SD Amorebieta 1-0 SD Huesca: Lezama gotorlekua da
Lezama gotorleku bat da. UD Ibiza, CD Mirandés eta CF Fuenlabradaren aurka lortutakoen ondoren, Sociedad Deportiva Amorebietak laugarren garaipena jarraian sinatu du bere zaleen aurrean. Beste behin, haien laguntza ezinbestekoa izan da neurketa irabazteko. Oraingoan, garaipena Sociedad Deportiva Huescaren kontra eskuratu dute, 1-0eko markagailuarekin, SmartBank Ligako 40. jardunaldiko norgehiagokan. 3 puntu hauekin, Haritz Mujikaren taldeak presioa sartzen die aurkariei eta bizirik jarraitzen du salbazioa lortzeko borrokan.
Urdinek intentsitatez ekin diote partidari, nagusi jokoan eta hasiera-hasieratik kontrako atearen bila. Aurkariaren area inguruan ibili dira hasierako txanpan, baina aukera argirik sortu gabe. Huescak, Lehenengo Mailan esperientzia handia duten futbolariz beteta, atzean lan itzela egin behar izan du arriskua urruntzeko. 20. minutua gaindituta, Óscar Gil Seguinen erdiraketa bat ehizatzeko zorian izan da. Jarraian, Morenok langa gainetik errematatu du Larraren erdiraketa.
Zornotzarrek gogotsu jarraitu dute. 34.ean, Nolaskoainek ezin izan du burukada ondo konektatu Javi Rosen erdiraketaren ostean. Minutu bat geroago, zornotzarrek markagailua irekitzeko aukera paregabea izan dute. Hala ere, Morenoren jokaldi polit baten ondoren, Guruzetaren jaurtiketa gora joan da. 43. minutuan Nolaskoainek beste erremate bat egin du area barruan eta Andrés lan egitera behartu du. Huescaren lehen zatiko abagunerik onena 45a gaindituta heldu da, Seoanek gehiegi gurutzatu duenean bere saiakera. Gauzak horrela, norgehiagoka 0-0ekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Urdinen lan onak bigarren zatiaren hasieran jaso du saria. Larra-Guruzeta konexioak berriro funtzionatu du: Larraren erdiraketa eta Gururen erremate zehatza 1-0ekoa sartzeko. Lehen ordua gaindituta, talde bisitaria gizon bat gutxiagorekin geratu da, Escrichek txartel gorria ikusi baitu Nolaskoaini egindako falta gogor baten ondorioz. Zale zornotzarren bihotzak bizkortu egin dira 72.ean, Gaichek zartako ederra atera duenean area ertzetik. Zorionez, baloiak zutoinean jo du. Azken txanpan, Mujikaren mutilek egoera kontrolpean mantentzen jakin dute, kontrako arkua bilatzea ahaztu gabe. 2-0koa lortzetik gertu egon da Iker Bilbao 82an, baina Andresen geldiketarekin egin du topo bere jaurtiketak. Luzapeneko zazpi minutuetan, aukerak urdinak izan dira. Aipagarriena Olaetxeak izan du, zutoinetik zentimetro gutxitara atera den erremate batekin. Une honetatik aurrera, datorren asteburuko partidan FC Cartagenaren aurka pentsatu beharra dago.
SD AMOREBIETA: Saizar, Larra, Óscar Gil (81’ Markel Lozano), Nolaskoain, Irazabal, Seguín, San José, Javi Ros (76’ Olaetxea), Álvaro Peña (46’ Iker Bilbao), Moreno (76’ Obi) eta Guruzeta (84’ Unzueta).
SD HUESCA: Andrés Fernández, Andrei (57’ Gerard), Insua, Ignasi Miquel, Florian Miguel (74’ Lombardo), Marc Mateu (57’ Joaquín), Timor, Mosquera, Mikel Rico (64’ Gaich), Seoane eta Darío (57’ Escriche).
Gola: 1-0: Min. 56; Guruzeta.
Epailea: Dámaso Arcediano Monescillo (Gaztela-Mantxa). Escriche (SD Huesca) jokalaria kaleratu du 62. minutan. Gainera, txartel horiak atera dizkie SDA-ko Obi, Irazabal, Nolaskoain eta San José futbolariei eta Timor bisitariari.