekoa Vallecasen jokatu zen, talde merengearen ohiko zelaian. Zuriek 2-0 irabazi zuten, emaitza ez oso ona… baina ia okerragoa izan zen SDAren jokalariek autobusa bultzatu behar izan zutela Euskadira itzultzeko bidaian. Porrotak ez zuen eragotzi Urritxek itzulerako norgehiagokan bere historiako sarrerarik onenetakoa erregistratzea. Izan ere, Real Madrilek Amorebietara egindako bisita gertakizun handia izan zen eskualde osoan. Madrildarrak Grossoren golarekin aurreratu ziren (bere taldeak finalerdian sartutako lau golen egilea), baina urdinek markagailuari buelta eman zioten eta 2-1ekoarekin luzapena behartzeko gol bakarrera jarri ziren… baina aipatutako Grossok azken 2-2koa egin zuen. SDA kanporatuta zegoen… baina Real Madrilek ezin zuen Urritxen irabazi. Eta hori bada zerbait.

Amorebietak Hirugarren Mailan jarraitu zuen beste hainbat denboraldiz, 67-68 denboraldian Liga berregituratu eta urdinak Erregional Preferentera itzuli ziren arte. 68-69 denboraldian beste egoera ekonomiko zail bat gainditu ondoren (denboraldi hartan fitxatu zuten jokalarientzako prima Antzar Eguneko Lekeitiora bidaia eta afaria izan zen), 71-72 denboraldian klubak bere historiako egoera berezi eta dramatikoenetako bat bizi izan zuen. Zuzendaritza Batzordeak bere osotasunean dimititu ondoren, herrian ez zegoen kluba zuzentzeko ardura bere gain hartu nahi zuen inor… beraz, lehen taldeko jokalariak izan ziren Zuzendaritza Batzordea eratu zutenak. Zuzendaritza kooperatiboa izan zen eta denek kobratu zuten sari bera urte amaieran. Lehen taldea Lehenengo Erregionalera jaitsi zen, baina herriak klubari ikaragarrizko babesa eman zion, Urritxeko zelaian igandero 1.100 bazkideren kopurua gaindituz. Horrela, 72-73 kanpainan SDA Preferente Kategoriara itzuli zen, eta kategoria horretan zegoela Urrezko Ezteiak ospatzeko prestatzen hasi zen erakunde urdina. 1974-75 denboraldia zen hori.

SDAren 50. urteurreneko ospakizunak 1975eko martxoaren 18ko 19:00etan hasi ziren, erakundeko presidentea Juan Etxebarria “Makatza”  zen eta 650 bazkide zituen. Hasteko, meza Larreako parrokian; ondoren, afaria El Cojon, eta amaitzeko, sari banaketa eta pertsona eta erakundeei opariak. Hurrengo egunean, San Jose egunean, 17:00etan eta Urritxe zelaian, menuko plater nagusia: Athletic-Reala. Ohorezko sakea Jose Angel Iribar “El Txopo” ospetsuak egin zuen, eta Urritxeko harmailak lehertzear egon ziren. Lehoiek irabazi zuten 4-1.

SDAren lehen taldea Erregional Preferente ligan finkatu zen 70eko hamarkadaren bigarren erdian, garaia nahiko lasaia izan zen kirol arloan, baina diktadorea 1975eko azaroan hil ondoren, nahasiagoa izan zen arlo sozialean eta politikoan. 1977ko urtarrila Urritxen ikurrina lehen aldiz astindu zenekoa mugarri bat izan zen. Hilabete batzuk lehenago ere, klubak beste egoera berezi bat bizi izan zuen. 75-76 kanpaina amaituta, inork ez zuen erakundearen buru izateko erantzukizuna bere gain hartu nahi eta, giro horretan, herrian erregimenari lotutako eragin handiko pertsona batzuek SDAren kontrola hartu nahi zutelako zurrumurrua zabaldu zen. Erreakzioa ia berehalakoa izan zen eta izaera herrikoia zuen hautagaitza Luis Birizuela,  24 denboraldiz klubaren presidente izango zena, buru zuena osatu zen. Eta 76ko uda hartan, pilota-, atletismo- eta mendi-atalak klubaren estatutuetatik kanpo utzi ziren. Harrezkero, klubaren kirol-jardun bakarra futbola izan da. Bere lehen kanpainan mailari eusteko arazoak izan ondoren, Birizuelaren Zuzendaritza Batzordeak Pedro Antonio Etxebarria “El Zambo” eskola zaharreko entrenatzaileari, futbolean arrakasta nor bere atean golik sartzen ez uztetik datorrela uste duten horietakoari, lehen taldearen ardura ematea erabaki zuen. 77-78 denboraldian hasi zen Urritxeko ibilbidea eta SDAren historiako entrenatzaile karismatikoenetako bat izan zen. 78-79an, taldeak Erregional Preferente txapelketako bosgarren postuan amaitu zuen, eta 79-80koan gainditu eta hirugarren postuan amaitu zuen, lehen bi sailkatuekin (Santutxu eta Zorrotza) 57 puntura berdinduta, baina “goal average” txarragoarekin. Horrela, promoziorako kanporaketa jokatu behar izan zuen, nahiz eta irabazteak ez zion Hirugarren Mailara igotzea bermatzen. Urdinek Aretxabaleta kanporatu zuten, baina bigarren kanporaketa jokatu behar izan zuten Lemoaren aurka, joaneko partidan Arlonagusian 2-0 galdu eta gero,  zoritxarrez, Urritxen 1-0 baino ezin izan zuten irabazi. Hurrengo urtean, ordea, kontuak amaiera zoriontsuagoa izango zuen.

1981eko ekainaren 7a SDAren bazkide askoren buru eta bihotzetan grabatutako data da. Egun horretan, Urritxek gaur egun baimendutako gehienezko edukiera erraz bikoiztu zuen, eta Amorebietak 2-0 irabazi zion Arrasateri, Hirugarren Mailara igotzea lortuz. Maila horretan hogeita hamar denboralditan etenik gabe jarraitu zuen. Ligako 38 partidatatik 30 irabazi, bost berdindu eta hiru bakarrik galdu ondoren, “goal average” k eragotzi zion Amorebietari Preferente Mailako txapeldun izan eta Hirugarren Mailarako txartel automatikoa lortzea. Pribilegio hori bere garai hartako etsai handiarentzat izan zen, Basauriko Basconiarentzat, hain zuzen ere. Urdinek igoera irabazi behar zuten Arrasateren aurkako itzuli bikoitzeko kanporaketan. Iturripen jokatutako joaneko partidaren atsedenaldian, ehunka zale zornotzarrek xanpaina hozten jarri zuten, euren taldea 0-2 irabazten ari zelako Gabiolaren eta Rekagorriren, atezain titularra eta penalti-jaurtitzailearen, golei esker. Hala ere, bigarren denbora zoro batean  Arrasatek buelta eman zion partidari, 4-3ko emaitza lortuz, eta SDAk Urritxeko itzuleran luzapena behartzeko gol baten aldeaz irabaztera behartuta zegoen (besteen zelaian sartutako golek ez zuten balio bikoitzik-eta) edo igoera lortzeko bi goleko aldeaz. Partida hasi baino ordu erdi lehenago, Urritxek bere historiako sarrerarik handiena erregistratu zuen, eta horrek milioi eta erdi pezeta inguruko (9.000 euro inguru) diru-bilketaren  errekorra ekarri zuen. Cántabro Brezoren arbitrajearekin, Etxebarriak hurrengo hamaikakoa zelairatu zuen: Rekagorri, Arias, Sabin, Vicente, Vicandi, Toño, Gabiola, Gisasola, Aitor, Aiesta eta Gurtubai eta bigarren zatian, Valentin Bilbao eta Belasko. Amorebieta nagusi izan zen lehenengo zatian, baina atsedenaldira iritsi aurretik ez zuen golik lortu. Gero, 52. minutuan, Valentin Bilbaok Gurtubaik jaurtitako kornerra sareetara bidali zuen. Eta 70. minutuan, kontraeraso batean Gabiolak area kanpotik gola lortu zuenean,  Urritxeko harmaila eromenera eraman zuen. Horrela, Brezo, partidaren amaiera adierazteko, txistuka hasi zenean, ehunka zale urdinek Zornotzako zelaira salto egin zuten igoera futbolariekin batera ospatzeko. Jai-egitarau luze-luze baten lehen ekitaldia izango zen ospakizun hori.

SDA kategoria “nazionalera” itzultzeak bi mugarrirekin egin zuen bat: alde batetik, klubak 1.000 bazkideren muga gainditu zuen berriro; bestetik, 80ko hamarkadan, inguruko herri eta klubetan belarrezko joko zelaiak ugaritzen hasi ziren unean, Urritxe zelaian hobekuntzak egiteko premia agerikoa zen. Hirugarren Mailako lehen denboraldia oso ona izan zen, eta SDA hirugarren zen txapelketa amaitzeko bi partidara soilik zeudenean eta, beraz, Bigarren B Mailara igotzeko aukerak zituen, nahiz eta azkenean bosgarren amaitu. 82-83 denboraldian, urdinek azken aurreko jardunaldia jokatu zuten, mailaz igotzeko aukerak zituztela. Hala ere, hirugarren postuan amaitu zuten, Durangoko Kulturalaren eta Eibarren ostean. Kanpaina hura historiara pasatu zen bi gertakariren ondorioz: batetik, aulki urdinean Etxebarriaren azken denboraldia izan zen eta, bestetik, lehena preferentzia estali ondoren, preferentziaren estaldura nahiko oinarrizkoa izan zen, baina oso eraginkorra arratsalde euritsuetarako. Hobekuntza hura, hala ere, ez zen Urritxe zaharkituaren hutsune ugariei aurre egiteko behar bestekoa izan.

83-84 kanpainak bi gertaera utzi zituen oroitzapenerako. Alde batetik, Urritxeko berdegunean belarra erein zen, nahiz eta bi partida baino ez zuen iraun; bestetik, José Mari Gisasola, klubaren ikonoetako bat, erretiratu egin zen. Hurrengo denboraldian, Alfonso Barasoainek zuzentzen zuen lehen taldeak hirugarren amaitu zuen eta, igotzeko aukerarik izan ez zuen arren, Koparako sailkatu zen, eta Kopako zozketan sari “potoloetako” bat lortu zuen: Reala aurkari. Jose Mari Amorrortu urdinen aulkian eta John Benjamin Toshack txuri-urdinenean, 1985eko irailaren 19an Urritxek bere jantzirik onenak jantzi eta talde gipuzkoarrari harrera egin zion: Gorriz, Bakero, Zamora, Uralde… 0-3 irabazi zuten donostiarrek; hala ere, Gipuzkoako prentsa-kazetariek denbora eta leku gehiago eskaini zioten jokalekuaren egoera tamalgarriari euren taldearen jokoa goraipatzeari baino. Arratsalde hartan Amorebietan aurrelari aritu zen Jose Luis Astiazaran urte batzuk geroago aurkariaren taldeko presidente izango zen. Itzulerako partida Atotxa mitikoan jokatu zen, 10.000 ikusleren aurrean, hura ere Realak irabazi zuen (2-0). Kronikek diotenez, nahiz eta emaitza ona izan, urdinek partida bikaina egin zuten, eta etxekoen txalo zaparrada jaso zuten partidaren amaieran. Amorrortuk Urritxeren aulkian eman zituen bi urteetan, Amorebietak erasoko futbola zabaldu zuen, eta merezitako ospea lortu zuen mailan. 85-86koa Amorebietak seigarren bukatu zuen eta, denboraldi hartan, Rekagorrik eskularruak zintzilikatu zituen. 86-87an, urdinak golak egiteko makina bihurtu ziren – Astiazaran “pichichi” mailara igo zen – eta igotzeko aukerak bizirik mantendu zituzten azken-aurreko jardunaldira arte. 80ko hamarkada SDAk Hirugarren Mailan sendo instalatuta amaitu zuen, nahiz eta 88-89 denboraldian jaisteko arriskutsuan egon, jaitsi ez jaitsi, azken partidara arte.

Bi jokalari ohi, Jesus Mari Barrenetxea, “Txuku”, eta Jose Mari Gisasola, SDA kategoriaz igotzeko puntuan egon ziren 90eko hamarkadako lehen urteetan. 90-91koan, Ligan laugarren bukatu ondoren, talde urdina Kantabriako Laredo, Aragoiko Fraga eta Nafarroako Sport taldeen multzo berean gelditu zen. Denek denen aurka partida bikoitzera jokatu ondoren, ligaxkako txapelduna Bigarren B Mailara igoko zen. Azken jardunaldian Amorebietak Fraga bisitatu zuen eta dena bere emaitzaren araberakoa izango zen: irabaziz gero, igo egingo zen. Bero itogarrian, urdinak 1-1 emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira; horrela, gol batek eta 45 minutuk banatzen zituzten Bigarren B Mailatik… baina alferrik izan zen, ezin izan zen izan. Hurrengo urtean, aulkian “Gisa” zegoela, Amorebietak laugarren amaitu zuen Ligan eta “play-off”erako sailkatu zen, Aragoiko Endesa Andorra, Kantabriako Marina eta Nafarroako Artajones aurkari izan zituela. Urdinak, berriz ere, azken jardunaldira heldu ziren igotzeko aukerak zituztela, baina orduko hartan igotzeko irabaztearekin ez zen nahikoa. Horrela, Gisakoek Urritxen Artajoneskoei 4-1 irabazi bazieten ere, Endesa Andorrak Marinaren aurka irabazi zuen eta lortutako garaipen horrek igotzeko eskubidea eman zion Aragoiko taldeari.

93-94 denboraldiak, Birizuelak klubean 18 urte betetzen zituen denboraldiak, datu estatistiko historiko bat eman zuen: entrenatzailea, Gisa, eta lehen taldeko 20 jokalarietatik 18 Amorebietan jaiotakoak ziren. Baina Liga hasiera txarra izan zen, garaipenik ez zen lortu lehen hamar partidatan, eta azken jardunalditik haratago ere denboraldia lazgarria izan zen. Urdinek azken partidan jaitsiera zuzena saihestu bazuten ere, hirugarren Mailari eusteko, multzo euskalduneko beste talde batzuek Bigarren B Mailari eutsi behar zioten. Multzoko talde batek lortu zuen, Gernikak, Huescaren aurkako kanporaketa gogorra jokatu ostean. SDAk 13 denboraldi jarraian eginak zituen kategoria berean.

Hurrengo bi denboraldietako gertaera aipagarrienak bi hauek izan ziren: 94-95ean Jose Angel Estevez “Txipi” k erretiroa hartu zuen eta 95-96an Victor aurrelari urdinak partida bateko hasierako lau minutuetan hiru gol sartu zituen. 96-97an denon gogoan geratu zena izan zen epaileak bertan behera utzi zuela Ondarroako Aurrera taldearen aurkako partida Urritxeren egoera txarragatik. Klubaren eta Udalaren arteko liskar eta adiskidetze urteak izan ziren, eta Urritxeko birmoldaketa integrala edota Zubipunten zelai berri bat eraikitzeko bezalako proiektuak iragarri ziren. Birizuela Udaletxean itxialdia egitera iritsi zen,  gose-greba egiteko, udal-zelaiaren egoera salatzeko. 1997. urtearen amaieran, Txolonen, Urritxetik 300 metro eskasera, belar artifizialeko zelai bat eraikiko zutela iragarri zuten eta klubeko beheko taldeek erabiliko zutela.

97-98an, Juan Felipe Mintegi bigarren urtez urdinen aulkian zegoela, 16. jardunalditik 38. era partidarik galdu gabe egin ondoren, SDAk Bigarren B Mailara igotzeko hirugarren promozioa jokatu zuen. 23 partida bat ere galdu gabe! Orduko hartan, promoziorako aurkariak Kantabriako Tropezon, Aragoiko Fraga eta Errioxako Logroñes B izan ziren. Eta ligaxkako laugarren jardunaldian aukera guztiak galdu zituzten. 98-99 denboraldia zailagoa izan zen, urdinak azken aurreko jardunaldian salbatu ziren, José Luis Belasko “Belas” taldeko beste historiko batek 15 partida falta zirela taldeko agintea hartu zuenean taldeak izan zuen erreakzioari esker. 18 denboraldi jarraian ziren Hirugarren Mailan!

1999-2000 kanpaina garai bateko amaiera izan zen SDArentzat. Birizuelak, 24 urteren ostean, presidente izateari utzi zion. 2000ko otsailaren 2an egin zen iragarpena, baina, kargua utzi aurretik, “presiak” bere helburu nagusietako bat lortu zuen: Urritxeren birmoldaketa. Birizuelak martxoan aurkeztu zion Begoña Azarloza Amorebieta-Etxanoko alkateari futbol-zelaia osorik eraberritzeko proiektua: belar naturala, 700 ikuslerentzako tribuna, aldagelak, bulegoak, biltegiak, argiztapena, sarbide berriak… Udalak apirilean onartu zuen 1,1 milioi euroko kostuko proiektua; Birizuela lasai “jubilatu” zitekeen, beraz. Bere lekukoa Josean Barreirok hartu zuen, eta 2000-2001 denboraldi hartan lehen taldeak, udan Urritxeko egitura zaharrak eraitsi ondoren, Txolonen jokatu zituen etxeko partida guztiak, zelaia obretan zegoelako. Txoloneko lehen garaipena ez zen berehalakoan etorri, baina ahaztezina izan zen Durangoko Culturalaren aurka jokatutako partida, Asier Goiria aurrelari zornotzarrak baselinaz egindako bi goli esker irabazitako partida. Lehen taldeak 13. postuan amaitu zuen Liga, Hirugarren Mailan 20 denboraldi!!!

Urritxe oraindik berritze lanetan zegoela, 2001-2002 kanpainan, SDAk berriro aldatu zuen futbol-zelaia, oraingoan Larreako jokalekura, azken belaunaldiko belar artifiziala eta argiztapen-sistema berria zuen jokalekura. Ondo joan zitzaien aldaketa, Jon Pujanaren aginduetara urdinek laugarren bukatu baitzuten liga eta igoerako promoziorako sailkatu ziren. Orduko hartan, Fraga, Riojako Recreacion eta Kantabriako Racing B izan ziren bere aurkariak, baina 2002ko maiatzaren 24an, azken errondako lehen partidaren bezperan, krisia lehertu zen. Udalarekin izandako liskar garratzaren ostean eta elkarren kontrako salaketa larriak egin ostean,  Barreiroren batzordeak dimisioa ematea erabaki zuen. Dimisioa ekainaren 24an gauzatu zen, baina aurretik lehen taldeak play-offa jokatu zuen eta igotzeko inolako aukera barik gelditu zen, Santanderren laugarren jardunaldiko partida galdu zuenean. Zuzendaritza Batzordeak dimisioa eman ondoren, klubaren historiako lehen hauteskundeak izan ziren, Karmelo Pujana, Barreiroren presidenteordea, eta Joseba Barrenetxea hautagai zirela. Hauteskundeak uztailaren 20an izan ziren, larunbata, Karmengo jaietan, eta parte-hartzea oso handia izan zen, % 64,4koa hain zuzen ere, boto-eskubidea zuten 930 bazkideetatik 599k eman baitzuten botoa. Barrenetxeak irabazi zuen 401 babes jasota, eta 196 Pujanak; horrela, 38 urte zituela hauteskunde batzuetatik aukeratutako SDAren lehen presidentea izan zen bera. Presidente gisa eman zituen lehen egunetan, Barrenetxeak erregional mailako filial bat sortuko zuela iragarri zuen, Ikas-Txiki futbol eskola bere oinarri-futboleko egituran sartu zuen eta, bukatzeko, José Antonio Goikoetxea izendatu zuen entrenatzaile eta José Félix Guerrero kirol-zuzendari. Baina denboraldi hura taldeko historiara pasatu da “Urritxe berriaren” inaugurazioagatik. Instalazio berriak ez zuen apenas gogorarazten bizi guztiko Urritxe zaharra.

2002ko urriaren 12an izan zen. Egun horretan, bi hamarkada baino gehiagoko aurreproiektu, eztabaida, polemika, liskar eta desadostasunen ondoren, Amorebietak herriaren neurriko futbol-zelaia estreinatu zuen. Athleticeko eta Santanderko Racingeko jokalariak izan ziren lehen partidaren protagonistak, eta partidaren prolegomenoak, gainera, emozioz beteta egon ziren. Carmelo Cedrun ere ez zen falta izan, 1954ko partida historiko hartatik ia 50 urtera berriro omendua. José Ángel Iribar ere ez zen falta izan, Athleticeko enbaxadorea eta 27 urte lehenago SDAren Urrezko Ezteiak ospatzeko jokatutako partidaren protagonista nagusia. Bizirik zeuden presidente ohiei omenaldi bat egin zitzaien. Bedeinkapena, ohorezko aurreskua eta SDAren  urte hartako zortzi taldeen -zaharrena, bi gazte, bi kadete eta hiru infantil- hamaikakoen familia-argazkia egon zen futbol-zelaian. Aitor Larrazabalek, “lehoien” kapitainak, buruz egin zuen lehen gola “Urritxe berrian”, partidako bakarra. Egun hartako prentsako lerroburuetako batzuk hauek izan ziren: “Amorebietak zauri bat ixten du”; “Urritxeko zelaia patatala izateari utzi zion eguna”; “Urritxe, lehen mailako zelaia”. 2.900 ikusle inguruk bete zuten Urritxe. Eraberritzeko aurrekontua 1,32 milioi eurokoa izan zen, tribunak 504 lagunentzako edukiera izan zuen, iparraldeko atearen atzean hiru ilarako estali preferentzia txiki bat gaitu zen, eta jokalekuak 102 X 64 metroko neurriak zituen. Tribunaren azpian hiru aldagela (herriko taldea, talde bisitaria eta epaile hirukotea), bulegoa, bilera-gela, garbitegia, biltegia, botikina eta taberna jarri ziren. Jose Javier Lacalle “Laka”-k diseinatutako eta Iker Albizurik egindako eskultura bat da 2002ko urriaren 12 historiko haren oroigarri.

Urritxe Berriko lehen partida ofiziala, Amorebieta-Alaves C.,  azaroaren 9an, larunbatarekin, euria goian behean jokatu zen, SDAren alde egindako urteak eta urteak aitortzeko Luis María García Iparraguirre “Bisi”-k egin zuen ohorezko sakea, baina ez zen golik izan arratsalde hartan. Beno, bat egon egon zen. Etxeko Ibaik area kanpotik sartu zuen baloia, 90. minutua gaindituta, baina gola baliogabetu zioten jokoz kanpo egoteagatik eta Urritxeko tribuna berrian euritik eta haizetik babesa hartuta zuten 500 zaleek biziki protestatu zuten erabakia.

2002. urtea Unai Larrea kazetariak idatzi zuen Sociedad Deportiva Amorebieta erakundearen 75. urteurrenaren liburuaren aurkezpen ofizialarekin amaitu zen. Liburua Amorebieta-Etxanoko Udalak finantzatu zuen eta 2000. urtearen amaieran enkargatu zen, efemeridearen urtea zelako. Liburuak SDAko bazkideen zerrenda eguneratua jasotzen zuen, eta horietako azkena Julen Guerrero López zen, Athletic Clubeko legenda eta Mendeurrenaren urteko lehen taldeko entrenatzailea.

2002-2003 denboraldiaren hasiera ez zen batere erraza izan, Batzordeak osorik dimisioa eman zuen eta, eman orduko, askatasun-gutuna eman zien jokalari guztiei, eta hauteskundeak egin arte, kluba Kudeaketa Batzorde baten esku geratu zen. Egoera horretan, batzordea saiatu zen taldeko jokalariak konbentzitzen gelditzeko, beste inorekin ez fitxatzeko, harik eta SDAk presidente berria izan arte, baina salbuespen gutxi batzuk kenduta, gehien-gehienek alde egin zuten; horrela, igoerarako play-offa jokatu zuten jokalari haietatik gutxi batzuk baino ez ziren taldean geratu. Hala ere, nahiz eta fase zail batzuk bizi, futbol-zelai berrian jokatutako lehen denboraldi hura lasaia izan zen lehen taldearentzat, eta 2002-2003 denboraldian, lau jardunaldi falta zirela, mailari eutsiko ziola ziurtatu ondoren, Goikoetxeak zuzentzen zuen taldeak taularen erdian amaitu zuen. Taldeko berri ona Aitor Zalloetxebarria aurrelari zornotzarraren eskutik etorri zen, 15 golekin taldeko “pitxitxi”-a izan zelako. Edonola ere, Urritxe berriko lehen garaipena ez zen berehalakoan etorri, izan ere, 2003ko urtarrilaren 11ra arte ez zen iritsi, Eibar Bren aurka, Luis Martinek penaltiz sartutako golari esker.

2003-2004 denboraldiak hasiera harrigarria izan zuen SDArentzat: Goikoetxea kargugabetu zuten lehen taldeak denboraldiaurrea hasi zuen egun berean, eta, bere ordez, klubak bertako entrenatzaile baten aldeko apustua egin zuen: Lutxi Real. Hasiera gorabeheratsua izan ostean, taldeak bolada ona izan zuen eta play-offeko postuei begira jartzeraino heldu bazen ere, dena ezerezean geratu zen. 25. jardunaldiaren osteko gertaera bitxi batean, Lutxi Realek talde teknikoarekin izandako desadostasun batzuengatik aulkia utzi zuen. Amorebieta taulako 12. postuan zegoen eta Lutxi Realen lekua Fernando Valsegak hartu zuen. Taldeak 13. amaitu zuen, sailkapenerako arazorik gabe eta albiste txarra egondako lesioa izan zen: Aitor Zallok lotailu gurutzatua hautsi zuen eta baja izan zen kanpainaren azken zatian.

2004-2005 kanpainan, Txefe Guerrerok eta Valsegak osatutako bikotearen esku egon zen lehen taldearen zuzendaritza, eta astero herriko dozena erdi jokalari (Lekue, Gurtubai, Andoitz, Artabe, Amorrortu…) lerrokatu zituzten. Jokalari horien artean gazte kementsu bat hasi zen nabarmentzen: Xabier Etxeita. Baina gauzak okertzen hasi ziren zelaiaren barruan zein kanpoan. Izan ere, jokalari urdin batek, Pablo Zuloagak, bihotzekoa izan zuen partida jokatu bitartean eta, ospitaleratze azkarrari esker, bizirik atera bazen ere, Zuloagak futbola utzi behar izan zuen, eta 2005eko urtarrilaren 5ean, SDAk eta Athletic Clubeko lehen taldeak lagunarteko partidan omenaldi hunkigarria egin zioten, Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea ere bertan izan zela. Partida Athleticek irabazi zuen (1-2), etxeko gola Carrascok sartu zuen eta bisitarien biak De Paulak eta Fernando Llorentek. Ligako azken txanpan, taldeak oso bolada txarrean sei porrot izan zituen, eta Barrenetxeko Batzarrak Valsega-Guerrero bikotea kargutik kendu eta taldea urdinen aulkiko beste legenda bat zen Jesus Mari Barrenetxearen, “Txuku”-ren, esku utzi zuen. Hiru jardunaldi besterik ez ziren falta liga amaitzeko eta taldea Ohorezko Mailara jaistetik hiru puntura baino ez zegoen. Egoera larria zen. Hirugarren Mailan 24 denboraldi jarraian eman ahal izatea arriskuan zegoen. Azkenaurreko jardunaldian, urdinek aurkari zuzenetako bat hartu zuten Urritxen: Eibar B. Zorionez “entrenatzaile berria, garaipen segurua” esaera zaharra bete egin zen, Agustinek jaurtitako zuzeneko libre bati esker; hala, Txukuk kargua estreinatu egin zuen garaipen batekin eta Amorebietak birtualki mailari eustea lortu zuen, harik eta beste garaipen batek, Aurrera B-ren aurkakoa, (1-3), hain zuen, matematikoki salbazioa ziurtatu zion arte. Txukuk bere egitekoa bete zuen, taldeak 12. postuan amaitu zuen Liga eta Fernando Perez izan zen hurrengo denboraldirako lehen teknikaria.

2005-2006 kanpainak inflexio-puntu argia eta positiboa markatu zuen lehen taldearen ibilbidean, eta taldea Hirugarren Mailan sendotzeaz gain, kategoriako “liderren” artean kokatu zen eta igotzeko “play-off”-etan ohiko taldea bihurtu zen. Perez aulkian eta herriko jokalarien presentzia nabarmena zela, denboraldia Urritxen Aurrera Vitoriaren aurkako garaipenarekin hasi zen eta denboraldiko lehen golaren egilea Iturraran izan zen. Taldeak ez zituen aurreko denboraldiko bi golegile nagusien, Pastrainen eta Zalloren, hutsunerik nabari. Sestaon berdindu ondoren, Zamudiori irabazi zion Urritxen eta, horrela, IV. multzoko lider jarri zen hirugarren jardunaldian. Beherakada txiki baten ondoren, Iker Bilbaok golak egiteko lana hartu zuen bere gain, eta taldea 12. jardunaldian play-offerako postuetan zegoen jada eta denboraldi osoan ez zuen postu hori galdu. Liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta zirenean, urdinek aurrerapauso handia eman zuten igoerako play-offerako sailkapena lortzeko, etxetik kanpora Laudio Salleko taldeari irabazi zionean, Urkok 89. minutuan sartutako golari esker. Golegileen artean aipagarriak ziren Xabier Etxeitak eta Jagoba Arrasatek sartutako goleekin lortu zituzten beste bi garaipeni esker, urdinek gora egin zuten sailkapenean. Play-offa ezin zion ihes egin azken txapan… eta ez zion ihes egin. Hiru jardunaldi falta zirenean, Perezen taldeak Arenasen zelaian 0-2 irabazi zuen, Jagobaren eta Iker Bilbaoren golekin. Urdinek hirugarren postuan bukatu zuten Liga, Sestao River eta Gernika aurretik zituela, eta play-offaren zozketak Union Deportiva Barbastro taldearekin, zornotzarren aspaldiko talde ezagunarekin, parekatu zituen. Lehen partida Urritxen jokatuko zen eta itzulerakoa, Huescan. Joanekoan, ekainaren 3an, larunbatean, talde zornotzarraren saiakera guztiek defentsa-horma batekin egin zuen topo. Hala, 90 minutuetan golik egon ez zenez, astebete geroago erabakiko zen dena Huescan. Igandean, ekainaren 11n, Euskaditik etorritako dozenaka zaleren laguntzarekin, SDAk Barbastroko Udal Kirol zelaira egin zuen salto. Eta gauzak ezin hobeto hasi ziren, Kortinaren gol batek aurreratu baitzuen Perezen taldea. Hala ere, Aragoiko taldeak penaltiz berdindu zuen atsedenaldia baino lehen. 1-1ekoak igoerarako bigarren kanporaketarako aukera ematen zien urdinei, aurkako zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker. Sorianok, baina, bi gol sartu ziten, 60. eta 90. minutuan eta, horrela, Ipiñak 94.ean lortutako azken golak ezer gutxirako balio izan zuen. Gauzak horrela, SDA Kantabriarraren Noja taldearen aurka mailaz igotzeko partida jokatzeko aukeratik gol bakar batera geratu zen. Hala ere, denboraldia bikaina izan zen, eta onena izan zen Urritxen garai berri baten hasiera izan zela. Apirilaren 30ean, igandean, klubaren 80. urteurrenaren ospakizunetan SDAko eta Athletic Clubeko beteranoek lagunarteko partida jokatu zuten Urritxen.

2006-2007 Ligako zazpigarren jardunaldirako, SDA Hirugarren Mailako IV. Multzoko liderra zen. Fernando Pérezen taldeak aurreko denboraldiko blokeari eusteaz gain, errefortzu interesgarriak ekarri zituen. Iker Bilbao, Alex Quindós, Gaizka Iturraran eta beste taldekide batzuen golei esker, urdinek hasiera bikaina izan zuten, eta laster igoerako play-offa izan zuten helburu. Beasainen izandako berdinketak lehen itzulia lider bukatzea eragotzi zien urdinei: laugarren postuan bukatu zuten, lehen sailkatuarengandik bi puntura. Alex, 11 golekin, eta Iker Bilbao, 10ekin, golegileen taularen buru ziren. Dena primeran zihoan, baina berdinketa ugariko bolada baten ondorioz, jardunaldi batzuetan urdinek galduta izan zuten play-offerako aukera. Hala ere, Artabek Tolosan sartutako golari esker, bizkaitarrek azken bost jardunaldiak laugarren postuan egin zituzten. Tabiran Alex, Andoitz eta Iturraranen golei esker lortutako garaipenari esker, Perezen mutilek hirugarren postuan zeudela ekin zioten azken jardunaldiari, bosgarren sailkatuarekin bi puntura zeudela. Urritxe bisitatu zuen Beasain taldeak, bigarren sailkatuak. Eta SDAk garaipena lortu zuen, Ipiñak egindako golari esker, eta mailako azpitxapelduna izan zen, mailan emandako 26 urteko topea zena eta, jakina, Bigarren B. Mailara igotzeko play-offa jokatu zuen. Aurkaria Negreira Kirol Elkartea izan zen. Joanekoa Xesus García Calvo zelaian izan zen eta, azken ordu erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatuta, urdinek (1-0) galduta, porrota jaso zuten. Horrela, dena erabaki gabe zuten ekainaren 9an, larunbatean, Urritxen jokatu zen itzulera partidarako. Zornotzarren zelaian giro bikaina izan bazen ere, urdinak ez ziren gai izan Pabloren atea zeharkatzeko. Gurtubai oso gertu egon zen, baina bere jaurtiketak zutoinean jo zuen. Epaileak ere ez zuen lagundu, ez baitzuen penaltirik ikusi galiziarren arean azken minutuetako jokaldian, kanporaketa luzapenera eraman zezakeena. Hortaz, ezin izan zen izan. Amorebieta eztia ezpainetan geratu zen berriro, baina duda barik lehen taldea Hirugarren Mailako IV. multzoko “handienetako” bat zen. Eta aurrerantzean etsi ez zuen etsiko.

2007-2008 eta 2008-2009 denboraldiak ez ziren izan aurrekoak bezain distiratsuak. Lehenengo taldea taularen erdian sailkatu zen bietan, eta bigarrena lehenengoa baino dezente zalapartatsuagoa izan zen. Bi denboraldi hauetako berritasun nagusia taldeak 2008-2009ko lehen erdian sailkapenerako izan zituen ezohiko arazoak izan ziren. Ondorioz, Fernando Pérezek dimisioa aurkeztu zuen Ordizian, azken sailkatuaren etxean, galdu eta 17. jardunaldiaren amaieran jaitsiera postuetara erori ondoren. Bere behin-behineko erreleboa ordura arte jubeniletako teknikaria izan zen Aitor Garmendia zornotzarrak hartu zuen, berari egokitu zitzaion Gernika Urritxen hartzea eta garaipen epikoa lortu zuen partida dramatikoan: 3-2, ia ordubete gizon bat gutxiagorekin jokatu arren. Bi egun geroago, Barrenetxeak SDAren “ezagun zahar” baten kontratazioa iragarri zuen, Alfonso Barasoain estimatua, bi hamarkada lehenago urdinak zuzendu zituen gizonaren kontratazioa. Barasoain futbol eskola bat zuzentzen ari zen Brasilen, baina ez zuen zalantzarik izan: Amorebieta-Etxanora itzuli zen, aulkia eskaintzeko konfiantza erakutsi zion lehen kluba entrenatzera. Erreakzioa berehalakoa izan zen eta Barasoainekin taldeak 12 puntu posibletik 10 lortu zituen, horiei Garmendiarekin lortutako 3 puntuak gehituta, SDA jaitsiera-eremutik irten eta taularen erdialdean sailkatu zen, eta postu horietan amaitu zuen Liga. Taldearen irregulartasuna gorabehera, Iker Bilbaok IV. multzoko pitxitxi izatea lortu zuen sartutako 24 golei esker.

Potugaleteri 5 gol sartuta eta Salvatierrari 3-0 irabazita, Barasoainen taldearen asmo-adierazpen garbia izango ziren emaitzekin hasi zen 2009-2010 denboraldia eta Iker Bilbao “pitxitxi”-a alde ez egitea lortu zuen. Horrela, Iker Bilbaoren eta Orbegozoren golekin lehen taldeak lider amaitu zuen lehen itzulia. Estutasun txiki baten ondoren, urdinak gol-zaparradari esker suspertu ziren (Iker Bilbaoren lau golekin Retuertori 6-0 irabazita, adibidez), eta 27. Jardunaldian, Zubietan liderrari, Real Sociedad B taldeari, (1-3) irabazita, taularen lehenengo postuetara igo ziren berriro. Helburua argia zen: igoerako play-offa eta, zergatik ez, Hirugarren Multzoko lehen titulua lortzea klubaren historian. Barasoainen taldeak lidergoari eutsi zion 33. jardunaldira arte. Eta Gurtubai eta Orbegozoren golekin aurrea hartu bazuten ere, Gernikan galdu egin zuten. Bi jardunaldiren faltan, SDAk 3-0 irabazi zion Basconiari eta matematikoki “play-off”-erako sailkatu zen, azken jardunaldira iritsi zen bigarren, “Portu” taldetik puntu batera. Azken jardunaldian Elgoibarri Urritxen irabazten bazion, bigarren amaituko zuen Realaren ondoren eta Kopa jokatuko zuen… baina golik gabeko berdinketan amaitu zen partida eta Portugaletek Retuerton irabaztea lortu zuenez, azkenean hirugarrenak izan ziren, eta play-offerako sailkatu ziren. Zozketak Malagako auzo bateko El Palo klubarekin parekatu zuen, lehenengo partida Urritxen eta bigarrena hareazko eta hartxintxarreko zelaian jokatuko zen. Beraz, kontsigna “Hobe Urritxen irabaztea” izan zen. Joaneko partidaren bezperan Barasoainen kontratua beste urtebetez luzatu zela iragarri zen eta eragin ezin positiboagoa izan zuen: 3-0 irabazi zuten, Orbegozoren bi goli eta Lilloren gol bati esker. Abantaila izan arren, urdinak ez ziren fio. Horrela, aste horretan Txolonen belar artifizialean entrenatu zuten, Andaluziako jokaleku zailera egokitzeko… eta, aldi berean, RFEF-ren aurrean inpugnatu zuten jokalekua. Erakunde horrek arrazoia ematen zien urdinei eta El Palo behartu zuen beste zelai bat bilatzera. Azkenean, itzulikoa Malagatik gertu dagoen Rincon de la Victoria taldearen Julián Torralba belar artifizialeko zelaian jokatu zen. Baina, zoritxarrez, tranpa ez zen zelaian egon, bidaian baizik, odisea ikaragarria bihurtuta. Nahiz eta partidaren egunean bertan talde zornotzarrak bidaia hegazkinez egin behar, hegazkinak matxura izan zuenez, urdinak sei orduko atzerapenarekin atera ziren Loiutik. Arratsaldeko bostak aldera iritsi ziren Andaluziako lurretara… eta neurketa bost eta erdietan hasi behar zen. Azkenean, partida ordu erdi atzeratu zen eta seietan hasi zen. Eta ezin okerrago hasi zen, 8. minutuan Amorebietako jokalariak bere atean sartutako gol batek Malagako taldearen eta Malagako ikusleen iraulketa-ilusioak elikatu baitzituen, zelaia aldatu behar izateagatik oso “motibatuta” zeudenak, gainera. Zorionez, lasaitasuna 40. minutuan etorri zen Orbegozoren golarekin, berdintzeko El Palo beste lau gol sartzera behartzen zuelako. Etxeko taldeak beste gol bat baino ez zuen sartu (2-1), hori ere urdinek beren atean sartuta. Malagako aireporturako bidea pozik hartu zuen espedizio zornotzarra eta han jakin zuten itzultzeko hegaldia ere bertan behera geratu zela. Horrela, autobusez itzuli ziren, 22:30ean irten ziren Malagatik eta goizeko 10:30ean iritsi ziren Zornotzara. Ez da harritzekoa, beraz, bigarren txandan Barasoainek La Roda (Albacete) taldearekin parekatu zituela jakin zuenean eta, garraioaz galdetu ziotenean, zalantzarik gabe honela adieraztea: “Argi dago, autobusez”. Igotzeko azken-aurrekoko bigarren kanporaketa hau ere Urdinek joanekoa etxean jokatu behar zuten. Iker Bilbaok 1-0ekoa egin zuen lehen zatian, baina Hectorrek 61.ean sartutako golak markagailuan berdinketa utzi zuen eta urdinak Mantxako lurretan gola sartzera behartzen zituen. Eta gauzak are okerragoak izan zitezkeen bigarren zatian Cardiel atezainak bi penalti geldiarazi ez balitu. Itzulerako norgehiagokan luzapenean erabaki beharko zela ematen zuenean, Jesusek La Roda aurreratu zuen, geroxeago Orbegozok hamaika metrotik berdinketako gola lortzeko. 90. minutua zen, luzapena jokatu beharko zutela zirudien… baina Carlos Alfarok, alboko falta bat errematatuz, Cardiel gainditu zuen eta SDA berriro geratu zen zapuztuta, eztia ezpainetan. Igoera desiratuak itxaron beharko zuen… baina ez zuen askoz gehiago itxaron beharko.

2010-2011 denboraldia historikoa ez den beste modu batean ezin daiteke kalifikatu, zeren eta Joseba Barrenetxea buru zuen erakundeak eta Alfonso Barasoainek zuzentzen zuen taldeak Bigarren B Mailara igotzea lortu baitzuten lehenengo aldiz klubaren historian. Ezin hobeto hasi zen Kanpaina bikain baten ondoren lortu zuten. Izan ere, urdinak izan ziren Ligako lehen sei partidak irabazi zituzten bakarrak denboraldi hartan “maila nazionala” deiturikoan aritzen ziren 482 taldeen artean. Gainera, lehen partida horietan ez zuten gol bakar bat ere jaso. Hala ere, urte ikusgarri baten preludioa baino ez zen izan dena, urdinek Hirugarren Mailako IV. Multzoko txapeldun amaituko zuten urtearena, hain zuzen ere; 1981eko igoeraz geroztik lortu barik zuten sailkapena (topea 2006-2007ko azpitxapeldun postuan zen). Bere zenbakiak ikusgarriak izan ziren: 25 garaipen eta 81 puntu 38 partidatan, non 71 gol sartu eta 26 bakarrik jaso zituen, errekorra urte hartan Hirugarren Maila osoan. Iñaki Zarandona IV. taldeko pitxitxia izan zen, 17 gol sartuta. Talde urdinak 2011ko maiatzaren 7an, Ligako azken-aurreko jardunaldian, Tabiran abestu zuen Txapeldunen “alirón”-a, Cultural de Durango taldeari 0-3 irabazita. Hamaikako historiko hura Oierrek, Larreategik, Gurtubaik, Peredak, Elorriagak, Sanchezek, Ibaik, Lillok, Zarandonak, Gusik eta Txutxik osatu zuten, baina Olondok, Larreak eta Butroek ere minutu batzuk jokatu zituzten. Azken jardunaldian, Amorebietak Laudio hartu zuen etxean. Emaitza gutxienekoa izan zen, (2-2) kasu hartan, garrantzitsuena atarikoetan gertatu baitzen, Santiago Arostegi Euskadiko Federazioko presidenteak Xabier Gurtubairi, kapitaina eta taldeko zornotzar bakarrari, eman zionean txapeldunen kopa gertatu ere. Trofeoa altxatuta, hurrengoa igoera gauzatzea zen. Barasoainek eta Barrenetxeak, joan-etorriei begira, aurretiko partida gertuko talde baten kontra jartzea eskatu bazuten ere, zozketak Balearretako Manacorrekin parekatu zuen Amorebieta, biak multzoetako txapeldunak; beraz, txapeldunen arteko lehia izanda, kanporaketa irabazten zuenak zuzenean lortuko zuen igoera Bigarren B Mailara; aitzitik, galtzen zuenak beste bi kanporaketa gainditu beharko zituen Brontzezko Mailara igo ahal izateko. Urritxek bere galarik onenak jantzi zituen 2011ko maiatzaren 21ean jokatu zen joaneko partida hartzeko. Barasoainen mutilek igoeraren zati handi bat bideratuta utzi zuten 3-0 irabazita. Partidak hasiera parekatua izan zuen, baina dena aldatu zen 21. minutuan, Diegok Zarandonari egindako penalti batek gizon bat gutxiagorekin utzi baitzituen balearrek, eta Armanek hamaika metroetatiko jaurtiketaz aurreratu zuen talde zornotzarra. Urdinak errenta horrekin konformatu beharrean, azeleragailua estutu eta beste bi gol -egileak Lilo eta Elorriaga- lortu zituzten atsedenaldira iritsi aurretik. Bigarren zatian ez zen beste golik egon; beraz, 2011ko maiatzaren 29an, igande historiko batean, Na Capellerako Udal Zelaian euskal taldeak errenta ona zuela, baina erlaxatu barik, ekin zion itzulerako partidari. Manacor, ezin bestela izan, garaipena lortzeko planteamendu oldarkorrarekin indartsu atera zen, eta Barasoainen mutilek erantzun ona izan zuten lehen zatian, etxekoen oldarraldiei eustea lortuta; hala, minutuak aurrera, minutu bakoitza harlauza baino pisutsuagoa zen Manacorreko jokalarientzat. Bigarren zatian, Manacorreko esperantzak zapuztu zituen Gusiren gola etorri zen, buruz 57. minutuan sartuta. Emaitza horri esker, urdinak Bigarren B Mailakoak ziren, sortu eta 86 urtera; beraz, ez da harritzekoa orduan Zornotzan bizi izan zen festa autobus deskapotagarri batean herriko kale nagusietan barrena gogoratuenetakoa izatea oraindik ere.

2010-2011 denboraldia historikoa izan bazen, hurrengoa ez zen atzean geratu. Mailaz igo eta lau egunera, Joseba Barrenetxeak Axier Intxaurraga aurkeztu zuen entrenatzaile gisa, Alfonso Barasoainen ordez. Eta ezin da esan Durangoko Culturaletik zetorren Intxaurraga hautaketa txarra izan zenik. Kontrakoa: urdinek, denboraldia bukatzeko, orduan Bigarren A Maila deiturikora igotzeko “play-off”-a jokatu zuten. Bai, bizitza guztiko Bigarren Maila zen hura.
Bigarren B Mailan urdinen estreinaldia ikusgarria izan zen. 15 puntu posibleetatik 10 lortu zituzten, Plantion Burgosen aurka eta Urritxen Salamancaren aurka garaipenak lortu zituzten, Zubietan Real Bren aurka garaipen entzutetsua lortu zuten… Mendizorrotzan Alavesen aurka Luis de la Fuente entrenatzaileari postua kostatu zitzaion banako berdinketa baliotsua ere lortu zuten. Azaroan beheraldi txiki bat izan ondoren, urdinek indarra berreskuratu zuten Ubisen golei esker, eta lehenengo itzulia laugarren amaitu zuten, “play-off”-erako postuetan, Lemoaren aurkako derbia Urritxen irabazi ostean (Geroxeago, Federazio Kopatik Intxaurragakoak kanporatu zituztenean, neurriko mendekua hartuko zuten). Bigarren itzulian, laugarren postua eskuratzeko, Amorebietak Alavesen aurkako norgehiagoka borrokatu behar izan zuen. Iñaki Zarandonak etsaien defentsak hausten zituen gotorlekua zen Urritxe, baina etxetik kanpora zornotzarrak makal aritzen ziren. Otsailaren amaierarako, taldeak helburu nagusia beteta zuen: mailari eustea. Eta azken jardunaldira talde gasteiztarrak baino hiru puntu gehiago zituela heldu zen. Azken jardunaldiko partidan, urdinek behera egindako Lemoa bisitatu zuten eta nahikoa zuten berdinketarekin. Arlonagusian, zornotzar askoren aurrean, Intxaurragakoek golik gabeko berdinketa lortu zuten eta ametsa gauzatu zuten: Bigarren B Mailan egindako lehenengo denboraldian Bigarren A Mailara igotzeko aukera izango zuten. Hamaikako historiko hura Etxebarrietak, Larreategik, Alañak, Odeik, Aldalurrek, Alberdik, Xabi Sanchezek, Ubisek, Ibaik, Muniozgurenek eta Zarandonak osatu bazuten ere, Cuevasek, Luismak eta Candelasek ere jokatu zuten. Zilarrezko Mailara igotzeko gainditu behar zituzten hiru kanporaketetatik lehenengoan, zozketak Linenserekin parekatu zituen urdinak. Joanekoa euri zaparraden eraginez lokatzez beteriko Urritxen jokatu zuten. Eta ezin okerrago hasi zen; izan ere, hasi eta bi minutura Copik baloi solte bat harrapatu eta cadiztarrak aurreratu zituen. Intxaurragakoak egoerari aurre egin eta 40. minutuan Alberdiren golari esker partida berdindu zuten, baina zelai erditik atera bezain laster, beste kolpe latz bat hartu zuten: Aldalurri txartel gorri zuzena. Bigarren zatian bat gutxiago zutela Intxaurragakoek 1-1ekoari eustearekin nahikoa zuten, berdinketak Andaluziako lurretan gola sartzera behartzen bazituen ere, kanporaketan bizirik mantentzen zituelako. Eta, Urritxen ez bezala, La Línea de La Concepción udalerrian dena primeran hasi zen. Hasi eta 3 minutura, Muniozgurenek urritik etxetik kanpora irabazten ez zuen euskal taldea aurreratu zuen. Eta berri on gehiago ere egongo ziren. Hasi eta ordu erdira, Carlos Guerrak txartel gorri zuzena ikusi zuen, eta horrek norgehiagoka eta kanporaketa bera ere erraztu egin zien Intxaurragakoei. Urdinek 0-2koarekin partida erabakita uzteko aukera ugari izan zituzten… baina Linensekoek berdinketa lortu zuten atsedenaldiaren aurretik eta 72. minutuan 2-1ekoa egin zuten, penalti bati esker. Urdinek ez zuten amore eman, eta cadiztarrak bere area barruan sartu zituzten. Azken saiakera batean, Muniozgurenek bere hanketan izan zuen bizkaitarrei pasea emango zien berdinketa, baina erremateak zutoinean jo zuen. Denboraldi amaiera ezin zitekeen gordinagoa izan; hala ere, Urritxeko klubaren ehun urteko historian kanpaina hura handienetako bat bezala gogoratuko da.

2012-2013 denboraldiari begira, lehen taldeak bere bizkarrezurra ziren jokalariekin jarraitu zuen, baina erasoan aldaketak izan zituen: Muniozgurenek baino ez zuen jarraitu; horren ondorioz, Urko Arroyo, Jon Altuna eta Iñaki Goikoetxea fitxatu zituen. Aurredenboraldia ikusgarria izan zen: 5 garaipen eta 4 berdinketa, Urritxen Europako Leagueko eta Kopako Txapeldunordea zen Marcelo Bielsaren Athleticen aurka lortutako garaipena barne (3-1). Hala ere, Kopa txapelketa hasi orduko bukatu zitzaien urdinei, oso trago garratza egin zitzaien partidan: porrota eta kanporatua Nojan, 0-2 aurreratuta hasi eta luzapenean 3-2 erortzeko. Baina Ligan, nahiz eta lehen garaipena lortzeko itxaron behar izan zuten (3-0 Lleidari), ondoren 6 garaipeneko eta berdinketa bateko izan zuten bolada bikainak bigarren postura eraman zuen taldea 10. jardunaldian. Altunaren eta Goikoren golei esker, urdinek play-off postuetan amaitu zuten lehen itzulia, eta 27. jardunaldirako hirugarren postuan ziren, bosgarren sailkatuarekin 7 puntura. Hala ere, bigarren postua jokoan zela Lezaman Bilbao Athleticen aurka jasotako porrotak (3-1) galdu gabeko 13 partidako bolada onari amaiera eman zion eta Urritxeko taldeari min handia egin zion; gainera, Ibai eta Alberdi lesionatu ziren. 32. jardunaldian, jarraian irabazi gabeko zazpi jardunaldi eman ondoren, bizkaitarrek “play-off”-erako aukerak galdu zituzten. Azken bultzada bati esker, Intxaurragaren mutilek laugarren postuan bukatzeko aukera matematikoak zituztela heldu ziren azken aurreko jardunaldira, baina Tajonarren Osasuna Bren aurkako garaipenak ez zuen ezertarako balio izan, Barakaldok, laugarrenak, Lasesarren irabazi baitzuen, eta horrek azken jardunaldirako harrapaezin egiten zituen urdinentzat. Hala eta guztiz ere, talde zornotzarrak merezimendu handiko seigarren postuan amaitu zuen bere bigarren denboraldia Brontzezko Mailan.

2012-13 denboraldiaren amaieran, bi denboraldi garrantzitsuren ostean, kontratua berritzeko eskaintzarik jaso ez zuenez, Intxaurragak Urritxeko aulkia utzi zuen. 13-14 denboraldiari begira, Joseba Barrenetxea buru zuen Batzarrak Iñaki Lenizen aldeko apustua egin zuen. Leniz Bermeorekin Hirugarren Mailan urte bikaina egitetik zetorren. Taldeak ia erabateko aldaketa bizi izan zuen: aurreko denboraldiko sei jokalarik bakarrik jarraitu zuten. Kopan, urdinak kanporatuak izan ziren Barakaldoren aurkako lehen kanporaketan, Lasesarren 1-0 galdu ondoren. Liga hasiera kaskar baten ondoren, jaitsiera postuetan kokatu zituena, urdinek bolada bikaina (Reala B, Atletico B eta Getafe B taldeen aurka etxetik kanpo lortutako garaipenak barne) izan zuten eta egoera egonkortu zuten. Baina SDAk bere irregulartasuna ordaindu zuen: etxetik kanpora talde beldurgarria zen bitartean, Urritxen ahula. Liga 10. postuan amaitu zuen, Kopa jokatzeko eskubiderik gabe. Denboraldia amaituta, 14-15 kanpainari begira, talde urdinak apustu arriskutsua egin zuen eta Ohorezko Mailako Somorrostro entrenatzen zuen Josué Atelak ordezkatuko zuen Leniz.

Hala ere, 14-15 denboraldi hartako aldaketa handia zelaian egon beharrean, bulegoetan egon zen. Hamabi urtez klubeko buru izan, kluba Bigarren B Mailara eraman eta maila horretan finkatu ondoren, Joseba Barrenetxeak elkarteko lehendakaritza utzi zuen eta klubaren historian lehen aldiz emakume bat izango zen buru. María Eugenia Etxebarria, Urritxeko zelaiko Preferentziako atetik 15 metro eskasera hazia, hauteskundeetara aurkeztu zen hautagai bakarra izan zen, eta, jakina, horrela ez zen hauteskunderik burutu. Kirol arloan, Asier Goiria aurrelaria etxera itzuli zen eta, Orbegozo eta Arriagarekin batera, aurrealde sendoa osatu zuten. Ligako hasiera ez zen ona izan: Atelaren mutilak Lezaman Bilbao Athleticen aurka galdu zuten: 4-0 eta Iñaki Williamsen “hat-trick”-a. Baina taldea suspertu zen eta Urritxen Huescari, multzoko “oilarretako” bati 2-1 irabazi zion. Kopan, taldearen ibilbidea partida bakar batekoa izan zen, Carlos Tartiere-n Oviedoren aurka jokatutako partida: 4-0. Federazio Kopan ere ibilbidea partida bakarrekoa izan zen, Irungo Real Unionen aurka jokatutako partida bakarra. Ligan, urdinek 0-3 irabazi zioten Zinedine Zidanek zuzentzen zuen Real Madrid Castillari. Orbegozo eta Goiriaren golak gorabehera, zornotzarrak oso irregularrak izan ziren, batez ere Urritxetik kanpo, eta Urritxen Trival Valderas azken sailkatuaren aurka galdu ondoren, jaitsierako postuetan ziren. Lehen itzulia itxi zutenean, Hirugarren Maila bi puntura baino ez zuten. 20. jardunaldiaren ondoren, Mikel García klubeko kirol zuzendariarekin izandako desadostasun batzuk argudiatuta, Atelak dimisioa aurkeztu zuen. Ondoren Garcíak ere dimisioa aurkeztu zuen, eta klubak lehen taldea bere izarretako bat zen José Félix Gallastegi zornotzarraren eskuetan utzi zuen. Garai hartan, zornotzarrak gazteen taldea zuzentzen zuen. Aurrean zituzten konpromisoak ez ziren nolanahikoak: berdinketa banarekin amaituko zituzten Huesca liderrari eta Barakaldori bisitak. Eta etxeko debuta Leioaren aurka, Gallastegik entrenatzaile zela lortu zuen lehen garaipena izan zen. Denboraldi horretan gertatu eta gogoratuko den pasadizoetako bat izango zen Zidanek entrenatzen zuen Real Madrid Castillaren bisita. Urritxe lokaztuta zegoela, Odegaarden mutilek, Marcos Llorentek, Raul de Tomasek eta besteek ezin izan zuten talde bizkaitarra gainditu: banako berdinketa. Denboraldiaren azken txanpan Goiriak luzapenean sartu zuen gol bati esker, Atlético Madrid B mendean hartu zuten urdinek (3-2) eta azken aurreko jardunaldian Urritxen Fuenlabradari 6-1 irabazi zion: beharrezko puntuak eta salbazioa. Gallastegik ohorezko matrikularekin egin zuen bere lana, baina ez zuen zornotzarren aulkian jarraitu. Liga amaituta, klubak Carlos Docando, SDAko jokalari ohia, 15-16 denboraldirako teknikari berria izango zela iragarri zuen, eta Fernando Arana, kirol zuzendari berria.

2015-2016 denboraldia lasaiagoa izan zen emozioen ikuspegitik. Docandoren aginduetara, lehen taldeak denboraldia hasteko bi porrot izan zituen jarraian, baina horien ondoren, hamabi jardunaldi eman zituen beste porrotik ezagutu gabe, eta play-off postuetan sartu zen. Urdinek laugarren bukatu zuten lehen itzulia, baina igoera borrokatzeko aukerak ihes egin zien zornotzarrei, bi puntu bakarrik lortutako sei partidako beheraldian izan zutenean. Aurreko lau denboraldietan bezala, bosgarren denboraldi hartan ere urdinek Bigarren B Mailako sailkapenean lehenengo hamarren artean amaitu zuten. Kasu horretan, bederatzigarren.

Maiatzean Docandoren jarraipena hitzartu bazen ere, ekainean Zuzendaritza Batzordeak “plantillaren eta teknikariaren arteko tirabirak” argudiatuta, taldearen ardura Aitor Larrazabal Urritxe berrituan lehen gola sartu zuen Athletic Clubeko legendaren esku utzi zuen. Marbellan egonaldi labur bat egin ondoren, Larrazabal Urritxera iritsi zen beste bi lehoi ohirekin, Gontzal Suances eta Dani Aranzubia. Urdinak taldea indartzeko ahaleginetan zebiltzanez, historiako lehen futbolari ingelesa ekarri zuten, Alec Fiddes. Hala ere, denboraldiaren hasiera txarra izan zen. Sei jardunaldiren ostean, zornotzarrak azken sailkatuak izan ziren, puntu bakarrarekin. Lehen garaipena zazpigarren jardunaldira arte ez zen iritsi (3-1 Gernikari). Kopan, Larrazabalen mutilek Socuéllamos eta Barakaldo kanporatu zituzten, Racingen aurka Sardineron hirugarren kanporaketan erortzeko. Lehen itzulia azken-aurreko postuan amaitu ondoren, txapelketa amaitzeko hamar jardunaldi falta zirenean, egoera benetan kezkagarria zen. Baina urdinek azken txanpa benetan bikaina egin zuten: 7 jardunalditan 6 garaipen eta berdinketa bat lortu zituzten, eta azken aurreko jardunaldian, Logroñes mendean hartuta, salbazioa lortu zuten. Denboraldiko azken partidan iragarri zuen Larrazabalek ez zuela Urritxekoen aulkian jarraituko.

2017-2018 denboraldiaren hasieran, María Eugenia Etxebarriak klubaren bilakaeran estrategikoa izango zen erabaki bat hartu zuen: kirol zuzendaritza euskal futbola sakon ezagutzen zuen talde urdineko jokalari ohia eta Numantziarekin Lehen Mailako futbolaria zen Asier Goiria zornotzarraren eskuetan jarri zuen. Goiriaren lehen erabakia Athletic Clubeko beste legenda bat, Joseba Etxeberria, lehen taldeko teknikari ekartzea izan zen. Goiria-Etxeberria tandema gaizki hasi zen eta 17-18 denboraldirako izan zuten helburu nagusietakoa mailari eustea izan zen; izan ere, urdinek lortu ahal zituzten 15 puntu posibleetatik bakarra baino ez zuten lortuta. Izarrari 5-0 irabazi zioten 13. jardunaldira arte, “Etxebe”-ren mutilek ez zuten jaitsiera postuetatik irtetea lortu. Eta ez hori bakarrik, hamar jardunaldi kateatu egin zituzten galdu gabe, urtea eta lehen itzulia 11. postuan amaitzeko, jaitsieraren mehatxutik oso urrun. Baina 2017ko albiste tragikoena iritsi gabe zegoen. Abenduaren 22an, SDArentzat oso garrantzitsua izan zen zornotzar batek, Ibon Urrengoetxeak, bizia galdu zuen Bilbon, eraso egin nahi zioten gaizkile batzuek eman zioten jipoiaren ondorioz. Amorebieta-Etxanoko kluba eta herria hunkituta utzi zituen galera handi hark. 2018ko urtarrilaren 13an, larunbata, Osasuna Bren aurkako norgehiagoka hasi baino lehen, Urritxeko futbol-zelaiak gogoratzen den isiltasun minutu hunkigarrienetako bat bizi izan zuen. Urdinek “Urren” berak nahi izango zuen bezala agurtu zuten: golekin eta garaipenarekin; gainera, Bigarren B Mailan golik jaso gabe egindako bolada luzeena berdindu zuten, 13 partida porrota ezagutu gabe kateatuta. Hurrengo jardunaldian, baina, Logroñes B-k bolada horri amaiera emango zion.

Otsailaren 5ean ezustekoa izan zen, Joseba Etxeberriak, Bigarren A Mailan jarraitzeko borrokan zebilen Teneriferen eskaintza onartzeko, talde urdina utzi behar zuela iragarri zuenean. Xabi Sanchez bigarren taldeko teknikariak eta lehen taldeko jokalari ohiak lehen taldearen ardura hartu zuen, Real Unionen aurkako berdinketarekin debutatzeko. Bere lehen garaipena bi jardunaldi geroago iritsiko zen: 3-0 liderraren aurka, Sporting B.

Lehen taldea taularen erdialdean eroso kokatuta (azken-aurreko jardunaldian matematikoki salbatuta zen, Ligaren 14. postuan bukatzeko), taldearen jarduera-gune nagusia bulegoetan izan zen. 2018ko martxoaren 30ean amaitu zen SDAko lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea. Epe hori igarota, 90eko hamarkadaren bigarren erdian lehen talde urdineko jokalari ohia zen Jon Larrea abokatu zornotzarra izan zen hautagaitza ofizialdu zuen “plantxa” bakarra. Uztailaren 1ean izendatu zuten ofizialki presidente, baina SDAk egoera ekonomiko larria bizi zuenez, Larrea eta bere Zuzendaritza Batzordea aste batzuk lehenago inplikatu ziren klubaren kudeaketan. Xabi Sánchezek emandako zerbitzu bikainak eskertu ondoren, SDAk ekainaren 1ean Iñigo Vélez de Mendizabal aurkeztu zuen 2018-2019ko denboraldirako lehen taldeko teknikari.

2018ko uztailaren 19an, Karmengo jaietan, Amorebieta-Athletic partida oso berezia jokatu zen Urritxen: klubak etapa berria hasten zuen, “Toto” Berizzok debutatu zuen zuri-gorrien aulkian eta zornotzarren zelaian estatuan VAR  teknologiaz baliatutako lehen partida jokatu zen, nahiz eta behar izan ez, jokaldi polemikorik egon ez zelako. Eneko Atxa sukaldari zornotzar ospetsuak ohorezko sakea egin zuen, eta Jose Angel Iribar handiak egun hartako pasadizoaren protagonista izan zen, bere zozketako txartela itzuli zuenean: nahiz eta zenbaki sariduna izan, “Txopo”-k nahiago izan zuen saria  zale “xume” batentzat izatea. Athletic Clubek 0-3 irabazi zuen, Unai Lopezen, Peru Nolaskoainen eta Oihan Sanceten golei esker. SDAk Bigarren B Mailan zortzigarren denboraldiari aurre egin behar zion 15 jokalari berrirekin, baina hori ez zen zailtasunik handiena. Ezta gutxiago ere. Bere egoera ekonomikoa kezkagarria zen benetan larriena.
Jakina zen klubak aurreko kanpainako nominak ordaindu barik zituela eta zorra 33.000 euro ingurukoa zela… baina zorra ez zen kopuru horretara mugatzen. 2018ko uztailaren 9an, Zuzendaritza Batzorde berriak jakinarazi zuen ekainean lehen taldea Hirugarrenera jaisteko zorian egon zela, nominetako zorra ez ordaintzeagatik. Benetako zorra hasieran zenbatutakoa baino askoz handiagoa zen. Bakarrik lehen taldeko jokalariei zor zitzaizkien hiru hileko soldata eta primak; beraz, 85.000 euro inguru; oinarri-futboleko entrenatzaileei aurreko denboraldiko soldata zor zitzaien; lehen taldeko entrenatzaile ohi batzuek ere erreklamazio ekonomikoak zituzten; eta, are larriagoa zena, 12 jokalarik ere salaketa egin zuten federazioko agintarien aurrean. Ekainaren 30a taldearen etorkizunerako muga-data izan zen. Egoeraren benetako larritasuna ezagutu bezain laster, Larreako Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen maiatza inguruan klubaren kudeaketa bere gain hartzea, nahiz eta bere agintaldia uztailaren 1era arte hasi ez, muturreko egoera hari aurre egin ahal izateko. “Salbatu egin gara SDA maite duten hainbat pertsonak, premiazko ordainketei aurre egiteko, dirua utzi digutelako eta, Asier Goiriaren lan onari esker, hainbat jokalari konbentzitu dituelako, jarritako salaketa kentzeko”, adierazi zien Larreak hedabideei. 2018ko ekainaren 20an, bere agintaldia hasi baino hamar egun lehenago, Batzarrak hamar egun izan zituen 39.000 euroak biltzeko eta, horrela, futbolarien salaketak taldea Hirugarren Mailara bidali ahal izatea saihesteko. Azken unean lortu egin zen. Baina ezusteko ekonomiko desatseginak ez ziren horretan gelditu. Abenduan, Gizarte Segurantzak 206.000 euroko isuna ezarri zion SDAri, 16-17 eta 17-18 denboraldietan hainbat futbolariren kuotak ez ordaintzeagatik. Horren aurrean, klubak hartzekodunen aurrekonkurtsoa eskatu behar izan zuen,  aurrera begira bideragarria izateko, zorra berriro negoziatzea eta zuzendari berria, legezko erantzukizunei begira, blindatzea ahalbideratzen zuelako. 2018ko uztailaren 1eko kontuen auditoretzak erakutsi zuen Zuzendaritza Batzordeak 417.000 euroko pasiboa eta 55.000 euroko aktiboa heredatu zituela, eta beraz, 361.000 eurotik gorako zor garbia. Abuztuan, SDAren Ohiko Batzarrak 18-19 denboraldirako 604.000 euroko aurrekontua onartu zuen. “Ez dut uste aurten Hirugarren Mailara jaitsiko garenik, baina ez nago erabat ziur: dakidana da ekainaren 20an Amorebieta Hirugarren Mailan egon dela eta desagertzetik pauso bakar batera”, adierazi zuen Jon Larreak.
Egoera ekonomiko larriak eraginda, lehen taldeak ez zuen Ligan hasiera ona izan, eta hiru porrot jarraian jaso zituen. Lehen garaipena Torrelavegan heldu zen, baina, azken sailkatua izanda Tabirari egindako bisitak inflexio puntu bat markatu zuen. Velez de Mendizabalek bosteko defentsa ezarri zuen Durangon, urdinek Culturalari irabazi zioten (0-2) eta liga bukatzeko 7 partida falta zirela, jaitsieratik 10 puntura eraman zituen goranzko joerari eutsi zioten gogor. Carlos Tartieren irabazi edo Sardineron berdindu ondoren, SDAk salbazioa lortu zuen amaierarako hiru jardunaldiren faltan, eta dena talde durangarra jipoitu ondoren. Denboraldia zortzigarren postuan amaitu zuen, igoerako play-offetik gertuago jaitsieratik baino, eta gainera, Koparako sailkatu zen. Velez de Mendizabalek beste urte baterako berritu zuen.
2019-2020 denboraldian urdinek bulegoetan zuloak estaltzeari ekin zioten bitartean, belar gainean balio handiko jokalariekin indarberritu ziren: Saizar, Aimar Sagastibeltza, Jaso, Aldalur, Amorrortu… Hasiera ez zen guztiz ona izan, baina, Plantion irabazi ondoren, taldeak Guijuelon eta Leioan ere garaipenak lortu zituenez, play-off postuetatik hurbil zegoen. Nahigabea Kopan heldu zen, Urritxen Badajozen aurka kanporatua izan zenean, baina nahigabea laster gaindituko zuen: Salamancan eta Irunen garaipenak, baita Bilbao Athleticen aurkako derbian ere; horrela, urdinak seigarren postuan sailkatu ziren. Taldea primeran zihoan, igotzeko “play-off”-a helburu lorgarria zen… baina orduan, 2021eko martxoan, bizi izan zuen orok inoiz ahaztuko ez duen gertaera gertatu zen: Covid-19aren pandemia. Liga gelditu egin zen, helburua baitzen Euskadiko eta mundu osoko kutsatzeen eta heriotzen kopuru amaigabea nola edo hala geldiaraztea. Birusaren aurkako borroka ez zen egun batzuen kontua izan, hilabete batzuen kontua baizik, eta lehiaketa behin betiko baliogabetu zen. Taldeak seigarren amaitu zuen goranzko joera zuenean, baina tragediaren handitasunaren aurrean gutxienekoa izan zen hori. Kluba aldi baterako lan-erregulazioan deklaratu zen, herriko hainbat enpresa bezala. Egoera dramatiko hartan, baina, poz handia hasi zen itxuratzen… inork oraindik ezer ez bazekien ere.
SDAk Bigarren B Mailan jarraian jokatu zuen hamargarren denboraldia ez zen beste bat izan, ez pandemiaren ondorioz hasieran egon zen ziurgabetasunagatik, ezta bukaerako amaiera harrigarriagatik ere. Urdinek abuztuaren 24an hasi zuten denboraldiaurrea eta urriaren 18an lehiaketa. Bigarren B Mailak 20-21 denboraldi horretan erabateko berregituraketa jasan izan zuen bi faktoreren ondorioz: egutegiaren estualdia eta hurrengo denboraldirako Bigarren B Pro sortu izana (gerora Lehen RFEF izango zena). Gauzak horrela, kategoriako 102 taldeak 5 multzotan banatu ziren, eta multzo horiek bi azpimultzotan. Zornotzarrak Arenas, Bilbao Athletic, Barakaldo, Portugalete, Alaves B, Real Sociedad B, Real Union, Leioa, Laredo eta Racing de Santanderrekin lehiatu behar ziren. Azpimultzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek ligaxka bat jokatu behar zuten. Ligaxka horretako lehen hiru sailkatuak Bigarren B Pro Mailara zuzenean igotzeaz gain, Bigarren A Mailara edo LaLiga SmartBankera igotzeko play-offa ere jokatuko zuten.
Velez de Mendizabalek bere hirugarren denboraldia zuen Zornotzan 20 jokalariren plantillarekin, guztiak Euskadin jaioak. Urriaren 17an, larunbata, 16:30ean, lehiaketaren ia zazpi hilabeteko geldialdiaren ondoren, baloia berriro zen biraka Urritxen, neurri zorrotzekin jokatu zen Amorebieta-Laredo partidan: edukiera mugatua, maskara derrigorrezkoa eta talde bisitariaren zaleturik gabe. Minutu bateko isilunea egin zen, aurreko batean hil zen Maria Eugenia Etxebarria SDAko presidente ohiaren oroimenez. Urdinek garaipena eskaini egin zioten, Obieta hasiberriaren eta Aimar Sagastibeltzaren goli esker, azken hori 94. minutuan, azkenean 2-1 irabazteko. Barakaldo, Real Sociedad B eta Real Union izan ziren hurrengo taldeak Urritxe bisitatzen eta bertan galtzen.  Urdinak lider ziren zazpigarren jardunaldian. Kopan, Mikel Alvarok sartutako gol bati esker, SDAk Logroñes, Bigarren A Mailako taldea, kanporatu ahal izan zuen Urritxen, baina kopako abenturak beste partida bat baino ez zuen iraungo; izan ere, Velez de Mendizabalen taldeak aukera ugari izan arren, Sporting de Gijón talde historikoaren aurka galdu egin zuen (0-1).
Urdinek Ligako hiru garaipen lortu zituzten: 0-1 Sardineron, 1-3 Laredon eta 2-1 Urritxen Portugaleten kontra. Baina Barakaldoren aurkako partida atzeratu izanak eta Bilbao Athleticen eta Reala Bren aurkako porrotek liga amaitzeko bost jardunaldira igoera postuetatik atera zituen. Hala ere, orduan iritsi zen euren esprint handia: Barakaldon atzeratutako partida irabazi, Urritxen Leioa garaitu eta Arenasi etxetik kanpo irabazi zioten. Atseden hartzea tokatzen zitzaien arren, eta beraz, jokatu ere egin ez zuten arren, Velez de Mendizabalen taldeak igoera ligaxkarako pasea lortu zuen azken-aurreko jardunaldian, Racingek, bere aurkari nagusiak, Arenasen aurka Sardineron berdinketa baino lortu ez zuenean. Zornotzako kaleetan ez zen festarik egon, pandemiaren murrizketek indarrean jarraitzen zutelako, baina arrakasta ikaragarria izan zen.
Hurrengo urratsa igoerako ligaxka izan zen, urdinak Bilbao Athletic, Real B, Tudelano, Logroñes eta Calahorrarekin lehiatu behar ziren. Liga erregularrean azpitalde bereko taldeekin lortutako emaitzak kontuan hartzen ziren eta lortutako puntuen koefizientea aplikatzen zen; horren arabera, urdinek sei taldeen arteko bosgarren sailkatua izan zen ligaxka hasi zenean, baina Tudelanoren aurka lortutako garaipenak (3-0) eta Logroñes eta Calahorraren aurka lortutako golik gabeko berdinketek lehenengo itzuliaren amaierako hirugarren jartzea ahalbidetu zieten, eta, beraz, igoerako postuetan. Tuteran lortutako garaipen erabakigarriak (1-2), partidako azken txanpako 5 minutu eskasetan Iker Seguinen bi golei esker, igoera eskura jarri zien. Hori, baina, Urritxen iritsi egingo zen, Logroñesen aurkako garaipen sendo baten ondoren (3-1), lehen zati ahaztezin bateko Álvaro, Unzueta eta Aldalurren golei esker. Jardunaldi baten faltan, SDA jada Bigarren B Pro (gero Lehen RFEF) kategorian zen, eta, gainera, Bigarren A Mailara igotzeko partida bakarrerako bi kanporaketan lehiatuko ziren 16 taldeen artean zegoen: kanporaketak gainditzen zituzten lau taldeak Zilarrezko Mailara igoko ziren.
Play-offetako partida guztiak Extremaduran jokatu ziren. Lehenengo txandarako, bonboak SDA eta Linares lotu zituen. Partida maiatzaren 15ean jokatu zen, 22:00etan, Badajozeko Nuevo Vivero zelaian. Berdinketak Linaresi ematen zion pasea, igotzeko ligaxkan puntu gehien berak lortu zituelako. Velez de Mendizabalen taldeak partida oso kontrolatua egin zuen.  Urdinak, Mikel Alvarori esker, lehen zatian aurreratu ziren eta, bigarren zatian, Fran Larak berdinketa lortu ondoren, hamar minutu eskas behar izan zituzten berriro aurreratzeko: urdinak erasora iraulita, Orozkok andaluziarren area txikian baloi solte bat baliatu zuen 1-2koa egiteko eta, aldi berean, Amorebieta-Etxanon ilusiorik gorenaren egoera deklaratzeko.
Orduan 8 talde baino ez zeuden igoera lortzeko moduan: Amorebieta, Athletic B, Real B, Burgos, UCAM, Eivissa, Algeciras… eta inork nahi ez zuen aurkaria, ahalguztidun Badajoz, aurrekontu handiena zuena eta, gainera, denboraldiko partida erabakigarriena bere zelaian, Nuevo Viveron, eta bere zaleen aurrean jokatu behar zuena. Eta norekin parekatu zuen Amorebieta zozketak? Bada, Badajozekin! Covid-19aren murrizketak gorabehera, ia hirurehun zale urdin bildu ziren maiatzaren 22an, larunbata, Vivero Berrian, Badajozen aurkako lehian, partida aurreko orduetan Badajozen zale euforikoek segurutzat jotzen zuten igoera ospatzen ari zirela. Badajozeko zale asko ez ziren kapaz ezta beraien taldearekin lehiatu behar zen taldearen izena esateko ere. Bere estadioan eta 7.000 ikusleren aurrean (orduko gehienezko edukiera), 6.700 bertakoak, jokatzea nahikoa ez bazen, Badajozek nahikoa zuen berdinketarekin Zilarrezko Mailara igotzeko. Baina, dena eginda zegoela uste bazuen ere… gau hartan Extremaduran gertatu zena historia izan zen eta izena du: “El Viverazo”.
Saizar; Aldalur, Aimar, Arregi, Irazabal, Seguín; Mikel Álvaro, Larruzea, Iker Bilbao; Orozko eta Unzueta.  5-3-2  hori izan zen Iñigo Velez de Mendizabalek SDAren historia hurbileko partidurik gogoratuenerako erabaki zuena. Hala ere, Garrok, Obietak, Ekaitzek eta Leizak ere jokatuko zuten gau hartan. Nahiz eta garaipena behar, urdinak ez ziren garaipena lortzeko ero moduan aritu, partida modu zentzudunean planteatu zuten, presio guztia etxeko taldearentzat zela jakinda. Presio hori jasangaitza egin zen 21. minutuan Iker Bilbaok etxekoen atezainak aldendutako baloi bat area txikian harrapatu eta sare barrura bidali zuenean. Amorebietak bazuen behar zuen gola. Orduan abantaila horri eustea zen urdinek egin behar zuten guztia… eta baita egin ere. Velez de Mendizabalen mutilek ondo kontrolatu zituzten Badajozen erasoak eta bakar-bakarrik azken minutuetan, azken aukera balitz bezala, etsi-etsian eta baloiak eskegita, asko sakatu zuten eta partida berdintzeko aukera asko sortu zituzten. Horietan argiena, area txikiaren ertzetik egindako buru-kolpea, Saizarrek urruntze miresgarri batean eta esku salbatzaile batekin eragotzi zuena. Epaileak amaigabea zirudien luzapenean amaierako txistua jo zuenean, euforia urdina zabaldu zen zelaian eta Nuevo Viveroko harmailetan, baita Amorebieta-Etxanon ere. SDAren 96 urteko historian lehen aldiz zen Estatuko futboleko Bigarren Mailan, euskal talde batek inoiz eginda zuen balentria pentsaezin eta epikoenetako bat egin ondoren… eta ehunean ehuneko plantilla euskaldunarekin! Hurrengo egunean, maiatzaren 23an, igandea, ehundaka lagun bildu ziren Amorebieta-Etxanoko kaleetan futbolariak noiz iritsiko zain, Badajozetik itzultzeko bideari errepidez ekin baitzioten. Pandemia bete-betean zegoenez, ezin izan zen ekitaldi ofizialik antolatu, baina dozenaka jarraitzaile igo ziren Urritxeko zelaira, festa hunkigarria baina, aldi berean, segurua inprobisatzera. Covid-19ak gure bizitzan jarraitzen bazuen ere, historia egina zen.
Ez zen batere erraza izan familia edota lagun kluba izatetik %100ean profesionalizatutako erakundea izatera igarotzea. Zaragoza, Sporting, Oviedo, Malaga, Tenerife, Las Palmas, Girona edo Valladoliden tailla historikoko taldeak zeuden Bigarren A Mailan hasi orduko, herriko eta gizarte-masaren euforia logikoa zen, baina erabateko egitura amateurra zuen garai hartako kluba gainditzen zuten hainbat tramite, eskakizun, izapide eta baldintzen labirintoari Jon Larrearen Batzarrak egin behar zion aurre. Telebista-eskubideek diru sarrera ikusgarria bermatzen zuten arren, euroak sartu ahala ateratzen ziren, baldintza guzti-guztiak bete behar zituztelako: futbol profesionaleko plaza eskuratzea, jokalari eta teknikarientzako soldata oso altuak, joan-etorriak, partidak antolatzea, estadioa egokitzea, etab. Era berean, Zuzendaritza Batzordeak abal bat jarri behar izan zuen, dirutan, merkataritzako eta sozietateko balizko erantzukizunetarako: zuzendarien, babesleen, mezenasen… poltsikoetatik milioi bat euro baino gehiago atera behar izan zuen. Ezarritako epearen barruko azken egunean iritsi zen azken taloia, SDAri joko-zelaian hain heroikoki irabazitakoa bulegoetan ziurtatzeko aukera ematen ziona: eskubide propioz LaLigako 42 kideetako bat izatea, munduko kirol-erakunde profesional esklusiboenetako bat izatea.
SDAko batzarrak Aitor Elizegi buru zuen Athletic Clubeko ateak jo zituen, eta ate horiek parez pare ireki zitzaizkion. Bi erakundeek adostu zuten zer erreforma eta zer hobekuntza egin Emakumezkoen Athletic eta Bilbao Athleticen ohiko zelaia zen Lezamako 2. zelaia, SDAko lehen taldearen eta bere zale leialen zelaia ere izan zedin. Gauzak horrela, ekainaren erdialderako jakin zen Amorebietak LaLiga SmartBanken debuta Lezamako erbestealdi atseginean egingo zuela. Uztailean, SDAren Batzarrak 6,4 milioi euroko aurrekontua onartu zuen; hau da, aurreko denboraldikoa zen 675.000 euroko aurrekontua baino hamar aldiz handiagoa zena (2020-21 aurreko denboraldian, nahiz eta igoera lortu, 244.000 euroko defizita izan zuen; batez ere, COVIDaren pandemiak klubaren diru-sarreren kapituluan izan zuen inpaktu ezkor izugarriaren ondorioz).
Zorabiatzeko moduko parametroetan mugitu arren, ez Jon Larrearen Zuzendaritza Batzordea, ez Ibon Olalde zuzendari nagusi berria, ez Asier Goiria kirol zuzendaria, ezta Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailea ere, ez ziren lehiaketa berriaren distirarekin itsutu. Horrela, lehen erabaki sakona futboleko irizpideei baino printzipioei lotutakoa izan zen: SDA euskal jokalariekin bakarrik iritsi bazen haraino, euskal jokalariekin bakarrik jarraituko zuen bere bidea egiten. Eta ikurrina kamisetan agertuko zen. Igoerako plantillaren batzuek jarraitzen bazuten ere, taldea indartzeko San Jose, Guruzeta, Oscar Gil, Luengo edo Olaetxea bezalako jokalari esperimentatuak fitxatu zituen, geroago Nolaskoain, Gaizka Larrazabal, Javi Ros… Urdinen debut historikoa LaLiga SmartBanken 2021eko abuztuaren 14an, larunbat sargoritsuan, Montilivin, Lehen Mailatik jaitsi berria zen Gironaren feudoan izan zen.  Lehenengo hamaikako hartan Santamaria; Olaetxea, Luengo, Aitor Arregi, Irazabal, Ozkoidi; Mikel Álvaro, Larruzea, Álvaro Peña; Unzueta eta Guruzeta izan ziren;  Etxaburuk, San Josek, Oscar Gilek eta Orozkok ere jokatu arren. Urdinek lehen zati ona egin zuten eta euren atea golik gabe gorde zuten, baita Mikel Alvarok baloi bat zutoinaren kontra jo zuenean ere, baina bigarren zatian Gironak bere jokoa inposatu zuen eta Stuaniren eta Bustosen golek urdinen lehen porrota ekarri zuten (2-0). Emaitza bera lortuko zuen talde zornotzarrak Mirandesen aurka Anduvan jokatu zuen Ligako bigarren partidan. Ondorioz, bi jardunaldi jokatu ostean, urdinak azkenak ziren sailkapenean.
2021eko abuztuaren 29a, igandea, historiarentzat geldituko den beste data bat izan zen. Egun horretan, eguzki galdaratan, SDAk ligako talde indartsuenetakoa zen Almeriaren aurka lortu zuen bere lehen garaipena LaLiga SmartBanken. Eta hori partida ezin okerrago hasi zela: bisitarien gola hasi eta hiru minutura. Baina Iker Bilbaok, Badajozeko heroiak, handik gutxira berdinketa lortu zuen (urdinen lehen gola kategoria berrian), eta Obietak 2-1ekoa sartu zuen 86. minutuan, epaileak hasieran baliogabetutako zuena, baina VARek azkenean baliozkotu zuena (teknologia berriak denboraldi hartan urdinen alde egin zuen aukera bakanetako batean). Lezamako Piru Gainza Tribunan zoramena piztu zen. SDA kategorian estreinatu zen “handienetako” baten aurrean, eta azkeneko postuetatik ihes egiten zuen… epe luzerako izango ez bazen ere. Eivissan eta Burgosen berdinketak lortu ondoren, Leganeseko porrotak jaitsiera postuetara itzuli zituen Velez de Mendizabalen mutilak, eta liga iraun bitartean, ez ziren postu horietatik aldenduko.
Lezaman puntu mingarriak galdu zituzten Sportingen, Teneriferen eta Reala Bren aurka, eta etxetik kanpora ere ez ziren hobeto ibili. Beraz, hamaika jardunaldi itxaron behar izan zuten bigarren garaipena lortu arte: 4-1 Valladoliden aurka Lezaman, neguko ohiko arratsalde batean. Urdinek Alcorconen etxetik kanpoko lehen garaipena lortzeko zorian izan ziren, baina etxekoen hegaleko jaurtiketa baten ondoren, partida hegan egin zitzaien urdinei 94. minutuan. Lugoren aurkako porrotak ere min handia egin zien (1-3). Azkenean, 19. jardunaldian  iritsi zen etxetik kanpoko lehen garaipena. Rosaledan izan zen, 1-2 Malagari, Athletic Clubeko aurrealderako bidea Urritxen egin zuen Gorka Guruzetaren bi golei esker.
2021eko amaieran, talde urdinak begi bat zuen joko-zelaian eta beste bat bulegoetan; izan ere, garai hartan indarrean zegoen legediak SDA Kirol Sozietate Anonimo bihurtzera behartzen zuen, mailari eutsi eta hurrengo denboraldian Estatuko futboleko Bigarren Mailan jarraitu nahi bazuen, behintzat. Urte horren amaieran, EAJk Kirol Legeari egindako zuzenketa batek betebehar hori indargabetu egin zuen, eta, ondorioz, SDAk kluba izaten jarraitu ahal zuen, eta, beraz, bere bazkideen jabetzakoa.
Las Palmasen eta Ponferradinaren aurka berdindu ondoren, SDAk 20. postuan itxi zuen lehen itzulia, salbaziotik 4 puntura. Beraz, dena gerta zitekeen. Salbazioa urrundu egin zen, epailearen eta VARen erruz, Tenerefiren aurka kontrolatuta zuten partida berdindu ostean. Eta Molinonen ere VARek eragotzi zien urdinei 0-2 jartzea … azkenean Sportingen aurka 2-1 galtzeko. Gironaren aurkako garaipenak, SDAk ordubete baino gehiago bat gutxiago izanda, VARek aginduta Alvaro Peñaren kaleratze bidegabeagatik, salbazioa 4 puntura jarri zien urdinei. Ondoren, min handia egin zien Leganesen aurka etxean galtzeak (1-3), Valladoliden jipoia jasotzeak (5-1) eta Lezaman Malagaren aurka galtzeak (1-3), salbaziotik 7 puntura jarri zirelako,  aurretik 12 partida zituztela. Hala, martxoaren 8an, asteartea, Velez de Mendizabalen kargugabetzea iragarri zen. “Oso erabaki mingarria da, baina Zornotzako elkartearen zuzendaritza batzordea eta kirol zuzendaritza sinetsita gaude denboraldi hasierako LaLiga SmartBanken jarraitzeko helburua lortzeko komenigarria eta beharrezkoa dela”, zioen klubaren ohar ofizialak. Eta martxoaren 9an Haritz Mujika aurkeztu zuten teknikari berri gisa, SDAko jokalari ohia eta ordura arte Velez de Mendizabalen bigarren entrenatzailea izan zena.
Urdinen aulkian estreinatzeko, Mujikari kategoriako zelai zailenetako bat egokitu zitzaion: Ipurua. Eta bere debuta ezin garratzagoa izan zen, 8,7 segundora Bigarren Mailaren historiako golik azkarrena egin baitzuen Stoitchkovek Eibarrentzat, eta are okerragoa izan zena, arratsalde hartan markagailura igo zen gol bakarra izan zen. Ez zuen ezertarako balio izan urdinen partidu ederrak, ezta sortu zituzten aukera ugariek ere: esku-hutsik itzuli ziren Bizkaira. Beste kolpe gogor bat Romaredan hartu zuten, Amorebietak deskontu-denborara arte irabazita izan zuen partida, Zaragozak amaierako bozinaren gainean berdintzea lortu zuenean.
Mujikaren lehen garaipena, 3-1ekoa Eivissaren aurka, 34. jardunaldian iritsi zen. Bitxia bada ere, hori izan zen urdinek aldeko penaltia izan zuten lehenengo jardunaldia. Guruzetak jaurtiki eta sartu egin zuen. Hori izan zen zornotzarrek Lezaman (Eivissa, Mirandes, Fuenlabrada, Huesca eta Ponferradina) kateatu zituzten bost garaipenetako lehena, baina mailari eusteko aukera gehienak galdu egin zituzten etxeko bolada bikain horren erdian, Anoetan, goiz negargarri batean. Egun hartan, amaierarako sei jardunaldiren faltan, urdinek penalti bat huts egin zuten eta aurkariari jokaldi zentzugabean beste bat oparitu zioten, hiru baloi zutoinera bota zituzten eta abestutako dozena erdi gol huts egin zuten zuzeneko aurkari haren kontra, 2-1 galtzeko eta azken-aurreko jardunaldira salbaziotik 5 puntura gelditzeko. Denboraldiko 41. partidan, Mujikakoek Cartagena bisitatu zuten, jokoan ezer ez zuena. Talde bizkaitarrak garaipena behar zuen eta 5 puntura zeuden Malagak edo Sportingek galtzea, azken jardunaldira bizirik iristeko. Malagak galdu egin zuen, baina baita urdinek ere, eta jipoi ederra hartu zuten, gainera: 5-0. Denboraldiko azken partidan Ponferradinaren aurka lortutako garaipenari esker (bosgarrena jarraian etxean), urdinek 19. postuan amaitu zuten Ligan (jaitsiera postuetako onena), salbazioa lortu zuen Malagatik bi puntura. Amorebieta Kirol Elkarteak kategoria galdu egin zuen, baina duintasunez eta 41. jardunaldira arte jarraitzeko aukera guztiak galdu barik.

“Ez gara zoro pare ibiliko”. Horrela adierazi zuen Jon Larreak, SDAko presidente hautatu berriak, 2022-23 denboraldian, Amorebietaren bere lehenengo denboraldian Lehen RFEF ligan, beste hautagairik agertu ez zenean. Asier Goiriak jarraitu zuen bulegoan eta Haritz Mujikak urdinen aulkian; hala ere, aldaketak oso handiak izan ziren. Aurreko urteko jokalarietatik bik bakarrik jarraitu zuten: Unai Marinok eta Iker Seguinek. Xabi Etxeita eta Jonmi Magunagoitia zornotzarrak itzuli egin ziren eta munduko toki guztietako jokalariak fitxatu zituzten: australiarra, venezuelarra, ghanatarra… Dena den, etxekoak ziren erasoa indartu zuten lau jokalariak: Eneko Jauregi, Urko Izeta, Josu Dorrio eta Mikel Pradera. Onena Urritxeko zelaira itzultzea izan zen. Urdinek 4-2 irabazi zioten SD Logroñesi eta lider jarri ziren ligako bigarren jardunaldian. Baina, zazpi jardunaldiren ostean, berdinketa batek eta lau porrotek SDA sailkapeneko azken postura eraman zuten. Sasoi hartarako igoerarekin amets egitea pentsaezina zen, baina Batzordeak eta taldeak lasai jarraitu zuten lanean. Baliabideak zituzten, eta emaitzak iristen hasi ziren. 3-0 Bilbao Athletici, 1-0 Alcoyanori, 0-2 RCD Stadiumean Cornellari, 2-0 La Nuciari, 1-0 Intercityri… Bat-batean, Mujikaren mutilak bosgarren ziren 17. jardunaldian. Eta 21. jardunaldian, Real Unioni irabazi ondoren, igoerako promozio postuetan jarri ziren. Eta bigarren postura igo ziren, etxetik kanpo neguko merkatuko indargarria zen Julen Jon Guerreroren golari esker, Atletico Balearesi irabazi ondoren eta etxean Castelloni irabazita. Dena doa ezin hobeto 2023ko martxoaren 7an, La Nuciako zelaian jokatu baino ordu batzuk lehenago, tragediak zornotzar elkartearen ateak jo zituen arte. Taldeari laguntzeko joan zen zuzendaritza taldeko Aitor Larruzea hilik aurkitu zuten kontzentrazio-hoteleko logelan. Shocka izugarria izan zen bai klubaren baitan, baita Amorebieta-Etxano herrian ere. Partidua bertan behera geratu zen. Handik zazpi egunetara, Urritxek minutu bateko isilune hunkigarriarekin agurtu zuen Larruzea. Taldeak 2-0 irabazi zuen Cornellaren aurka eta, partidaren ostean, jokalari guztiek garaipena ospatu zuten Aitorren elastikoarekin.

Beheraldi txiki baten ondoren, aste zoragarri bat etorri zen. 31. jardunaldian, urdinek, Raycoren golari esker, Eldense liderra garaitu zuten etxean; aste barruan, Alacantera itzuli ziren La Nuciaren aurka atzeratutako partida jokatzeko eta hiru puntu lortu zituzten; eta asteburu horretan bertan aurkari zuzena zen Reala B ere garaitu zuten Zubietan. Hurrengo jardunaldian, 33.ean hain zuzen, Siboren golari esker, bizkaitarrek Logroñes mendean hartuta Lider jarri ziren. 5 partida geratzen ziren, bakoitza final bat zen… eta urdinak denak irabazten zihoazen. Praderaren buru-jaurtiketa batek beste garaipen bat eman zien zale urdinen etorrera masiboaren lekukoa zen Calahorran, eta Murtziak Urritxen galdu zuen, Praderaren eta Mierren golei esker. Sei garaipen kateatu ondoren, urdinak lider ziren, liga amaitzeko azken hiru jardunaldiak falta zirela.

Azken aurreko jardunaldian, SDAk Las Gaunas bisitatu zuen, UD Logroñesi irabazten bazion eta Eldensek Numantziaren etxean berdinketa lortzen bazuen, Bigarren Mailan izango zirela jakinda. Soriako partida golik gabe amaitu zenean, Amorebieta Logroñon irabazten zihoan, Ewanen golari esker. Bere ia 800 zaleak irabazleen aliroia abesten ari ziren… baina festa 92. minutuan bertan behera geratu zen, Julen Monrealek area kanpotik bolea bat harrapatu eta Magunagoitiak ezer egin ezin izan zuenean jaurtiketa gelditzeko. Ez zen ezer gertatzen, beste bi aukera geratzen ziren. Hurrengoa, Urritxen, jokoan ezer ez zuen Tarragonako Nastic taldearen aurka. Zornotzar feudoak igoera ospatu nahi zuten zaleez betetze historikoa jaso zuen. Jauregik lehen zatian sartutako gol batek zoramena eragin zuen harmailetan, baina Tarragonakoek berdinketa lortu zuten atsedenaldira iritsi aurretik. Bigarren zatian urdinen jazarpena bisitarien arean etengabea izan zen, baina ezin izan zuten Manu Garcia berriro gainditu. Berdinketak, Eldensek Bilbao Athleticen aurka lortutako garaipenarekin batera, igoera eragozten zion, baina gutxienez SDA azken jardunaldira 68 punturekin iristea ahalbidetzen zuen, Levanteko taldeak baino bi puntu gehiagorekin. Goal-averageari esker, azken norgehiagokan, Lezaman, Bilbao Athleticen aurka berdinketa nahikoa zen Mujikaren mutilentzat. Azken aukera zen, eta horrela ulertu zuen Amorebieta-Etxanoko herriak. Lezamara jende asko joan zen, eta ia 2.000 zale urdin izan ziren bertan. Maiatzaren 27ko larunbata egun historikoa izan zen SDArentzat. Hamaika aldiz gozatu arren, batez ere, bigarren denboran, Mujikaren mutilek ez zuten zuri-gorrien atean golik sartzea lortu, baina “gazte” zuri-gorriei oso aukera gutxi eman zieten. Epaileak partidaren amaiera jo zuenean 0-0 zen markagailuan, pozak eztanda egin zuen Lezaman eta Amorebieta-Etxanoko herrian, eta geroxeago herriko kaleetan eta udaletxeko balkoian harrera bikaina egingo zieten futbolariei. Badajozko igoera heroikotzat jo bazen, Lezamakoa apoteosikoa izan zen: bi urte eskasean Bigarren Mailara igo ziren bitan! Eta oraindik ginda falta zen. Lehen RFEFko bi multzoetako irabazleek, igoera poltsikoan zutela, partida bikoitzara jokatu behar zuten mailako txapeldun absolutua izatea, Txapeldunen Txapelduna. Aurreko hitzorduetako lehia-tentsiorik gabe, urdinek Racing Ferrol gainditu zuten Urritxen, eta Galiziara 3-0 emaitza eraman zuten, eta azken estutasunak gorabehera, A Malatan emaitza hori ona egiten jakin zuen, 2-0 galdu baitzuten. Horrela, ekainaren 10ean, larunbata, Iker Seguinek Lehen RFEFko Txapeldunen Kopa altxatu zuen, futbol profesionalaren elitean bere mendeurrenerantz zihoan klubaren historiako titulurik garrantzitsuena.

SDAk urte horretan LaLiga Hypermotion deitutako zilarrezko kategoriako bere bigarren denboraldiari egin zion aurre, 22 taldeen aurrekonturik apalenarekin eta Lezamako derrigorrezko “erbestean” berriro. Klubak ez zuen erokeriarik egin: igoerako taldeko zati handi bati eutsi zion, lerro guztiak indartu bazituen ere. Denboraldiaren hasiera itxaropentsua izan zen. Levanteren eta Albaceteren aurkako berdinketek lehenengo garaipena iragartzen zuten, eta Andorraren aurka heldu zen 3-0 sendoarekin. Cornellan eta Santanderren bi porrot jaso ondoren, Mirandesen aurka etxean lortutako garaipenari esker, urdinek hamargarren postuan, eroso, bukatu zuten seigarren jardunaldia. Zoritxarrez, ondoren, golik ezin sartu aritu ziren eta emaitza negatiboak bata bestearen atzetik kateatuz joan ziren. Mingarrienetako bat, hamargarren jardunaldiko Eibarren aurkako derbia izan zen; izan ere, Gipuzkoakoek luzapen denboran irabazi zuten eta urdinak lehen aldiz jaitsiera postuetan jarri ziren. 10. jardunaldia zen, oraindik 32 falta ziren… baina zornotzarrek ezin izango zuten Lehen RFEF Mailara itzultzeko postuetatik ihes egin. 7. eta 19. jardunaldien artean Mujikaren taldeak partida bakarra irabazi zuen (etxean, Teneriferen aurka). Hori dela eta, oso zale gutxi harritu ziren, Valladoliden aurkako porrotaren ondoren (2-1), azken aurreko postuan utzi ziena sailkapenean eta salbaziotik sei puntura 19. Jardunaldian, Zuzendaritza Batzordeak entrenatzaile pasaitarra kargutik kentzeko erabaki mingarria hartu zuenean. Bere ordezkoa Jandro Castro izan zen, Villarrealeko harrobitik zetorrena, eta etxean bi partida jokatu behar izan zituena taldean estreinatzeko, Zaragozaren eta Alcorconen aurka, eta partida bien artean puntu bakarra lortu zuten. Gauzak horrela, lehen itzulia amaitu zenean, urdinak azken aurrekoak ziren eta salbaziotik 8 puntura zeuden. 28. jardunaldian, garaipen bakarra lortu ondoren (Elcheren aurka), Amorebieta azken sailkatua zen eta salbazioa 10 puntura zuen. Askok taldeak zereginik ez zuela ziurtzat jotzen zutenean, Jandroren mutilek markagailuari eta sailkapenari buelta emateko moduko boladari ekin zioten, Romaredako (0-1, Jon Morcillo zornotzarraren zuzeneko falta bati esker lortuta), Andorrako, Levanteko eta Tenerifeko bezalako garaipenekin. Zazpi jardunaldiren faltan, bizkaitarrek puntu bakarrera zuten salbazioa. Salbazioak ez zuen mirakulurik behar, goranzko joerari eustea baino. Min egin zieten Valladoliden (0-3) eta Eibarren (5-0) aurkako porrotek, baina Jandroren mutilek ez zuten amore eman. Villarreal B mendean hartu eta garaipena lortu zuten Heliodoro Rodriguez Lopezen aurka, berriro, bi jardunaldi baino falta ez zirenean, salbazioa puntu bakarrera zuten. Azken aurreko partidan, zornotzarrek igoera jokoan zuen ahalguztidun Espanyolen aurka aritu ziren eta ezin izan zuten golik gabeko berdinketa gainditu. Gutxienez, hiru hilabete lehenago pentsaezina zena lortu zuten urdinek: Ligako azken jardunaldira bizirik heldu eta euren emaitzen menpe baino ez. Egutegiak azken jardunaldian SDAk Mirandesi bisita egitera behartzen zuen, salbaziorako azken postuan zegoen taldeari, puntu bakarreko aldea ateratzen zionari. Beraz, kontuak errazak ziren: Anduvan garaipena lortzen bazuen, Jandoren mutilek salbazioa lortuko zuten, beste zelai batzuetako emaitzak gorabehera. Hori bai, Burgosen beste edozein emaitzak bizkaitarrak Lehen RFEF Mailara bueltatuko zituen.

Asko eta asko izan ziren 2024ko ekainaren 2an Miranda de Ebrora joan ziren zornotzarrak. Eta, jokoan zegoen guztiaren jakitun, Burgoseko klubak ez zion SDAri talde bisitariei utzi ohi zien sarrera kopuru bera eman. 5.049 pertsonak bete zuten Anduva ekaineko arratsalde fresko hartan, talka dramatiko haren lekuko izateko. Jandrok partida taktiko bat planteatu zuen. Lehen denboran aguantatzea zen asmoa, bigarrenean urduritasuna nagusi zedin etxeko taldean eta, orduan, bai, eraso egiteko. Pena izan zen partidaren bila joatea ahalbidetzen zion aldaketa egin (Jauregi aurrelaria sartu zen Mier atzelariaren ordez) eta 5 minutu eskasera, jokalari urdin batek galdutako baloiari esker, Gabrik Magunagoitiari aurre egin eta, azken batean, partidako gol bakarra izango zena lortu zuen. Nahiz eta urdinak saiakera etsituan aritu eta, azken minutuetan, buru-belarri aritu, gainera; ez zuten zorterik izan. Miraria hatz puntekin laztantzera iritsita, bertan behera gelditu zen Mirandan. SDA 19. postuan geratu zen Zilarrezko Kategoriako bere bigarren denboraldian: jaisten ziren lau taldeen artean onena. Pena itzela.

24-25 denboraldian hasiera-hasieratik egon ziren aldaketa nabarmenak, denboraldiaren bigarren zatian klubak bere mendeurrena ere ospatuko zuen. Asier Goiriak, kirol arloan SDAk bizi zuen urrezko garaiko kirol zuzendaritzaren egile eztabaidaezinetako batek, Urritxe utzi eta Real Murtziara joan zen. Bere hutsunea Jabi Luacesek bete zuen, Amorebieta-Etxanon bizi zen busturiarrak, Bigarren B Mailako aulkian eskarmentu handia zuenak eta talde urdineko beheko mailetako buru izan zenak. Luacesek eta Jon Larrea presidenteak Athletic Clubeko eta euskal futboleko legenda bat, Julen Guerrero, aurkeztu zuten ekainaren 24an lehen taldeko entrenatzaile berri gisa. Ilusio handia SDAko zaleentzat, zoritxarrez, belar gainean islarik ez zuen izan. Urriaren amaieran, Tarazonan urdinak jipoitu zituztenean eta sailkapeneko azken postura jaitsi zirenean, 10 jardunalditan 19 gol jasota, Guerrero kargugabetu zuten. Guerreroren lekukoa, Lehen RFEF txapelketa amaitzeko sei jardunaldi falta zirela, taldea sailkapeneko azken postuetatik ateratzea lortuko ez zuen Natxo Gonzalezek hartu zuen; izan ere, urdinak ez ziren etxetik kanpora partidarik irabazteko gai.

Kirol arloko zailtasunek ez zuten eragotzi 2025eko urtarrilaren 4an, Amorebieta Kirol Elkarteak eratu zenetik 100 urte zehatz betetzen zituen egunean, klubak bere mendeurren ospakizunei hasiera ematea. Ekitaldi hunkigarri batekin hasi ziren ospakizunok, Herriko Plazatik Urritxeko zelairainoko kalejira. Bertan, Fidel Aranbarri lehen bazkideak eta Uxue Azkuenaga harrobiko jokalari gazteenak Tomas Ondarrak diseinatutako logoa zuen Mendeurreneko bandera igo zuten.

Kalejira, txistulariek girotuta, 12:00etan abiatu zen Herriko Plazatik. Segizio buru harrobiko jokalari batzuk zihoazen bandera oroigarria zeramatela. Ondoren, Jon Larrea SDAko presidentea, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Carlos Gómez Euskadiko Futbol Federazioko presidenteordea eta Udalbatzako alderdi politikoetako ordezkariak izan ziren. Behin Urritxen, eta Garazi Ibarretxe, Amaia Gallastegi, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz bertsolarien emanaldiaren ondoren, Jon Larrea lehendakariak hartu zuen hitza, eta 1925eko urtarrilaren 4 hartan, Antonio de Gorostiagaren lehendakaritzapean, SDAren barruan hainbat kirol sail jaio zirela gogoratu zuen; hala nola, alpinismoa, txirrindularitza, atletismoa, pilota, ehiza, arrantza eta baita nautika ere. “Gaur egun, Amorebieta-Etxanoko herriak erakunde ahizpak ditu, espiritu altruista eta bokaziozko berarekin, kirol diziplina horiek zaintzen dituztenak eta praktikatzea sustatzen dituztenak. Horiei guztiei kirola eta bere baloreak sustatzeko egindako lana aitortu nahi diegu gaur, eta gure mendeurrenarekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu”, azpimarratu zuen Larreak. SDAko presidenteak, halaber, hamar hamarkada haietan beren aletxoa eman zuten pertsona guztien lana eta konpromisoa nabarmendu zituen. Josu Gonzalez musikari zornotzarrak klubaren ereserkia jo zuen saxoan, emozioz beteriko goiz batean sentimendurik handieneko une bat sortuz. Ekitaldiari amaiera eman zion ohorezko aurreskuari Luis Birizuela eta Josean Barreiro gehitu zitzaizkion, SDAko bizirik zeuden hiru presidente ohietatik bi.

Larreak mendeurreneko ekitaldi, ekintza eta ospakizunen berri eman zuen. Herrikoiak izango ziren, klubaren eta herriaren arteko lotura bultzatzeko. Mendeurreneko ekitaldi nabarmenetako batzuk lehen taldeak Athletic Clubaren aurka denboraldiaurrean jokatuko zuen partida edo abenduan Zornotza Aretoan estreinatuko zen dokumental baten grabazioa izango ziren. “Niretzat ohore handia da edozein unetan Amorebieta Kirol Elkarteko buru izatea, baina are gehiago 2025eko urtarrilaren 4an, gure klubak bere lehen mendea betetzen duen honetan”, adierazi zuen Larreak. “Mendeurrena antolatzea erronka handia izan da zuzentzen dudan Zuzendaritza Batzordearentzat. Erronka eta erantzukizuna, klubaren historiak bere neurriko ospakizun bat antolatzera behartzen gaituelako. Baina “ospakizuna” ez da “luxuaren” sinonimoa: klubaren egoera ekonomikoak ez du horrelakorik aholkatzen, ezta bultzatzen gaituen espirituak ere. “Ospakizunak” errima hobea egiten du “biztanleriarekin”, “zaletasunarekin”, “emozioarekin”. Horregatik, mendeurrena egituratuko duten ekitaldiei izaera herrikoi, amateur eta hunkigarria ematera animatu gara”, jarraitu zuen lehendakariak. Amaitu aurretik, Larreak eskerrak eman nahi izan zizkien “mendeurrenarekin bat egin zuten erakunde eta enpresei: BBK Fundazioa, Sidenor, Lointek eta Vasco. Baita Amorebieta-Etxanoko Udalari ere, jaien antolaketan parte hartzeagatik eta laguntzeagatik”. Eta nola ez, lehendakariak “SDAko gizarte-masa osoa eta Amorebieta-Etxanoko herri osoa gonbidatu zituen ekitaldietan parte hartzera”.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak ere hitza hartu zuen. “Urdinak Amorebieta-Etxanon errotuta daudela eztabaidaezina da, eta 100 urte hauetan asko lagundu dute zornotzarrek dugun herri-harrotasun horretan. SDAk eta jokalariek, entrenatzaileek, zuzendariek eta urdinen masa sozialak zornotzar sentimendua indartzen lagundu dute. “Zornotzarra naz eta harro nago” esaldi bat baino zerbait gehiago da. Identitatea, pertenentzia eta, jakina, harrotasuna ere bada. Zorionak eta 2025a gogoratzeko moduko urtea izan dadila”, nabarmendu zuen Salterainek.