SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Villarreal CF B-ri egindako bisitan, gaur eguerdian Estadio de La Cerámica zelaian jokatu den LaLiga Hypermotioneko 7. jardunaldiko partidan. Etxekoek 3-1 irabazi dute. Zornotzarren gola Manu Hernando atzelariak sinatu du, SDAren elastikoarekin egiten duen lehena. Hurrengo hitzordua Lezaman izango da, Cartagenaren aurka, datorren igandean.

Mediterraneoko eguzkipean, neurketa nahiko berdinduta hasi da, abagune esanguratsu barik. Villarreal B-ko Ontiveros izan da erasokorrena lehen minutuetan, Pablo Camposek arazo handirik gabe gelditu dituen bi jaurtiketekin. 23an, gureak golea egitetik gertu egon dira eskuineko hegaletik egindako jokaldi baten ondoren, baina Edwarsek ez du ondo bukatu area barruan. 

1-0ekoa lehen ordu erdia igaro bezain laster lortu du etxeko taldeak. Ontiverosek sartu du falta jaurtiketa on batekin. Berdinketa berriz ezartzeko zorian egon da Morci 34an, area ertzean aldaratze bat harrapatu duenean, baina bere bolea ez du atea aurkitu. Villarreal B-k aukera paregabea izan du 40. minutuan Foresen burukada batekin. La Ceramicako zaleek bigarrena kantatzen zuten, baina Camposen eskularru salbatzailea agertu da gola saihesteko. Gauzak horrela, norgehiagoka etxeko taldearen gutxieneko abantailarekin iritsi da atsedenaldira. 

Bigarren zatia hasi bezain laster duelua errepikatu da. Oraingoan Foresek ez du barkatu buruz burukoan Camposen aurrean. Jarraian, Dorrio aldea murrizten saiatu da sarearen albora joan den eskuinkada batekin. Albiste txarrak ere iritsi dira lesio moduan, Jorge Mierrek berdegunea utzi behar izan baitu 51. minutuan, eskuin hankan arazoak baitzituen. 2-1ekoa 54.ean heldu da, Manu Hernandok burukada bortitz batekin sinatuta Dorrioren erdiraketa aprobetxatuz.

Norgehiagokak zoratuta jarraitu du eta Vilarreal B-k 59. minutuan beste gol bat sartu, Lekovicek aldaratze bat aprobetxatu duenean 3-1ekoa egiteko. Gureek borrokatzen jarraitu dute, berriro partidan sartuko zituen golaren bila, baina ez dute asmatu azken metroetan. Daniel Lasure izan da albisterik onena, txapelketako lehen minutuak jokatu ahal izan baititu, denboraldiaurrean ezker oineko behatz txikian izandako haustura sendatu ondoren.

VILLARREAL CF B: Iker Álvarez, Alti, Abraham, Del Moral, Carlo (83’ Gelardo), Forés (90’ Tiago), Ontiveros (90’ Tiago), Pascual (77’ Víctor), Lekovic, Requena (83’ Rodrigo) eta Espigares.

SD AMOREBIETA: Campos, Jorge Mier (51’ Núñez), Etxeita, Manu Hernando, Félix (78’ Lasure), Erik Morán, Carbonell (65’ Eraso), Dorrio, Morci (65’ Quintero), Edwards eta Jauregi (46’ Da Graca).

Golak: 1-0: Min. 31; Ontiveros. 2-0: Min. 47; Forés. 2-1: Min. 54; Manu Hernando. 3-1: Min. 59; Lekovic.

Árbitro: Milla Alvendiz.  Txartel horiak atera dizkie Del Moral (Villarreal B); eta SDA-ko Da Graca, Dorrio, Manu Hernando eta Edwards jokalariei.

Compártelo