SD Amorebieta

Talde hau oso bizirik dago eta horrela erakutsi du gaur Lezaman jokatutako 36. jardunaldiko partidan bolada oso onean zetorren Club Deportivo Mirandesi 1-0 irabazita. Haritz Mujikaren mutilek erasoan zein defentsan lan bikaina burutu dute eta bigarren zatiaren erdialdean jaso dute saria Alvaro Peñaren gol eder bati esker. Orain dela bi aste Unión Deportiva Ibizaren aurka lortutakoaren ondoren, zornotzarrek euren bigarren garaipena jarraian lortu dute Lezaman, non zaleen babesa oso garrantzitsua izan da hiru puntuak lotzeko.

Norgehiagoka hasi baino lehen, futbolari urdinek Ioritz Madariaga `Txori´ material arduradunaren aldeko kamisetak eraman dituzte, duela gutxi Akilesen tendoiaren haustura baten ondorioz operatu baitute. Partida sekulako erritmoarekin abiatu da. Guruzeta eta Obi goletik gertu egon dira hasi bezain laster, baina euren saiakerek ez dute saririk lortu. Burgoseko taldeak Vicenteren gol eder batekin erantzun du, baina ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako. Jarraian, Guruzeta izan da oso gutxigatik baloia sarera bidali ez duena burukada itzel baten bidez. Hori guztia lehen hamar minutuetan. Hasiera bizi horren ostean, neurketak intentsitate handiarekin jarraitu du, baloia alde batetik bestera zihoan atseden barik. Dena den, abaguneak ez dira hain argiak izan hurrengo minutuetan. Gauzak horrela, partida golik gabe heldu da atsedenaldira. 

Aldagelatik igaro ondoren, Mujikaren mutilek entxufatuta jarraitu dute. Serio eta oldartsu, gogotsu bilatu dute Mirandesen atea, baina aurkariaren defentsa ordenatuarekin egin dute topo bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, urdinek borrokatzen jarraitu dute eta markagailua ireki dute 66. minutuan, Álvaro Peñak baloia sarera bidali duenean area ertzetik egindako zartako eder baten bitartez. Zornotzarrak ez dira konformatu 1-0ekoarekin eta erasoan jarraitu dute, bigarren golaren bila. Lortzeko zorian egon da Andoni López jaurtiketa gogor batekin, baina Lizoainek ekidin du.  San José ere gertu ibili da zutoinaren gainetik atera den burukada on batekin. Azken txanpan, SDAko joakalariek azken minutuak kudeatzen jakin dute, mailari eusteko borrokan bizirik mantentzen dituen merezitako garaipena lortzeko.

SD AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Markel Lozano, Irazabal (76’ Luengo), Seguín (67’ Andoni López), San José, Javi Ros (67’ Iker Bilbao), Álvaro Peña (88’, Larru), Guruzeta eta Obi (76’ Moreno).

CD MIRANDÉS: Lizoain, Carreira (86’ Agirre), Arroyo, Odei, Imanol, Meseguer, Álex López (84’ Tchimbembé), Brugué, Vicente (67’ Riquelme), Camello eta Marqués (67’ Hassan).

Gola: 1-0: Min. 66; Álvaro Peña.

Epailea: Gálvez Rascón (Madril). Txartel horiak atera dizkie Óscar Gil, Irazabal, Obi, San José, Markel Lozano eta Álvaro Peñari SDAren aldetik; eta CD Mirandeseko Meseguer eta Marqués jokalariei.

Compártelo