CD Mirandés 1-0 SD Amorebieta: Egindako bideaz harro
Mailari eusteko postuetatik 10 puntura egon ziren. Ezinezkoa zela esaten zen. Baina haiek, gure gudari urdinek, ez zuten inoiz fedea galdu. Lanean, esfortzuan eta, nola ez, euren talentuan fidatu ziren. Inoiz ez zioten borrokatzeari utzi, nahiz eta helburua oso urrun ikusi. Beti sinetsi izan dute beren aukeretan, beti taldearen alboan egon diren zaleen bultzadarekin. Bigarren itzuli bikaina sinatu behar zuten datorren denboraldian LALIGA Hypermotionen jarraitzeko aukera izateko. Eta egin dute. Gureek azken jardunaldira bizirik iristeko eskubidea irabazi zuten. Final bat Anduvan. Helburua lortzeko, Club Deportivo Mirandes mendean hartzea baino ez zuen balio, sailkapenean puntu bat gorago zegoen aurkaria. Etxeko taldeak nahikoa zuen berdinketarekin. Urdinek dena eman dute, bai zelaian egon direnek, bai kanpotik estutu dutenek, zaleak barne. Gaur, eta denboraldian zehar, taldea osatzen duten pertsona guztiek lan handia burutu dute SD Amorebieta zilarrezko kategorian mantentzen saiatzeko. Baina ez da posible izan.
Indartsu atera da Mirandes, baina gureek aurkariaren hasierako kemenari eusten jakin dute. Gainera, minutuek aurrera egin ahala, metroak aurrera joan dira eta dominatzaile bihurtu dira, baloia mugituz aurkariaren zelaian zuloen bila. Hala ere, tentsio handiko neurketan, erlojuak aurrera egiten jarraitu du aukera aipagarririk gabe. Horrela, partida atsedenaldira iritsi da hasierako 0-0ekoarekin.
Aldageletatik igaro ostean, etxeko taldea adoretsu atera da berriro eta gureek sendo defendatu behar izan dute. Bigarren zatiaren hasierako txanpan Morcik aukera ona izan du, baina bere jaurtiketa Ramon Juanek gelditu du. Ordua gainditu ostean, 1-0ekoa iritsi da. Gabri Martinezek trantsizio azkar bat aprobetxatu du Magunagoitia fusilatzeko. Hortik aurrera, urdinak etengabe saiatu dira, etengabe borrokatu dute, baina ez da posible izan.
Hemen amaitzen da SDAren bigarren esperientzia futbol profesionalean. 20.000 biztanletik beherako herri bateko taldeak klub erraldoien kontra lehiatu du, konplexurik gabe. Gaur negar egiten dugu. Baina bihar berriro altxatuko gara, harrotasunez gogoratuko dugu bizitakoa eta ilusioz begiratuko dugu aurrera.
CD MIRANDÉS: Ramón Juan, Tachi (60’ Verdasca), Gabri Martínez (72’ Dani Luna), Carlos Martín (85’ David Vicente), Reina (85’ Álvaro Sanz), Chaira, Tomeo, Martón (85’ La Gumina), Lachuer, Gómez eta Juan María.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Jorge Mier (56’ Jauregi), Bustinza (81’ Yriarte), Gayà, Lasure (81’ Rayco), Erik Morán (71’ Edwards), Sibo, Dorrio, Morci eta Unzueta (71’ Loca).
Gola: Min. 62; Gabri Martínez.
Epailea: Orellana Cid. Txartel horiak atera dizkie Carlos Martín, Juan María; Lasure eta Gayà jokalariei.