SD Amorebieta

Amaitu da LaLiga SmartBankeko abentura. Urdinek garaipen batekin (1-0) agurtu dute denboraldia gaur arratsaldean Lezaman Sociedad Deportiva Ponferradinaren kontra jokatutako 42. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren mutilen bosgarren garaipena jarraian izan da etxean. Beste behin taldeari hasieratik bukaerara babesa eman dioten zaleentzako oparia izan da, esker on gisa. Gainera, gola 90. minutua gaindituta heldu da, Unzuetak buruz sartuta Seguinen erdiraketa aprobetxatuz.

Arratsaldea emozioz beteriko momentuekin hasi da. Izan ere, Sociedad Deportiva Amorebietako hiru mitok, Mikel Alvarok, Mikel Saizarrek eta Aimar Sagastibeltzak, hurrengo denboraldian ez dutenek taldean jarraituko, zaleen txaloak eta maitasuna jaso dituzte norgehiagokaren atarian, klubean egindako ibilbidea eskertzeko omenaldia egin zaienean. Ekitaldian hiru futbolarien familiek parte hartu dute. Mikel Alvaro 2017ko urtarrilean iritsi zen Urritxera eta 135 partida ofizial jokatu ditu elastiko zornotzarrarekin. Saizar eta Aimar 2019ko udan heldu ziren, eta 68 eta 59 lehia ofizialetan hartu dute parte, hurrenez hurren. Zalantzarik gabe, hirurak funtsezkoak izan dira SDAren etapa loriatsu honetan. Eskerrik asko bihotzez.

Pasa den astean, bi taldeek euren helburuak lortzeko aukera barik geratu ziren. Zornotzarrek euren jaitsiera baieztatu zuten matematikoki eta Jon Pérez Boloren mutilek playoffean sartzeko itxaropenari agur esan zioten etxean galdu ostean. Beraz, ohorea bakarrik zegoen jokoan azken hitzordu honetan. Hala ere, biak garaipenaren bila atera dira. Lehen abisua Orozkorena izan da, gutxigatik kanpora joan den jaurtiketa batekin. 12. minutuan Ponferradina izan da abagune ona izan duena, baina Saizarrek geldiketa izugarria burutu du 0-1ekoa saihesteko. Segituan, oso aktibo hasi den Orozkok gola sartu du, baina ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoela. 

Zornotzarrek gogotsu jarraitu dute eta bi aukera benetan argi sortu dituzte lehen zatiaren erdialdean: Obiren burukadak Luchoren luzapenarekin egin du topo eta Mikel Alvaroren errematea sarearen albo batera joan da. Bisitariak ere gola sartzetik gertu egon dira atsedenaldira heldi baino lehen langan jo duen Paul Antonen zartako baten bidez. 

Bigarren zatiaren hasieran, urdinek markagailua irekitzea bilatzen jarraitu dute. Obik izan du lehen aukera, baina bere jaurtiketak ez du aterik aurkitu. Ponferradako taldeak Dani Ojedaren abagune argi batekin erantzun du. Bere saiakera zutoinaren gainetik atera da. Aldalurrek eta Alvaro Peñak, biak aulkitik sartuta, 1-0ekoa egitetik gertu egon dira amaierarako 20 minuturen faltan, baina ez dute saririk lortu. Denboraldiko azken partida golik gabe bukatuko zela zirudienean, Unzuetaren gola iritsi da luzapenean zaleen poztasunarentzako.

Orain etorkizunera begiratu beharra dago. Hurrengo denboraldian, urdinek ohorez borrokatzen jarraituko dute Primera RFEF bezalako kategoria gogor batean. 2020-2021ean gauzatutakoa bezalako beste balentria bat lortu eta Bigarren Mailara itzultzeko ilusioarekin egingo dute. Zergatik ez? Talde honek erakutsi zuen, lana eta esfortzuarekin, batzutan ametsak bete egiten direla.

SD AMOREBIETA: Saizar, Larra (62’ Álvaro Peña), Aimar (82’ Luengo), Markel Lozano, Nolaskoain, Seguín, San José, Mikel Álvaro (62’ Aldalur), Javi Ros (72’ Iker Bilbao), Orozko eta Obi (72’ Unzueta).

SD PONFERRADINA: Lucho García, Iván Rodríguez, Pascanu, Amo, Castellano (46’ Baeza), Paúl Antón (46’ Hernández), Saúl Crespo, Dani Ojeda (74’ Ríos Reina), Naranjo (54’ Zalazar), Agus Medina eta Yuri (69’ Sergi Enrich).

Gola: 1-0: Min. 92; Unzueta.

Epailea: David Gálvez Rascón (Madril). Txartel horiak atera dizkie Markel Lozanori SDA-ren aldetik; eta Ponferradinako Pascanu eta Saúl Crespori.

Compártelo