UD Mutilvera 0-2 SD Amorebieta: Urdinek garaipenarekin agurtu dute liga… Eta Errege Koparako sailkapenarekin!
Urdinak zazpigarren postuan iristen ziren azken jardunaldira eta oraindik helburu bat zuten jokoan: 2026-27 Errege Koparako postu bat lortzea, multzoko bost talde onenentzat gordeta filialak kontuan hartu gabe. Alaves B bigarren postuan dagoela kontuan hartuta, sailkapenaren seigarren laukira igo beharra zegoen. Lortzeko modu bakarra UD Mutilverari egindako bisitan irabaztea eta albisteen zain egotea zen, batez ere CD Ebroren porrota bere zelaian, non denboraldi osoan ez zuen galdu, UD Logroñesen aurka. Bada, biak eman dira eta urdinek Koparen hurrengo ediziorako txartela eskuratu dute. SDAri garaipena eman dioten bi golek Torricoren zigilua eraman dute lehen zatiko azken minutuetan.
Mutilvera ondo sartu da partidara, baina lehen aukera aipagarria gureek sortu dute Torricoren bitartez, Ojer atezainak esku ona sartu behar izan baitu 4. minutuan. Norgehiagokak berdinduta eta gerturaketa gutxirekin jarraitu du lehen zatiko azken txanpara arte. 0-1ekoa 41.ean iritsi da Castañedak jaurtitako korner baten ondoren. Ituartek buruz jo du eta baloia Torrico zegoen lekura joan da. Honek sarera bidali du erremate polit batekin. Aldageletara joan aurretik 0-2koa heldua da. Arzalluz area barruan sartu da, baina Ojerrek gola ukatu dio. Hala ere, aldaratzea Torricok jaso du eta abantaila handitu du.
Etxeko taldea indartsu zelairatu da atsedenaldiaren ostean, urdinak markagailuari eusteko defendatzera behartuz. Zangok geldiketa ona egin behar izan du Bujandaren jaurtiketa desbideratzeko. Aitor Zulaikak aldaketak egin ditu taldeari energiaz eusteko eta urdinek kontrolpean izan dute lehia. Hirugarrena sartzeko aukera argia izan dute azken txanpan Zorrillaren bitartez, Hodei Rodriguezen eta Rekaren jokaldi on baten ostean, baina jaurtiketa langa gainetik joan da. Garaipen honekin eta CD Ebrok UD Logroñesen aurka 0-3 galdu ondoren, urdinek seigarren postuan bukatu dute txapelketa eta 2026-27ko Errege Kopa jokatuko dute.
UD MUTILVERA: Ojer, Teres (82′ Ardanaz), Banzo, Goikoetxea, Roncal, Tiago (58′ Eloi), Aranguren (58′ Morte), Yaniz (82′ Iker), Roldán (58′ Bujanda) Xabi Goñi eta Lizarraga.
SD AMOREBIETA: Zango, Ceballos, Odei, Castañeda (69′ Entrecanales), Elías, Arratibel, Ituarte, Intxausti (69′ Hodei Rodríguez), Arzalluz (79′ Reka), Zorrilla (85′ Etxaniz) eta Torrico (69′ Asier Sánchez).
Golak: 0-1: Min. 41; Torrico. 0-2: Min. 45; Torrico.
Epailea: Pablo Ibáñez. Txartel horiak: Banzo, Teres; Ceballos eta Castañeda.