SD Amorebieta

Joan den maiatzaren 27an, urdinek SmartBank Ligara igotzea lortu zuten, Lehen Federazioko 2. Multzoko lehen postua ziurtatu ostean. Gaur, ekainak 10, amaiera bikaina eman diote 2022-2023 denboraldi historikoari. Izan ere, 2. Multzoko garailea izan den Racing de Ferrolen kontra txapeldunen kanporaketa irabazi dute eta kategoriako garaikurra lortu dute. Haritz Mujikaren mutilak tituluarekin egin dira dute talde galiziarra bi partidatan mendean hartuta. Joan den astean 3-0 nagusitu ziren Urritxen joaneko neurketan eta gaur A Malatan jokatu den bueltako norgehiagokan 2-0ekoa izan da. Beraz, emaitza orokorra 3-2 izan da zornotzarren alde.

Aurreko astean bezala, txapelketaren azken txanpan minutu gutxien jokatu dituzten futbolarien aldeko apustua egin du urdinen entrenatzaileak. Berriro ere, maila bikaina eman dute, igoeraren arrakasta guztiei esker lortu dela erakutsiz. Etxeko taldea biziago atera da gol goiztiar bat bilatzeko asmoz, gureei defendatzera behartuz. Jon Garciaren erremate batek langan jo du eta 21. minutuan Marinok esku ona sartu du Bernalen jaurtiketa arriskutsua desbideratzeko. Lehen ordu erdia gaindituta, urdinek abagune ona sortu dute, baina Praderaren erremateak ez du aterik aurkitu. Iturraspek argiago izan du 36.ean, Diego Rivas hegan egitera behartu duen saiakera gogor batekin. 40. minutuan Racing izan da gola sartzeko zorian egon dena. Antxonek atepean, lehenengo, eta Marinok, jarraian, 0-0ekoari eutsi diote eta markagailu horrekin heldu da norgehiagoka atsedenaldira. 

Aldagelatik igarotzeak on egin dio talde zornotzarrari. Bigarren zatia berdinduago hasi da, aukera handirik gabe bi aldeetan. Albiste negatiboa neurketa lehen orduara iritsi denean gertatu da, Iturraspek zelaia utzi behar izan baitu lepauztaiaren haustura batengatik eta hospitalera eraman behar izan dute. Minutuek aurrera egiten jarraitu dute eta areatan albisterik ez, baina, zoritxarrez, etxekoek aurrea hartu dute markagailuan Muruak bere atean sartutako golari esker, erdiraketa arriskutsu bat mozten saiatu denean 78an. 84an, Heberrek 2-0ekoa sinatu du eta A Malatak markagailua iraultzeko aukerarekin amets egin du. Baina gureek hortzak estutu dituzte amaierara arte. Beste behin. Urdinek berriz erakutsi dute sufritzen badakitela. Elkarrekin. 90. minutua bete ondoren, 6 minutuko luzapena egon da. Gure jokalariek baloia bere atetik urrun mantendu dute eta joaneko partidako errenta ona egin dute. Super txapeldunak!

RACING DE FERROL: Diego Rivas, Jon García, Jesús Bernal, Manu Justo, Luis Chacón (70’ Del Pozo), David Castro, Fran Manzanara (55’ Manel Martínez), Brais Martínez (46’ Heber), Jorge Padilla (46’ Álex López), Pep Caballé (46’ Enol) eta Carlos Vicente.

SD AMOREBIETA: Marino, Jorge Mier, Murua, Antxon, Toni Herrero, Albisua, Cantón (62’ Yriarte), Iturraspe (62’ Edwards), Dorrio (86’ Etxeita), Buján (62’ Jauregi) eta Pradera (79’ Ewan).

Golak: 1-0: Min. 78; Murua, bere atean. 2-0: Min. 84; Heber. 

Epailea: Pérez Peraza. Txartel horiak atera dizkie etxeko taldeko Manu Justori; eta SDAko Iturraspe, Pradera, Mier eta Ewan jokalariei.

Compártelo