SD Amorebieta

Urdinen porrota Lezaman, azaroaren erdialdetik gertatzen ez zena, Club Deportivo Lugoren aurka galdu zutenetik. Oraingoan Club Deportivo Leganesek lortu ditu hiru puntuak Sociedad Deportiva Amorebietari egindako bisitan, gaur gauean jokatu den LaLiga SmartBankeko 28. jardunaldiko partidan. Geldikako jokaldietan jasotako bi golek lehia maldan gora jarri diete zornotzarrei. Azken txanpan desabantaila murriztea lortu dute Obiren bitartez, baina Barcenasek madrildarren garaipena lotu du luzapenean.

Neurketa dominatzaile argirik gabe abiatu da. Etxekoek joko bertikal eta elektriko batekin egin nahi zuten min; madrildarrek, berriz, jabetza luzeen bitartez. Hala ere, ez batak ez besteak ez dute arrisku nabarmenik sortu lehen 20 minutuetan. Amorebieta izan da lehen abisua eman duena, Morenok Riesgoren atea zulatu duenean Guruzetaren heriotzaren pasea aprobetxatuz, baina gola ez da markagailura igo jokaldiaren hasieran azken hau jokoz kanpo zegoelako. Recio bisitariak kanpora joan den area ertzetik egindako jaurtiketa batekin erantzun du, eta Iker Bilbaok gauza bera egin du zelaiaren beste aldean, Riesgoren eskuetara. Leganeseko atezainak arazo barik gelditu du ere Morenok oso behartuta egindako erremate bat atsedenaldirako hamar minuto falta zirenean. Norgehiagoka 0-0ekoarekin atsedenaldira helduko zela zirudienean, Leganesek gola sartu du lehen zatiko azken jokaldian: Arnaizek buruz bidali du sarera Pardok botatako falta bat.

Urdinak gogotsu itzuli dira atsedenaldiaren ostean eta Luengok ate barrura sartu du baloia 50ean, baina golak ez du balio izan epaileak Riesgori egindako falta bat adierazi duelako. Berdinketa lortzeko zorian egon da Guruzeta 57an zutoinetik gertu atera den saiakera baten bidez. Alvaro Peña area barruan erori da 62. minutuan eta Lezamak penaltia eskatu du, baina epaileak ez du horrela ulertu. Jarraian, Nolaskoainen errematea kanpora joan da gutxigatik. Legenesek ere aurriskua sortu du 70ean, Santamaríak Bautistaren jaurtiketa gelditu duenean. 80. minutuan, bisitariek abantaila handitu dute, berriz ere estrategia-jokaldi bat aprobetxatuz. Oraingoan Reciok bidali du larrua sarera, bigarren zutoinean egindako erremateari esker. Dena den, neurketak emozioa izan du azken unera arte, 88an Obik 1-2koa sartu duelako burukada on baten bidez Andoni Lópezen erdiraketaren ondoren. Gureak berdinketaren bila joan dira, baina Barcenasek bere ilusioak zapuztu ditu luzapenean gol polit batekin.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra (75’ Aldalur), Óscar Gil, Nolaskoain, Luengo, Andoni López, Iker Bilbao, Javi Ros (60’ Olaetxea), Álvaro Peña (75’ Orozko), Moreno (60’ Obi) eta Guruzeta (85’ Etxaburu).

LEGANÉS: Riesgo, Palencia, Nyom, Sergio, Quintilla, Recio, Pardo, Cisse (84’ Juan Muñoz), Gaku (64’ Bautista), Arnaiz (77’ Bárcenas) eta Qasmi (64’ Rober Ibáñez). 

Golak: 0-1: Min. 45; Arnaiz. 0-2: Min. 80; Recio. 1-2: Min. 88; Obi. 1-3: Min. 90+; Bárcenas.

Epailea: Raúl Martín González Francés (Kanariak). Txartel horiak atera dizkie Nolaskoain eta Guruzetari Amorebietaren aldetik; eta Qasmi eta Palencia Leganeseko jokalariei.

Compártelo