SD Amorebieta

Azken bi partidetan bi berdinketa lortu ondoren, urdinak garaipenaren bidera itzuli dira gaur Club Deportivo Calahorraren aurka Urritxen jokatutako 15. jardunaldiko partidan. Bertan, gureek ez dute golik jaso azken bost partidetan: Bilbao Athletic, Alcoyano, La Nucia, Atletico Baleares eta Calahorra. Gainera, azken sei jardunaldietan ez dute neurketarik galdu. Zornotzarrek oso modu landuan lortu dute garaipena, Raycok hasieran egindako golari eta talde osoak burututako ahalegin handiari esker.

Haritz Mujikaren taldea indartsu atera da, aurkariaren atea inguratuz. Hasiera on horrek bere fruituak eman ditu ordu laurdenera iritsi baino lehen, Seguinek ateratako korner batean. Raycok bikain errematatu du baloia, markagailua inauguratzeko. 20. minutuan, bisitariak berdinketa lortzetik gertu egon dira Sergio Gilen falta jaurtiketa bati esker, baina Magunagoitiak baloia eskuadratik sartzea saihestu du geldiketa polit batekin. Hortik atsedenaldira, berdintasuna izan da nagusi berdegunean, ondoriorik gabeko hurbilketa eskasekin zelaiaren bi aldeetan.

Bigarren zatia hasi bezain laster, Zornotzako taldea abantaila handitzeko zorian egon da, baina Limonesek geldiketa ona egin dio Izetari. Atezain bisitaria buru-belarri aritu behar izan da handik gutxira Dorrioren zartako bat ateratzeko. Limonesek protagonista izaten jarraitu du bigarren zatiaren erdialdean, Izetaren falta jaurtiketari eta Iturrasperen burukadari erantzuteko. Gureek ondo kontrolatu dute egoera, baina partidako azken jokaldian Calahorra berdinketa lortzetik oso gertu egon da. Zorionez, Etxeitak ia atepean ekidin du gola 1-0ekoa mantentzeko. 

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Víctor López, Murua, Juan Rodríguez (84’ Etxeita), Seguín (84’ Toni Herrero), Yriarte (66’ Iturraspe), Sibo, Dorrio (78’ Buján), Rayco, Izeta eta Pradera (66’ Jauregi).

CD CALAHORRA: Limones, Ángel López (84’ Chinchilla), Vidorreta, Barace (60’ Santana), Baselga, Ibarrondo (84’ Robles), Rojas, Zubiri, Recio (71’ Álex Arias), Gabarre eta Sergio Gil (60’ Canella).

Gola: 1-0: Min. 14; Rayco.

Epailea: Alonso De Ena Wolf. Txartel horiak atera dizkie Juan Rodríguez, Izeta, Iturraspe; Rojas eta Vidorreta jokalariei.

Partekatu