SD Amorebieta

Urdinek gorantz egiten jarraitzen dute. Oraindik ez dute bigarren itzulian porrota ezagutu eta gaur beste garaipen bat sinatu dute, hirugarrena jarraian, Urritxen Castellonen aurka jokatutako norgehiagokan. Haritz Mujikaren mutilak serio, indartsu eta eraginkor agertu dira. Gureen bi golan lehen zatian iritsi dira, Julen Jonek eta Dorriok sinatuta. Aurkariak aldea murriztu du 90. minutuan, baina 3 puntuak etxean geratu dira.

Lehen abisua Oscar Gilek eman du, pasa den denboraldian SDAko koloreak defendatu zituen jokalariak. Burukada kanpora joan zaio. Zornotzarren erantzuna itzela izan da. Alfonso atezainak estu eta larri atera du Raycoren jaurtiketa, baina hor agertu da Julen Jon aldaratzea jaso eta 1-0ekoa sartzeko 13. minutuan. Jokoak berdinduta jarraitu du, aukera nabarmenik gabe, ordu erdira iritsi baino pixka bat lehenago 2-0ekoa iritsi den arte. Oraingoan Dorrio izan da atezainaren aldaratzea harrapatu eta jaurtiketa indartsu batekin gola egin duena. Aldea murrizten saiatu da Fabricio, baina baloia kanpora joan da. Raycok urrutitik probatu du atsedena baino lehen, baina bere ausardiak ez du saririk lortu.

Bigarren zatiaren hasieran, Julen Jon atea ikusteko zorian egon da berriro, Alfonso hegan egitera behartu duen urrutiko tiro batekin. Castellon indartsu atera da aldagelatik, baina gureek, sendo, bisitarien kemena geldiarazi dute. Magunagoitiari bere erreflexuak erakustea egokitu zaio 67.ean, 2-1ekoa geldiketa on batekin saihestu duenean. Mujikaren mutilek egoera kontrolpean izan dute amaierara arte, baina Raul Sanchezek 89. minutuan sartutako golak tentsioa gehitu dio azken txanpari. Zorionez, oraingoan garaipenak ez du ihes egin.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Antxon, Toni Herrero, Sibo (84’ Ewan), Yriarte, Dorrio (89′ Buján), Rayco, Julen Jon (76’ Iturraspe) eta Jauregi (84’ Albisua).

CD CASTELLÓN: Alfonso, Granero (31’ Yac), Kochorashvili (90′ Cubillas), Antón, Suero, Koné (84’ De León), Fabricio, Óscar Gil, Manu Sánchez, Raúl Sánchez eta Calavera.

Golak: 1-0: Min. 13; Julen Jon. 2-0: Min. 28; Dorrio. 2-1: Min. 89; Raúl Sánchez.

Epailea: Pardeiro Puente. Txartel horiak atera dizkie Sibo eta Iturraspe SDAn; eta Calavera eta Antón bisitariei. 

Partekatu