Urdinen garaipena Soduperen zelaian
Urdinek 0-2 irabazi dute gaur arratsaldean Hurtado de Saratxon Sodupe UC taldearen aurka jokatutako prestaketa partidan. Reka eta Ibai Cabo izan dira golegileak Muguruzaren paseak aprobetxatuz. Jon Castrilloren mutilek lehia ona jokatu dute eta motorrak kargatzen eta lehiaketa ofizialari begira kontzeptuak eskuratzen jarraitzen dute. Abaguneak sortzeaz gain, defentsa lanetan sendotasuna erakutsi dute berriro eta atea hutsean utzi dute hirugarren partidaz jarraian, Eibar B eta Cultural de Durangoren aurka jokatutakoen ostean.
Zornotzarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian eta abagune onak izan dituzte. Besteak beste, Iker Torrek buruz egindako erremateak atezainaren geldiketa bikainarekin egin du topo eta atzelari batek atepean Ajuriagoikoaren gola eragotzi du.
Atsedenaldira 0-0 iritsi ostean, urdinek lan onaren saria lortu dute bigarren zatian. 60. minutuan 0-1ekoa iritsi da Rekaren bitartez. Zornotzarrak Muguruzaren heriotzaren pasea aprobetxatu du Azkuna harrobiko jokalariak ondo gidatutako jokaldiaren ostean. Handik gutxira, Cabok 0-2koa sinatu du, Muguruzaren asistentzia berri baten ostean. Bere pase sakona baliatu du aurrelariak buruz burukoan gola sartzeko.
SDAren aldetik, hasierako hamaikakoa Murgoitio, Hernaiz, Iker Torre, Ajuriagoikoa, Reka, Larralde, Intxausti, Ignacio, Eder, Peru eta Azkunak osatu dute. Petralanda, Muguruza, Cabo, Erik Moran, Etxaniz, Iñi, Diaz de Alda, Presa, Bikandi, Diego eta Josep Diaz jokalariek ere parte hartu dute.