SD Amorebieta 1-1 Gimnàstic de Tarragona: Borrokan jarraitu behar
Urdinek ezin izan dute Bigarren Mailara igotzea ziurtatu gaur arratsaldean. Garaipena behar zuten Gimnasticen aurka, baina emaitza 1-1ekoa izan da. Jauregik aurretik jarri du Haritz Mujikaren taldea lehen zatiaren erdialdean, baina atsedenaldia baino pixka bat lehenago Quintanillak sartutako golak behin betiko markagailua eragin du. Urritxe inoiz ez bezala egon da, ilusioz beteriko zalez gainezka. Lezamak datorren larunbatean emango du epaia Bilbao Athleticen aurka. Puntu bat nahikoa dute urdinek helburua lortzeko.
Gureak indartsu atera dira, presioan gogor eta aurkariaren area inguratuz. Lehen aukera aipagarria Raycok izan du 10. minutuan, Manu Garcia luzatzera behartu duen jaurtiketa batekin. Praderaren abagunea argiagoa izan da 24. minutuan, baina bere erremateak atezainaren beste geldiketa on batekin egin du topo. Jarraian, Urritxek Jauregiren gola oihukatu du. Korner baten ostean, pitxitxiak baloia area barruan harrapatu eta ez du barkatu. 1-0. Urdinek kontrolpean zuten neurketa, baina Nasticek atsedenaldia baino lehentxeago lortu du markagailua berdintzea Quintanillaren bitartez.
Haritz Mujikaren mutilek dena eman dute bigarren zatian. Bihotzez jokatu dute, etengabe animatu duen zaleen bultzadarekin. Hala ere, Kataluniako taldea izugarri sendo aritu da. Puntu batekin salbazioa matematikoki ziurtatzen zuen. Zornotzarrak era guztietara saiatu dira. Barrutik. Kanpotik. Alboko bidalketa ugarirekin. Argiena Edwardsek izan du azken txanpan, baina bere jaurtiketa gurutzatua Manu Garciak gelditu du.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Etxeita, Toni Herrero (82’ Seguín), Sibo, Yriarte, Dorrio (73’ Edwards), Rayco (60’ Julen Jon), Jauregi (82’ Ewan) eta Pradera (73’ Buján).
GIMNÀSTIC DE TARRAGONA: Manu García, Trilles, Andy, Montalvo (64’ Gorostidi), Quintanilla, Pablo Fernández, Nil (72’ Pochettino), Guillermo (64’ Fernández), Tirlea, Joan Oriol eta Montes Arce.
Golak: 1-0: Min. 25; Jauregi. 1-1: Min. 41; Quintanilla.
Epailea: Carlos Muñiz Muñoz.