SD Amorebieta 3-1 UD Ibiza: Sinesten jarraitzeko garaipena
Urdinek 3-1 irabazi diote Union Deportiva Ibizari gaur arratsaldean Lezaman jokatu den SmartBank Ligako 34. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren taldeak, hiru partida galdu gabe kateatu dituenak, merezitako garaipena lortu du hasieratik aukera ugari sortu dituen neurketa batean. Golek bigarren zatira arte itxaron dute, baina merezi izan du.
Zornotzarrak oso indartsu atera dira, golaren bila lehen unetik. 3. minutua bete baino lehen, Guruzetak lan egitera behartu du German 1-0ekoa saihesteko. Jokaldi berean, Obik penaltia eskatu du, baina epaileak ez du ezer adierazi. 7an, Guruk berriz probatu du atezaina, oraingoan falta jaurtiketa batekin. Partida hasi eta ordu laurdenera, Olaetxeak aurkariaren zelaian egindako lapurreta on bat aprobetxatuz, Obi izan da goletik gertu egon dena, baina Germanen eskularruek 0-0ekoari eutsi diote. Mujikaren mutilek gogotsu jarraitu dute eta, ordu erdia bete aurretik, Obiren errematea zutoinean jo du Larraren erdiraketa baten ondoren. Handik gutxira, Guruzetak pasilloa aurkitu du Balearretako taldearen aterako bidean, baina epaileak bere ilusioak eta zornotzar zale adoretsuenak zapuztu ditu, aurrelariaren falta bat adierazi baitu. Gidoia ez da aldatu lehen zatiaren azken txanpan. Obiren zartakoa zutoinetik gertu atera da 41ean, SDAren beste aukera on batean.
Urdinen nagusitasuna ez da markagailuan islatu lehen zatian, baina bai bigarrena hasi eta berehala, San Josek baloia sareratu duenean buruz egindako erremate batekin Seguinen erdiraketa aprobetxatuz. Dena den, abantailak bi minutu baino ez du iraun, berdegunera sartu berria zen Ekainek, SDAko jokalari ohiak, 1-1ekoa sinatu baitu 50ean. Hala ere, Mujikaren mutilek bikain erreakzionatu dute. 64an, Fran Grimak Irazabalen erremate ederra eskuarekin gelditu du eta epaileak txartel gorria atera dio eta penaltia adierazi du. Aurrenekoa zornotzarren alde denboraldi honetan. Guruzetak ez du barkatu 11 metroetik. 2-1ekoa sartu eta bost minutura 3-1ekoa iritsi da: Obik, buruz, aurkarien akatsa aprobetxatu du errenta handitzeko. Hortik aurrera, urdinek norgehiagoka kontrolpean izaten jakin dute, sinesten jarraitzeko eta salbazioa lortzeko borrokan indartzeko aukera ematen dien garaipena lortzeko.
SD AMOREBIETA: Santamaría, Larra (79’ Aldalur), Luengo, Markel Lozano, Irazabal, Seguín, San José, Iker Bilbao (79’ Álvaro Peña), Olaetxea (68’ Javi Ros), Obi (90’ Unzueta) eta Guruzeta (79’ Moreno).
UD IBIZA: Germán, Fran Grima, Gálvez, Rubén, Escobar, Diop, Javi Pérez (46’ Molina), Herrera (80’ Davo), Álvaro (46’ Raúl Sánchez), Guerrero (70’ Appin) eta Castel (46’ Ekain).
Golak: 1-0: Min. 48; San José. 1-1: Min. 50; Ekain. 2-1: Min. 65; Guruzeta, penaltiz. 3-1: Min.70; Obi.
Epailea: Hernández Maeso (Extremadura). Txartel gorria atera dio UD Ibizako Fran Grimari 64. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Morenori SDAren aldetik; eta Escobar eta Rubén bisitariei.