– Pandemia dela eta bi urtez antolatu barik egon ondoren, Txolonek alebin mailako nazioarteko txapelketa honen 18. edizioa hartuko du abenduaren 6an eta 8an

– 22 taldek hartuko dute parte, besteak beste, FC Barcelona, Atletico de Madrid, Girondins Bourdeaux eta Athletic Club

Jon Larrea Sociedad Deportiva Amorebietako presidenteak, Luciano Martínez Amorebieta-Etxanoko Kirol zinegotziak eta Lointek enpresako Serafin Loroñok Lointek Amorebieta-Etxano Cup nazioarteko futbol 7 txapelketaren 18. edizioa aurkeztu dute gaur. 2020an eta 2021ean ezin izan zen antolatu Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, baina aurten bueltan da futbolari eta zaleen gozamenerako. Abenduaren 6an eta 8an Txolonen burutuko den txapelketak alebin mailako 22 klub bilduko ditu, hau da, 2011. urtean jaiotako 350 jokalari inguru batuko dira.

Txapelketa asteartean, hilak 6, hasiko da, 12 talde izango dituen atarikoarekin. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Arratia, Ikastxiki, Aurrera de Vitoria eta Derio egongo dira. B multzoan, Amorebieta, Gertasport, Txantrea eta Barakaldo. Eta C multzoan, Baskauri, Gernika, Galtxarrieta eta Bermeo. Fase hau, ligaxka moduan, 09:00etan hasiko da. Zortzi talde –multzo bakoitzeko lehen eta bigarrena eta bi hirugarren onenak– sailkatuko dira 16:00etatik aurrera jokatuko diren kanporaketetarako.

Astearteko txapeldunak ostegunean itzultzeko txartela lortuko du. Bigarren eguneko lehiaketak ordutegi eta formatu bera izango du. A multzoan Athletic, Huesca, Alaves eta Atletico de Madrid (azken edizioko txapelduna) egongo dira. B multzoan, Amorebieta, Girondins Bourdeaux, Barcelona eta Osasuna. Eta C multzoan, Real Valladolid, Eibar, Real Sociedad eta abenduaren 6ko atarikoaren irabazlea. 09:00etan hasiko da multzoen fasea eta zortzi talde sailkatuko dira final-laurdenetarako, 16:00etan hasiko direnak. Final handia 18:15ean jokatuko da. Bi zelai egongo dira (1. zelaia eta 2. zelaia). Hilaren 8an 1. zelaian jokatuko diren partidak zuzenean ikusi ahal izango dira YouTuben. 

Nobedade gisa, Txoloneko aparkalekua itxita egongo denez, doako txu-txu tren bat jarriko da 08:00etatik 10:00etara eta 15:00etatik 17:00etara zelaira heltzeko. Jauregibarriako aparkalekuetatik abiatuko da eta herrian zehar geldialdiak egingo ditu Txolonera iritsi arte.

Sarrerak egun osorako balioko du eta hurrengo prezioak izango ditu. Hilaren 6a doakoa izango da bazkideentzat eta 3 euroko kostua izango dute gainerakoentzat. Hilaren 8an, berriz, bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro. Txapelketan zehar hainbat sari zozketatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak, bi lagunentzako bi bazkari Boroa Jatetxean eta otzarak.

Txapelketaren kartela eta ordutegiak, hurrengo estekan: https://we.tl/t-VTFcWipf8M 

Compártelo