SD Amorebieta

Urdinek 2022ko eta bigarren itzuliko lehen garaipena lortu dute. Izugarri landutako garaipena, Guruzetaren golarekin bideratuta lehen minutuetan eta talde osoaren esfortzu ikaragarriari esker lotuta, txapelketan bigarren aldiz atea hutsean uztea lortu ondoren. Nahiz eta bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu, VAR sistemak adierazita Álvaro Peñak txartel gorri oso zorrotz bat jaso duelako, azarotik galtzen ez zuen Girona garaitzeko gai izan dira zornotzarrak.

Iñigo Vélez de Mendizabalen mutilak, Peru Nolaskoain eta Sergio Moreno fitxaketak barne, indartsu atera dira. Horren erakusle, 1-0ekoa seigarren minutuan heldu dela. Guruzetak txapelketako zazpigarren gola sartu du Ortolaren sake txar bat aprobetxatuta. Urdinek sentsazio onak erakusten jarraitu dute eta aurkariaren area inguruan ibili dira. Bigarrena iristear egon da 20. minutan, Morenok Ortolaren aurrean planto egin duenean Guruzetaren pase baten ostean, baina atezainak gola saihestu egin du geldialdi salbatzaile batekin.

Zornotzarrek, atzean sendo, egoera kontrolpean zuten, baina 38an jokaldi isolatu batean Stuanik Santamariaren atea zulatu du. Hala ere, gola ez da markagailura igo VAR sistemak  jokoz kanpo zegoela adierazi duelako. Segituan, Santamariak berdinketa ekidin du Alexen jautiketa baten ostean. Bideo-arbitrajea protagonista izan da berriro handik gutxira, Gironaren aldeko geldikako jokaldi batean. Bertan, Álvaro Peñak txartel gorria ikusi du ustezko eraso batengatik. Lezamak ezin zuen sinetsi epaileen erabakia.

Nahiz eta bat gutxiagorekin egon, urdinek serio jarraitu dute defentsa lanetan bigarren zatiaren hasieran. Talde kataluniarra baloiaren jabe egin da eta zuloak bilatu ditu atzealde zornotzarrean, baina gureek, talde lan eskergari esker, ez dute pitzadurarik erakutsi. Geldikako ekintzetan, Gironak potentzial handia izan arren, urdinak horma gaindiezina ziren. Vélez de Mendizabal energia mantentzen saiatu da aulkitik Larru, Obi eta Andoni López debutaria sartuz. 90. minutua betetzear zela, Borja Garcia bisitariak area barruan erremate arriskutsu bat konektatzea lortu du, baina baloiak ez du atea aurkitu zaleen lasaitasunerako.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Nolaskoain, Luengo, Seguín (81’ Andoni López), Markel Lozano, Álvaro Peña, Iker Bilbao (72’ Larru), Moreno (46’ Olaetxea) eta Guruzeta (81’ Obi).

GIRONA: Ortolá, Arnau, Bueno (55’ Iván Martín), Bernardo, Juanpe, Junca (67’ Gabriel), Pol Lozano (80’ Terrats), Kebe (67’ Moreno), Alex (80’ Bustos), Borja García eta Stuani.

Gola: 1-0: Min. 6; Guruzeta. 

Epailea: Eduardo Prieto Iglesias (Nafarroa). Txartel gorria atera dio Álvaro Peñari 44. minutuan; eta txartel horiak Iñigo Vélez de Mendizabal entrenatzaileari; eta Gironako Álex eta Stuani jokalariei.

Compártelo