SD Amorebieta

Sociedad Deportiva Amorebietak irudi oso ona eskaini du Unión Deportiva Las Palmasi egindako bisita zailean, gaur gauean Estadio Gran Canaria zelaian jokatu den LaLiga SmartBankeko 35. jardunaldiko partidan. Hala ere, zornotzarrak, gehiago merezi izan dutenak, esku-hutsik itzuliko dira etxera 1-0 galdu ostean. Lehen zatian berdinduta egon den norgehiagoka, Kirianek desorekatu du bigarren zatiaren hasieran gol eder batekin. Gureek ere gol bat lortu dute Álvaro Peñaren bitartez, baina baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo oso eztabaidagarri bat adierazi ondoren.

Urdinak, gaurkoan beltzez jantzita, ondo sartu dira norgehiagokara, gogotsu eta serio hasiera-hasieratik. Horren erakusle da lehen aukera zornotzarrek izan dutela 10. minutuan. Guruzetak Larrarekin konektatu du eta azken honen jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik. Las Palmasek, igotzeko borrokan murgilduta, bere baloi-tratu ona erakutsi du, zuloen bila mugituz. Hala ere, Haritz Mujikaren mutilak sendo egon dira defentsa lanetan eta aurkariak ezin izan du abagune aipagarririk eraiki lehen ordu erdian. Kanaria Handiko taldeak abisua eman du 31. minutuan geldikako jokaldi batean, aterik aurkitu ez duen Cocoren burukada baten bidez. Argiagoa izan du Sadikuk lehen zatiko azken txanpan. Zorionez, bere errematea kanpora joan da.

Aldageletatik bueltatu bezain laster urdinak arriskuarekin heldu dira etxekoen atera, baina Olaetxeren zartakoa gurutzatuegia atera da. Las Palmasek 1-0ekoa sartuz erantzun du, Kirianen bolea itzel baten bitartez. Berdinketa lortzeko zorian egon da Guruzeta norgehiagokaren lehen ordua pasata, Álvaro Peñaren pase on baten ostean, baina Valles atezainak gola saihestu du.

Gure taldeak, presioan gogor, erasora jo du eta Alvaro Peñak 68. minutuan berdinketa zirudiena sinatu du. Hala ere, erabaki oso eztabaidagarri batean, jokoz kanpo adierazi dute, Nolaskoainek atezainaren ikusmen ona eragozten zuela ulertuta. Peru aurreratuta zegoen, baina atezainaren albo batean. Buruz sartzeko zorian izan da Aldalur minutu batzuk geroago, baina ezin izan du errematea ondo lotu. Penaltia eskatu du etxeko atzelari batek heldu diolako, baina epaileak ez du ezer adierazi. Urdinek saiatzen jarraitu dute. San Josek ere gertu izan du gola 85. minutuan, aterik aurkitu ez duen tiro batekin. Gureek amaierara arte borrokatu dute, baina gaurkoan futbolak ez du justiziarik egin.

UD LAS PALMAS: Valles, Lemos, Coco, Raúl Navas, Benito (73’ Óscar), Mfulu (78’ Fabio), Kirian, Rober (73’ Benito), Moleiro (65’ Maikel), Viera eta Sadiku. 

SD AMOREBIETA: Santamaría, Aldalur, Óscar Gil, Markel Lozano, Nolaskoain, Seguín (83’ Andoni López), San José, Javi Ros (72’ Larru), Olaetxea (52’ Álvaro Peña), Larra (83’ Etxaburu) eta Guruzeta (72’ Obi).

Gola: 1-0: Min. 47, Kirian. 

Epailea: García Verdura (Katalunia). Txartel horia atera dio Fabiori UD Las Palmasen aldetik; eta SDAko Aldalur, Javi Ros eta Óscar Gil jokalariei.

Partekatu