Zorigaiztoko bi minutuk porrota eragin dute Artunduagan
Urdinek merituak egin dituzte gaur arratsaldean Artunduagan garaipena lortzeko, baina hiru puntuak Basconiak lortu ditu. Jon Castrilloren mutilek joko ona egin dute eta markagailuan aurrea hartu dute 75. minutuan Etxanizen bitartez. Hala ere, etxekoek emaitza irauli dute zorigaiztoko bi minututan eta zornotzarren bolada ona eten dute.
Lehen aukera 9. minutuan izan dute urdinek, Jesus de Miguelen omenezko geldialdia baino lehen. Guillermo atezainarekin gelditu da buruz buru, baina baloia sarera bidaltzeko angelurik gabe geratu da eta atzelari batek jaurtiketa geldiarazi du. Guillermo bera golaren inguruan ibili da berriro ordu erdian, Intxaustiren erdiraketa baten ostean, baina larrua kanpora joan da gutxigatik. Muguruzak ere abisua eman du atezainak gelditu duen falta jaurtiketa batekin. Lehen zatian Basconiak izan duen aukerarik onena atsedenaldia baino lehen iritsi da. Martinezen saiakera langaren gainetik joan da.
Bigarren zatia Agirreren jaurtiketa batekin hasi da. Etxekoek erantzun dute Oyharçabalen zartako batekin eta Altamirak hegan egin du. Urdinak baloiaren jabe egin dira eta aurkariaren arean zehar ibili dira golaren bila. Azkenik, urdinek merezitako saria 75.ean aurkitu dute, Etxanizek 0-1ekoa egin duenean Muguruzak kontrako zelaian egindako lapurreta aprobetxatuz. Zailena eginda zegoela zirudien… Baina Basconia esnatu egin da eta markagailua irauli du. 79.ean 1-1ekoa egin du Egoitzek. Minutu bat geroago, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du eta Liceagak ez du barkatu. 2-1ekoaren ostean, urdinak gora joan dira. Basconia bat gutxiagorekin geratu da 85.ean, Liceagak bigarren txartel horia ikusi baitu. SDAk bere arean sartu du aurkaria, baina futbola ez da justua izan gaur Artunduagan.
CD BASCONIA: Gallastegi, Unamuno, Carril, Goñi (72′ Narbarte) Xabi Gómez (86′ Testimony), Ellakuria, Oyharçabal (86′ Urrestarazu), Iñigo Sainz, Martínez, Ezpeleta (64′ Egoitz) eta Liceaga.
SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti (64′ Diaz de Alda), Entrecanales (86′ Unax Benito) Presa, Hernaiz, Agirre, Eder (86′ Peru), Muguruza, Larralde, Reka (64′ Josep Díaz) eta Guillermo (69′ Etxaniz).
Golak: 0-1: 75′ Etxaniz. 1-1: 79′ Egoitz. 2-1: 81′ Liceaga penaltiz.
Epailea: Iber Almarcegui. Basconiako Liceaga kaleratu du 85ean bi txartel horirekin. Txartel horiak: Martínez, Ezpeleta eta Unamuno; eta Intxausti, Reka eta Hernaiz.