SD Amorebieta

Abian da Sociedad Deportiva Amorebietako lehen taldearen aurredenboraldia. Urdinak gaur, uztailak 18, astelehena, itzuli dira lanera kanpaina berri honetako lehen entrenamenduarekin. Gure taldeak Lehen Federazioan jokatuko du, futbol nazionalaren hirugarren mailan, bi multzotan banatutako 40 taldek osatuta.

Zornotzarrak 2. multzoan egongo dira honako talde hauekin batera: Bilbao Athletic (Bizkaia), Real Sociedad B (Gipuzkoa), Real Unión Club (Gipuzkoa) Osasuna Promesas (Nafarroa), CD Calahorra (Errioxa), SD Logroñés (Errioxa), UD Logroñés (Errioxa), CD Numancia (Soria), CE Sabadell (Bartzelona), FC Barcelona B (Bartzelona), UE Cornellá (Bartzelona), Gimnastic de Tarragona (Tarragona), CD Castellón (Castelló), CD Alcoyano (Alicante), CD Eldense (Alacant), CF Intercity (Alacant), CF La Nucía (Alacant), Real Murcia CF (Murtzia) eta CD Atlético Baleares (Mallorca).

Haritz Mujikak jarraituko du talde urdina zuzentzen. Berarekin batera, talde tekinikoan hurrengo pertsonek segituko dute: Unai Zubiaur (bigarren entrenatzailea), Rufino Lekue (atezainen prestatzailea), Juan Sebastian Conde eta Danel Etxeberria fisioterapeutak, Zigor Egiarte (psikologoa) eta Borja Alonso (ordezkaria). Prestatzaile fisiko gisa Igor Arteaga sartu da, azken denboraldietan SD Eibar eta Arenas Club klubetan aritua.

Plantilari dagokionez, joan den denboraldiarekiko berritasun ugarirekin aurkeztu da. Honako hauek izan dira lehen entrenamenduan egon diren futbolariak: Unai Marino, Mikel Goiria eta Jon Mikel Magunagoitia (Zamora CF) atezainak; Beñat Garro, Beñat Leiza, Unai Uberuaga, Aitor Intxausti, Javier Murua (Salamanca CF UDS) eta Xiker Ozerinjauregi (SD Logroñés) atzelariak; Xabier Ayarza, Youssef Issakhi eta Unai Bujan (Sestao River) erdilariak;  eta Urko Izeta (SD Eibartik lagatuta, pasa den denboraldian Arenasen) eta Mikel Pradera (Real Unión) aurrelariak.

Goiria, Garro, Leiza eta Ube Urritxera itzuli dira Uritarra, Arenas, Sestao River eta Getxon egindako lagapenen ondoren, hurrenez hurren. Intxausti filialetik igo da eta Ayarza eta Issakhi gazteen A taldetik. Besteak aurpegi berriak dira. Ez hainbeste Jonmi atezain zornotzarrarena, SDAko harrobian hezi eta 2018-19 denboraldian lehen taldean aritu baitzen.

Liga txapelketa abuztuko azken asteburuan hasiko da. Ordura arte, hainbat lagunarteko antolatu dira. Momentuz, hurrengoak dira:

– Eibar-SDA. Uztailaren 29an, 18:30ean, Atxabalpen.

– SDA-Osasuna Promesas. Abuztuaren 6an Urritxen.

– SDA-Numancia. Abuztuaren 10ean, 18:30ean, Urritxen.

– SDA-Bilbao Athletic. Abuztuaren 13an.

– Gernika-SDA. Abuztuaren 18an Urbietan.

– SDA-Sestao River. Abuztuaren 20an.

Partekatu