Real Sporting 2-1 SD Amorebieta: Urdinek porrotarekin egin dute topo berriro bi hilabete geroago
Bi hilabete geroago, urdinek porrotarekin egin dute topo berriro. Aurreko sei partidetan garaipen bat eta bost berdinketa pilatu ostean, bolada ona El Molinón-Enrique Castro Quini zelaira egindako bisitan amaitu da, LaLiga SmartBankeko 24. jardunaldian. Guruzetak lehen zatian aurreratu ditu gureak, lehen ordu bikaina egin dutenak. Hala ere, Real Sportingek markagailua irauli du azken txanpan eta hiru puntuak Asturiasen geratu dira.
Urdinak, gaur beltzez jantzita, konplexurik gabe zelairatu dira, goian presioa eginez aurkariaren joko konbinatiboa zailtzeko. Norgehiagoka dominatzaile eta aukera barik hasi da. Norgehiagokako lehen ordu laurdenera iritsita, Iñigo Vélez de Mendizabalen taldea izan da abisatzen lehena. Seguinen erdiraketa Olaetxeak errematatu du Mariño hegaz egitera behartuz. Jarraian, Sportingek erantzun egin du Djukaren bitartez, baina Santamariak geldiketa ona egin du. Atezaina berdegunera itzuli da Tenerifen duela hiru hilabete baino gehiago sufritutako lesioa gainditu ondoren.
Zornotzarrak arriskua sortzen hasi dira eta markagailua ireki dute lehen zatiko erdialdean. Guruzetak Luengoren pase luzea aprobetxatu du Mariñoren aurka buruz buru jartzeko eta 0-1eko lortzeko jaurtiketa zehatz baten bidez. Unzuetak ere gola bilatu du 38. minutuan, baina atezainak bere jaurtiketa harrapatu du. Sporting erreakzionatzen saiatu da, baina urdinek ez diote aukerarik sortzen utzi atsedenaldia baino lehen.
Zornotzarrak indartsu itzuli dira aldagelatik. Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala abagune garbiak sortu dituzte, baina Unzuetaren eta Larraren erremateek ez dute atea aurkitu. Urdinek 58. minutuan gola sartzea lortu dute Álvaro Peñaren bitartez, baina ez da markagailura igo VAR sistemak agindutako Unzuetaren jokoz kanpo batengatik. Gainera, talde asturiarrak 1-1ekoa sartu du 65. minutuan, Aitorrek sinatuta. Berdinketak Sporting animatu du, eta bigarrenaren bila abiatu da. Markagailua 78. minutuan irauli du etxeko taldeak, Villalbaren bidez. Velez de Mendizabalen mutilek, Moreno eta Nolaskoain debutariak barne, ez dute amore eman eta merezitako puntua lortzen saiatu dira, baina ezinezkoa izan da.
REAL SPORTING: Mariño, Guille Rosas, Babin, Berrocal, Pablo García, Pedro (84’ Gragera), Rivera, Aitor (84’ Nacho Méndez), Villalba (90’ Gaspar), Rodríguez (68’ Campuzano) eta Djuka.
AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Luengo, Markel Lozano, Óscar Gil, Seguín, Iker Bilbao, Olaetxea (86’ Orozko), Álvaro Peña (79’ Nolaskoain), Unzueta (66’ Moreno) eta Guruzeta (79’ Obi).
Golak: 0-1: Min. 25; Guruzeta. 1-1: Min. 65; Aitor. 2-1: Min. 78; Villalba.
Epailea: Rafael Sánchez López (Murtzia). Txartel horiak atera dizkie Sportingeko Pablo Garcíari; eta SDAko Luengo, Unzueta, Moreno eta Obi jokalariei.