Real Zaragoza 0-1 SD Amorebieta: Garaipena azkenengo minutuan!
Urdinek lehen garaipena lortu dute bisitari gisa ligako txapelketan. Real Zaragozaren zelaian egin dute. Eta nola. Morcik heroi kapa jantzi du partidako azken ekintzan gol ikusgarria sartuta. Honekin, lau aste jarraian puntuak pilatzen dira Jandroren mutilentzat, berriz ere defentsan indar handia erakutsi dutenak abagune gutxiko norgehiagokan.
Lehia berdinduta hasi da, dominatzaile argirik eta aukera aipagarririk gabe. Lehen zatiaren erdialdean, Morcik ezkerretik egindako erdiraketa baten ostean, gureek aukera ona izan dute, baina Dorrioren burukada langa gainetik joan da. Morcik berak, handik gutxira, Edgar Badíak geldiarazi duen falta jaurtiketa baten bidez probatu du. Jokalari zornotzarrak gogotsu jarraitu du pare bat saiakera eginda area ertzetik, gutxigatik kanpora joan direnak. Zaragozak 35. minutuan erantzun dio Germanen abagune arriskutsu batekin eta Pablok geldiketa ona egin dio. Lehen zatiko azken txanpan, Aragoiko taldea zornotzarren atzealdean pitzadurak aurkitzen saiatu da, baina urdinak oso sendo agertu dira aukerarik ez emateko. Gauzak horrela, partida hasierako 0-0ekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Etxeko taldeak asko bultzatu du aldageletatik igaro ondoren berdinketa hausteko asmoz eta gureak defentsako lanetan gogor aritzera behartu ditu, aurkariaren irteera bortitzari eusteko. Minutuek aurrera egin ahala, jokoa berriro berdindu da eta itxurazko dominatzailerik eta aukera nabarmenik gabe jarraitu du. Horrela, partida bere tarte erabakigarrian sartu da berdinketarekin. Toni Moya markagailua irekitzen saiatu da 76an kanpora joan den falta jaurtiketa batekin. Aukera bikoitzarekin erantzun dute gureek. Badia azkar aritu behar izan da Morciren saiakera gelditzeko. Aldaratzean, gauza bera egin du Siboren jaurtiketarekin.
Zaragozak metroak aurreratu ditu azken txanpan. Baina gureak benetako harresia izan dira. Partida hasierako markagailuarekin amaituko zela zirudienean, arearen ertzean zegoen aurkari batek eskuarekin ukitu du baloia eta epaileak falta adierazi du. Partidako azken aukera zen. Morcik egin du gainerakoa falta jaurtikera eder batekin.
REAL ZARAGOZA: Edgar Badía, Zedadka, Francés, Germán, Aguado, Maikel (64’ Sergi Enrich), Francho (46’ Iván Azón), Mouriño, Mollejo, Toni Moya (76’ Lucas Terrer) eta Lluís López (76’ Lecoeuche).
SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez (73’ Jorge Mier), Bustinza, Etxeita, Félix, Erik Morán (73’ Yriarte), Sibo, Morci, Dorrio, Edwards (60’ Lasure) eta Unzueta (87’ Rayco).
Gola: 0-1: Min. 96; Morci.
Epailea: Milla Alvéndiz. Txartel horiak atera dizkie Mollejo, Lluís López eta Mouriñori etxeko taldean; eta Morciri SDAn.