SD Amorebieta

Urdinek laugarren garaipena jarraian lortzetik oso gertu egon dira, Union Deportiva Logroñosi egindako bisitan.  Gureak aurreratu dira lehen zatian Bujanen bitartez eta errenta handitzeko abaguneak izan dituzte, baina ezin izan dute bigarren sartu eta Mendesek 1-1ekoa lortu du azken txanpan.

Errioxako taldeak aurrea hartzeko aukera paregabea izan du partida hasi eta berehala. Izan ere, 5. minutuan, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du. Zornotzarren zorionerako, Menudok 11 metroetatik egindako jaurtiketak langaren kontra jo du. Handik gutxira, Jauregik eskatu du beste penalti bat zelaiaren beste aldean, baina oraingo honetan ez du adierazi.

Norgehiagokak berdinduta eta aukera aipagarririk gabe jarraitu du, ordu erdira iritsi aurretik urdinek markagailua inauguratu duten arte. Seguinek hegala igo eta erdiraketa bat atera du area ingurura. Bujanek bigarren zutoinean harrapatu du baloia Gonzalo jaurtiketa gogor batekin gainditzeko. Golak konfiantza eman die gureei, eta jaun eta jabe izan dira atsedenaldira arte, baina ezin izan dute arrisku nabarmenik sortu.

Haritz Mujikaren mutilak entxufatuta itzuli dira aldageletatik eta bigarrena sartzetik hurbil egon dira. Raycok bilatu du, Gonzalok gelditu duen burukada batekin. Izetak ere, txisteratik kolpe ikusgarria atera du, baina ez du eskuadra oso gutxigatik aurkitu.

Minutuak aurrera joan ahala, albiste gutxi izan dira areetan azken txanpara arte. 0-2koa oso gertu egon da 79.ean, Arregik, jokalari urdin ohiak, Muruaren burukada atepetik atera duenean. Praderaren beste burukada on bat Gonzalok harrapatu du jarraian. Partida kontrolpean zegoela zirudienean, etxekoek 1-1ekoa sartu dute 86.ean, Mendesek egindako jaurtiketa bortitz bati esker. Azkenean biek bilatu dute garaipena, baina lehia puntu banaketarekin amaitu da.

UD LOGROÑÉS: Gonzalo, Campins (72’ Sergi López), Arregi, Cristian, Kortazar, Markel (56’ Boniquet), Sierra, Keita (83’ Zourdine), Doncel, Vinicius (56’ Mendes) eta Menudo (72’ Pichín).

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Murua, Seguín, Yriarte (73’ Albisua), Sibo, Buján (73’ Víctor López), Rayco (87’ Dorrio), Izeta (64’ Cantón) eta Jauregi (46’ Pradera).

Golak: 0-1: Min. 28; Buján. 1-1: Min. 86; Mendes. 

Epailea: Pardeiro Puente.  Txartel horiak atera dizkie Sierra; Yriarte, Sibo eta Víctor López jokalariei.

Partekatu