Urdinek denboraldiaurreko lehen garaipena lortu dute Txolonen sortutako gol batekin
Urdinek denboraldiaurreko lehen garaipena lortu dute gaur Urritxen Eibar B taldearen aurka jokatutako hirugarren prestaketa partidan. Partida amaitzeko ordu laurdenera iritsi da gol bakarra, Txolonetik irtendako hiru jokalariren protagonismoarekin. Iñigo Beaskoetxeak jokaldia hasi du Unai Bikandiren pase luze batekin, aurrelaria barruraino sartu da eta Peru Candaudapekin konektatu du, azken honek baloia ate barrura bidali duelarik.
Eibar B-k aukera ona izan du hasi bezain laster, baina Murgoitiok geldiketa bikain batekin erantzun du. Hortik aurrera, bero handian jokatutako partidan, areatara gutxi iritsi dira bi taldeak lehen zatian zehar. Urdinen aldetik, Caboren jaurtiketa atezain bisitariak kornerrera desbideratu du lehen ordu erdia gaindituta. Horrela, partida hasierako markagailuarekin heldu da atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, urdinek abagune onenak izan dituzte. Intxaustiren korrikaldi baten ondoren, Etxanizek zartako batekin egin du proba eta atezainari luzatzera behartu dio. Ondoren, Reka izan da gola sartzeko zorian egon dena, Erik Moranen pasea baliatuta, baina bere jaurtiketa kanpora joan da buruz burukoan. Amaierarako hogei minuturen faltan, Bikandik atezainaren geldiketarekin egin du topo, Rekarekin arean konbinatu ondoren.
Txolonen sartutako gola 75. minutuan heldu da. Iñik baloia luze bidali du, Bikandi area barruan sartu da eta Peruri eman dio baloia honek gola ate barrura bidaltzeko. Azkuna, harrobiko beste jokalari bat, 86.ean abantaila handitzeko zorian egon da jaurtiketa bikain batekin, baina atezainak geldiketa ona egin du. Azkenengo minutuan, Eibar B berdinketa lortzetik gertu egon da, baina oinarrizko futboleko beste jokalari bat, Aritz Petralanda atezaina, ondo luzatu da 1-0ekoa mantentzeko.
SD AMOREBIETA: Murgoitio, Intxausti, Iker Torre, Presa, Hernaiz, Agirre, Eder, Larralde, Josep Díaz, Cabo eta Etxaniz. Aulkitik Petralanda, Diaz de Alda, Ignacio, Erik Morán, Ajuriagoikoa, Peru, Reka, Iñi, Azkuna, Muguruza eta Bikandi zelairatu dira.
SD EIBAR B: Oier Rodrigo, Izei Astarloa, Galder Herranz, Óscar García, Mario Fuente, Haritz Ortuzar, Markel Intxaurraga, Jonan Gromaz, Iker Otadui, Hugo Rastrilla eta Unai Garcés. Aulkitik atera dira Braim El Houas, Alex Nores, Beñat Alejo, Aner Alberdi, Unax Bernal, Asier Santolaya, Ander Yarza, Iker Zubiria, Llorenç Ferres, Marcos Pérez eta Xavi Pastor.
Gola: Min. 75; Peru.
Epailea: Gorka Etayo.