SD Amorebieta

Urdinek beste urrats garrantzitsu bat eman dute igotzeko borrokan, Real Murcia 2-1 mendean hartuta. Haritz Mujikaren mutilek, beteta egon den Urritxeren babesarekin, lehen postuan jarraitzen dute eta euren abantaila handitu dute sailkapenean, talde osoaren ahalegin handiari esker seigarren garaipena jarraian lortu ostean. Golek bigarren zatira arte itxaron dute. Praderak eta Jorge Mierrek aurretik jarri dituzte zornotzarrak, baina Dani Vegaren golak emozioa itzuli du amaierara arte.

Gureak gogotsu atera dira, aurkariaren area inguratuz eta hainbat abisu emanez. Hala ere, norgehiagokako lehen abagune aipagarria bisitaria izan da: Pedro Leonen jaurtiketak zutoinaren kontra jo du 16. minutuan. 24. minutuan Magunagoitia izan da 0-1ekoa eragotzi duena geldiketa on batekin. Urdinak min egiten saiatzen ziren areara baloi ugari bidaliz, baina ez zuten aukera argirik sortzen. Hala ere, 1-0ekoa iristear izan da lehen zatiko azken jokaldian, Raycoren falta jaurtiketa langara joan denean.

Aldagelatik igarotzeak on egin die urdinei. Bigarren zatia hasi eta berehala, Praderak markagailua estreinatu du geldikako jokaldi batean. Toni Herrerok erdiraketa bikaina jarri du, eta 9a toki zehatzean agertu da 1-0ekoa sinatzeko. 50.ean, Raycok berriro egin du topo langarekin, oraingoan bolea indartsu baten ostean. 61.ean Jorge Mierrek eromena piztu du Urritxen: eskuinkada bortitz bat atera du bere etxetik 2-0ekoa egiteko.

Urdinak ondo zueden, baina Murciak aldea murriztu du 66.ean Dani Vegaren bitartez. Jokoa berriro berdindu da. Bisitariak golaren bila joan dira, baina gureek titanak bezala defendatu dute. Jauregik 3-1ekoa izan du 77.ean Bujanen pase on baten ostean, baina jaurtiketa kanpora joan da. Julen Jonek ere gertu izan du gola, baina oraingoan ere kanpora joan da pilota. Azken txanpan, murtziarrek lerroak aurreratu dituzte eta urdinak defentsa lanetan buru-belarri aritzera behartu dituzte garaipen berri bat lortzeko.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Juan Rodríguez, Toni Herrero, Sibo, Edwards (89’ Albisua), Dorrio (81’ Julen Jon), Rayco (70’ Iturraspe), Jauregi (81’ Ewan) eta Pradera (70’ Buján).

REAL MURCIA: Serna, Alberto López, Alberto González, Ganet (74’ Alfon), Toril (88’ Carrasco), Pedro León, Julio Gracia (74’ Armando), Arnau Ortiz (74’ Aguza), Iñigo Piña, Javi Rueda eta Ale Galindo (58’ Dani Vega).

Golak: 1-0: Min. 47; Pradera. 2-0: Min. 61; Jorge Mier. 2-1: Min. 66; Dani Vega

Epailea: Serna Espinosa.  Txartel horiak atera dizkie SDAko Jauregi eta Raycori; eta Real Murciako Julio Gracia, Iñigo Piña eta Javi Rueda jokalariei.

Partekatu