Zamora CF 5-0 SD Amorebieta: Zorigaiztoko goiza Ruta de la Platan
Urdinek porrot gogorra jaso dute Zamora CF-eri egindako bisitan. Gureei dena gurutzea atera zaie. Aurkariak aurrea hartu du hasierako txanpan Sergio Camacho zelaitik kanpo zegoela eroriko txar baten ondorioz. Aurkaria nagusi izan da, eta gainera bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu behar izan dute zornotzarrek Unai Marino atezainaren txartel gorri eztabaidagarri batengatik.
Neurketa ez da batere ondo hasi. Camacho desorekatuta erori da eta kolpe handia hartu du berdegunearen kontra eta ezin izan du partidan jarraitu. Gureak bat gutxiagorekin jokatzen ari zirela, Pito Camachok markagailua ireki du erremate on baten bitartez 7. minutuan. Oraindik kolpe bikoitzetik suspertu gabe, Zamorak 2-0ekoa sartu du 13. minutuan Campabadalen bidez. Etxekoek estutzen jarraitu dute eta Calaverak beste gol bat ekidin du area txikian 20an. 3-0ekoa 36an heldu da Kike Marquezen falta jaurtiketa batekin. Beste albiste txar bat atsedenaldira iristeko zorian. Marinok txartel gorria ikusi du areatik kanpo egindako falta batengatik. Erabaki oso eztabaidagarria, atzean taldekideak baitzeuden.
Hiru goleko desabantailarekin eta jokalari bat gutxiagorekin, bigarren zatian balentria miragarri bat behar zen zerbait positiboa ateratzeko. Lauza are astunagoa egin da 54.ean, Zamorak 4-0ekoa egin baitu zoritxarreko beste jokaldi batean. Izan ere, Gaizkak lerro gainean atera du Pito Camachoren errematea -jokoz kanpoan-, baina baloiak Yusten jo du errebotean eta ate barruan sartu da. Hortik aurrera, ia berririk gabe igaro da lehia, Pito Camachok 88. minutuan gol-zaparrada borobildu duen arte. Zorigaiztoko goiza Ruta de la Platan. Hemendik aurrera, Bilbao Athleticen aurkako derbian pentsatu behar.
ZAMORA CF: Fermín, Aleix Gorjón, Sergio Nieto (71’ Noel), Adrián Bolo, Jose Carlos, Pito Camacho, Carlos Ramos (78’ Dani Hernández), Kike Márquez (56’ Luis Rivas), Rufo (56’ Castañeda), Tresaco (56’ Guille Macho) eta Campabadal.
SD AMOREBIETA: Marino, Carbonell, Calavera (44’ Gaizka), Amelibia, Kortazar, Camacho (8’ Enol Coto; 46’ Iñigo Muñoz), Nakai (78’ Aurtenetxe), Yuste, Ben Hamed, Julen Jon eta Álvaro Marín (46’ Mauro Bravo).
Golak: 1-0: Min. 7; Pito Camacho. 2-0: Min. 13; Campabadal. 3-0: Min. 36; Kike Márquez. 4-0: Min. 54; Yuste, bere atean. 5-0: Min. 88; Pito Camacho.
Epailea: Francisco Crespo Puente. Txartel gorria atera dio Marinori 44. minutuan. Zamorako Campabadal eta Jose Carlos; eta SDAko Enol Coto jokalariek txartel horia ikusi dute.