SD Amorebieta 0-0 RCD Espanyol: Azken jardunaldian erabakiko da
Urdinek euren esku izango dute salbazioa lortzea azken jardunaldian, LALIGA Hypermotioneko talde indartsuenetariko bat den RCD Espanyolen aurka golik gabe berdindu ostean. Kontuak argiak dira azken hitzorduari begira. Mailari eusteko, Anduvan puntu bat gorago dagoen Mirandesi irabazi beharko zaio.
Partida hasi baino lehen, Xabier Etxeitari omenaldia egin zaio, denboraldi amaieran bere ibilbide oparoari bukaera emango dio eta. Lezama osoak, gaurkoan beteta, txalokatu du zornotzarra SDArekin jokatu duen etxeko azken partidan. Klub honetan hasi zuen bere ibilbidea, 16 urte besterik ez zituela egin zuen debuta lehen taldearekin, eta herriko taldean ere agur esango dio.
Gureak gogor hasi dira, jokaldi bakoitzean hozka eginez. Igoera helburu duen Espanyolek ere. Horrela, lehia atsedenik gabe abiatu da, bi taldeak aurkariaren areara begira zeudela. Defentsak, gogorrak, bi aldeetan nagusitzen ziren. Beraz, aukerak ez ziren iristen. Magunagoitiari lan egitea egokitu zaio Pere Millaren falta jaurtiketa arriskutsu bat desbideratzeko. Urdinek ere abisua eman dute Dorrioren burukada batekin. Bi taldeen kemena gorabehera, atsedenaldira heldu dira aukera argirik gabe eta 0-0ekoarekin markagailuan.
Aldageletatik igaro ondoren, talde perikoak Puadoren bitartez atea ikustea lortu du, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Bisitariek estutzen jarraitu dute. Urdinei defentsa-lanetan buru-belarri aritzea tokatzen zitzaien. Gureek trantsizio azkarrak bilatzen zituzten Espanyoli min egiteko. Horietako batean, Dorriok Mierren erdiraketa sareratu du buruz 82an. Hala ere, aurreratuta zegoen eta ez da markagailura igo jokoz kanpo adierazi dutelako. Azken txanpan, talde katalanak garaipena baino ez zuen behar igoera zuzenean lortzeko eta erasoan murgildu da. Baina urdinek eutsi egin diote eta haien mende heludko dira azken jardunaldira salbazioaren helburua lortzeko.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Bustinza, Etxeita, Gayà, Lasure, Sibo, Erik Morán (69’ Yriarte), Dorrio (83’ Edwards), Morci (69’ Jorge Mier) eta Unzueta (69’ Jauregi).
RCD ESPANYOL: Joan García, Calero (73’ Sergi Gómez), Cabrera, Puado (83’ Lazo), Keidi Bare, Keita Balde (60’ Gastón), Pere Milla (83’ Brian Oliván), Aguado, Braithwaite, El Hilali eta Roca (46’ Salvi Sánchez).
Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horia atera dio Sibori.