SD Amorebieta 1-1 Sestao River: Berdinketa aurredenboraldiko azken proban
Bukatu dira probak. Urdinek denboraldiaurreko azken partida jokatu dute gaur Urritxen, Sestao Riverren aurka. Bizkaitarren derbia tauletan bukatu da (1-1). Yurrebasok lehen zatiko azken jokaldian aurreratu ditu bisitariak eta Iturraspek behin betiko berdinketa sinatu du bigarren zatiaren erdialdean. Hurrengo norgehiagoka Sabadellen aurkako ligako estreinaldia izango da Nova Creu Alta zelaian datorren larunbatean 21:30ean.
Zornotzarrak ondo atera dira. Izan ere, Dorriok eta Toni Herrerok gola bilatu dute lehen minutuetan, baina lehenengoak ezin izan du Crespo gainditu eta bigarrenaren saiakera langa gainetik joan da. Norgehiagokak berdinduta jarraitu du, abagunerik gabe, atsedenaldia baino lehen berriro animatu den arte. Baquek kanpora jaurti du 38. minutuan eta Xikerrek Crespok gelditutako burukada batekin erantzun du. Lehen zatiko azken jokaldian, korner baten, Yurrebasok River aurreratu du markagailuan.
Bigarren zatia Marinoren geldiketa on batekin hasi da, Leandrok urrutitik egindako saiakera baten ondoren. Gureak berdinketaren bila joan dira eta Izeta lortzeko zorian egon da partidaren lehen ordua gainditu ostean, baina bere jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da oso gutxigatik. 1-1ekoa 72.ean iritsi da Iturrasperen bitartez. Toniren falta jaurtiketa baten ondoren area barruan solte geratu den baloia jaso eta sarera bidali du tiro zehatz batekin. Urdinek markagailua iraultzea bilatu dute azken txanpan. 2-1ekoa sinatzetik oso gertu egon da Antonio 84.ean, baina bere bolea indartsuak langa urratu du.
SD AMOREBIETA: Marino, Víctor López, Murua, Xiker, Toni Herrero, Albisua, Antonio, Buján, Seguín, Dorrio eta Izeta. Aulkitik Iturraspe, Leiza eta Yriarte irten dira.
SESTAO RIVER: Crespo, Grande, Mateo, Huete, Blanco, Yurrebaso, Goti, Gaizka, Aranzabe, Baqué eta Urcelay. Aulkitik Daiki, Ugarte, Leandro, Villar, Garai, Juste, Etxebarria, Oleaga, San Clemente, Gaizka eta Kepa irten dira.
Golak: 0-1: Min. 45, Yurrebaso. 1-1: Min. 72; Iturraspe.
Epailea: Arantza Gallastegi. Txartel horiak atera dizkie Víctor; Daiki eta Ugarte jokalariei.