SD Amorebieta

Urritxetik kanpo lortutako lehen garaipena modu zoragarrian heldu da. Urdinek 0-2 hartu dute mendean Unio Esportiva Cornella, bi hilabete galdu gabe eta aurreko zazpi jardunaldietan gol bakarra jasotzetik zetorren taldea. Gainera, RCDE Stadium ikusgarrian, Espanyolen estadioan, denboraldi honetan Cornellak bertan jokatzen baitu bere ohiko zelaiak RFEF-ek eskatutako baldintzak betetzen ez dituelako. Bi golak bigarren zatian izan dira, biak Izetaren sinadurarekin. 

Lehen zatia parekatua izan da eta ez da ia aukera aipagarririk izan. Gureek espazio bila mugitu dute baloia, Kataluniako taldeari min egiteko, baina honek erakutsi du zergatik utzi zuen bere atea hutsean bere azken lau konpromisoetan. Urdinak ere atzean sendo egon dira, azken asteetan defentsa lanetn izandako hobekuntza islatuz -gol bakarra jaso dute azken lau jardunaldietan-. Gauzak horrela, hasierako markagailuarekin iritsi dira atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli bezain laster egoera aldatu egin da. Izan ere, zornotzarrek markagailua inauguratu dute 49. minutuan. Jorge Mierrek erdiraketa bikaina egin du eskuinetik eta Izetaren burukada itzelak 0-1ekoa eragin du. Golak indarrak eman dizkie gureei eta bi aukera argi izan dituzte 63. eta 64. minutuetan. Hala ere, Anackerren geldiketek Cantonen eta Praderaren dianak saihestu dituzte. Amaierarako ordu laurden falta zenean, Cornellak berdinketa lortzeko aukera ona izan du, baina Marino handia egin da Alex Lopezen saiakera zapuzteko.

Haritz Mujikaren mutilek kontrolpean izan dute partida, defentsan lan serioa eginda. Atzelariak bikain egon dira, haien aurretik Yriarte eta Sibo bezalako jokalariek egin duten lan izugarriaren laguntzarekin.  Lasaitasunaren gola 82.ean iritsi da, Anackerrek ondo erantzun dio Dorrioren tiroari, baina hor agertu da Izeta aldaratzea ehizatu eta 0-2koa fusilatzeko.

UE CORNELLÀ: Lucas Anacker, Andreu, Rubén Enri (72’ Gorriti), Gil Muntadas, Isaac Nana (72’ Folch), Kike López (86’ Tavares), Blanco (86’ Mamor), Redru, Fullana, Álex López eta Nahuel (61’ Alfred).

SD AMOREBIETA: Marino, Jorge Mier (87’ Víctor López), Murua, Etxeita, Seguín, Yriarte, Sibo, Cantón (76’ Rayco), Buján (76’ Dorrio), Izeta (87’ Albisua) eta Jauregi (62’ Pradera). 

Golak: 0-1: Min. 49; Izeta. 0-2: Min. 82; Izeta. 

Epailea: José David Martínez Montalbán. Txartel horiak atera dizkie Nana eta Mamor Cornellako jokalariei; eta SDAko Etxeitari. 

Compártelo