SD Amorebieta

Batzutan, ametsak egi bihurtzen dira. Batzutan, bi aldiz gainera. Urdinek berriz egin dute. Duela bi denboraldi bezala, Sociedad Deportiva Amorebieta balentria historiko baten protagonista izan da eta Bigarren Mailara igotzea lortu du. Duela bi urte bezala, 20.000 biztanleko herri batek pozez negar egiten du, zilarrezko kategoriara itzultzeko indarra eta talentua erakutsi duen talde honetaz harro. Haritz Mujikak entrenatzen duen taldeak azken jardunaldira arte borrokatu du Lehen Federazioko 2. Multzoko txapeldun izateko eta igoera zuzena LaLiga SmartBankera lortzeko denboraldi bikain baten ondoren.Titulua Lezaman ziurtatu du, zale zornotzar askoren babesarekin. 2023ko maiatzaren 27a klubaren ia ehun urteko historiako egunik garrantzitsuenen artean dago jada.

Derbia aukerekin hasi da zelaiko bi aldeetan. Lehen abisu serioa Raycoren bitartez eman dute gureek, baina bolea gurutzatuegia atera zaio. Etxeko taldeak Luis Bilbaoren eta Iñigo Lopezen bi jaurtiketekin erantzun du, baina ezin izan dute Magunagoitia gainditu. Minutuak aurrera joan ahala, erritmoa geldotzen joan da. Bilbao Athleticek baloia mugitzen zuen, baina ez zuen abagune aipagarririk sortzen. Horrela, 0-0ekoarekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatia antzeko gidoiarekin hasi da eta Mujikak aulkia mugitu du freskotasun bila, hegaletan Dorrio eta Bujan eta puntan Pradera sartuz. Urdinek 58. minutuan bilatu dute gola geldikako jokaldi batean. Juan Rodriguezek Seguinen bidalketa errematatu du, baina ez du atea aurkitu. 65ean Yriarte izan da 0-1ekoa bilatu duena area ertzetik zartako batekin, baina Padillak galditu du. Gureek azken txanpara arte bilatu dute lasaitasunaren gola, baina ez da heldu. Ez da beharrezkoa izan helburua lortzeko. Puntu batekin nahikoa zen.

Zornotzarrek lezio bat eman dute denboraldian zehar. Igoera konfiantzaren eta besoak inoiz ez jaistearen saria da. Izan ere, denboraldia ez da erraza izan. Horren erakusle da 7. jardunaldian urdinak azken postuan zeudela hasiera zail baten ondoren. Baina taldeak ez zion inoiz bere gaitasunetan sinesteari utzi. Proiektu berria zen eta denbora behar zuen bere balioa erakusteko. Eta egin du. 12 garaipen, 6 berdinketa eta porrot bakarra izan dute bigarren itzuli izugarri baten. Arrakasta hau taldea osatzen duten pertsona guztien lanari esker iritsi da. Bere joko ausartarekin eta bere borrokarekin zaleak mobilizatu eta ilusionatu ditu talde honek, helburua lortzeko funtsezkoak izan diren zaleak, norgehiagoka guztietan harmailetatik izugarri bultzatu baitute. Haien laguntzarik gabe hau ez zen posible izango. Ospatzeko ordua da.

BILBAO ATHLETIC: Padilla, Sillero, Eguiluz, Luis Bilbao, Rego, Unai Vélez (58’ Cabo), Chasco (58’ Oier López), Rincón (80’ De Jesús), Gerenabarrena (66’ Jauregizar), Iñigo López (58’ Izeta) eta Ibon Sánchez.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Etxeita, Seguín, Sibo (77’ Albisua), Yriarte, Edwards (77’ Iturraspe), Julen Jon (52’ Dorrio), Rayco (52’ Buján) eta Jauregi (52’ Pradera).

 Epailea: Ávalos Martos. Txartel horiak atera dizkie Bilbao Athleticeko Sillerori eta SDAko Iturrasperi.

Partekatu