SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Estadio de los Juegos Mediterráneos zelaian, non bigarren sailkatuak, Unión Deportiva Almeriak, 3-0 irabzai du LaLiga SmartBankeko 39. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren mutilek lehen zati oso ona osatu dute, atzean sendo egon dira eta aukerak sortu dituzte aurrekaldean. Talde andaluziarraren golak atsedenaldiaren ostean iritsi dira, lehenengo biak geldikako jokaldietan. Une honetatik aurrera, datorren asteburuan SD Huescaren aurka jokatuko den norgehiagokan pentsatu behar da.

Giro izugarria izan da estadioan, sarrera guztiak agortuta. Hala ere, urdinak ez dira ikaratu eta ondo sartu dira. Izan ere, lehen abagune aipagarria gureek izan dute 18. minutuan. Aldalurrek erdiraketa zehatza jarri du eta Obik Fernandoren geldiketa salbatzailearekin topo egin du. Aukera argi horren ondoren, Guruzeta izan da atea bilatu duena 22an, eskuadratik gertu joan den bolea bortitz baten bidez. Etxeko taldeak, zuzenean igotzeko borrokan bete-betean sartuta, norgehiagokaren pisua zeraman, baina Marino estutu barik. 

Lehen ordu erdia gaindituta, Andoni Lopezek ezkerretik egindako erdiraketa errematatu du Obik, baina baloiak atzelari baten jo du.  Jarraian, Almeriak kontraeraso ikusgarria burutu du eta Portillok langa gainetik jaurti du. Handik gutxira, Pozok ere ez du atea aurkitu urrutiko saiakera gogor batekin. Lehen zatiko azken aukera zornotzarra izan da, baina Obik area ertzetik egindako jaurtiketa Fernandok harrapatu du.

Aldageletatik igaro ostean, Almeriak aurrerapauso bat eman du markagailua zabaltzeko helburuarekin. Marinok Portilloren gola ekidin du 53an geldiketa bikain batekin. Jokaldiak kornerrean bukatu du eta hor heldu da 1-0ekoa. Kolpea jaso ondoren, urdinek borrokan jarraitu dute, ohikoa den bezala. 

Morenok berdinketa lortzeko abagunea izan du 62an Aldalurren erdiraketa aprobetxatuz, baina bere burukada kanpora joan da. 1-1ekoa egiteko zorian egon da Óscar Gil 69an Javi Rosek botatako falta baten ostean. Bere erremateak zutoinean jo du. Bai asmatu duena etxeko taldea izan da, berriz ere geldikako jokaldi batean. Babic 2-0ekoa sartu du 75ean ondo zuzendutako burukada batekin. 80. minutua pasata, Almeriak errenta handitzeko aukera izan du penaltiz. Hala ere, Marinok esku bikaina atera du Sadiqen jaurtiketa gelditzeko. Dena den, Nigeriako aurrelariak behin betiko 3-0ekoa egin du 88an, kontraeraso bat aprobetxatuz.

UD ALMERÍA: Fernando, Pozo, Ely (64’ Carriço), Babic, Akieme, De la Hoz, Samu, Robertone (74’ Eguaras), Portillo (87’ Appiah), Ramazani (74’ Lazo) eta Sadiq. 

SD AMOREBIETA: Marino, Aldalur (75’ Larra), Óscar Gil, Nolaskoain (79’ Orozko), Irazabal, Andoni López (75’ Seguín), San José, Javi Ros, Álvaro Peña (56’ Olaetxea), Obi (56’ Moreno) eta Guruzeta.

Golak: 1-0: Min. 54; Andoni López, bere atean. 2-0: Min. 74; Babic. 3-0: Min. 88, Sadiq.

Epailea: Javier Iglesias Villanueva (Galizia). Txartel horiak atera dizkie Andoni López, Irazabal eta Olaetxea jokalariei.

Compártelo