Sestao River 1-2 SD Amorebieta: Garaipena Las Llanaseko derbian
Urdinek denboraldiaurreko bosgarren lagunarteko partida jokatu dute gaur eta garaipena lortu dute berriro. Oraingoan, Lehen Federazioko Sestao River gainditu dute 1-2 Las Llanasen jokatutako derbi bizkaitarrean. Haritz Mujikaren taldearen golak Quinterok eta Erasok sinatu dituzte.
Zornotzarrak nagusi izan dira hasierako minutuetan, baina ezin izan dute abagune argirik sortu. Bero handia ere protagonista izan da hasieratik. Lehen aukera azpimarragarria etxekoek izan dute Ibai Sanzen burukada batekin. Golak lehen zatiko azken txanpan iritsi dira. Quinterok jaurtiketa ikusgarria egin du area ertzetik baloia eskuadran jartzeko. Eta aldageletara joan aurretik, Garaik berdinketa itzuli du markagailura jokaldi on baten ondoren.
Bigarren zatia antzeko gidoiarekin hasi da. Gureak baloiaren jabe egin dira, baina ezin izan dute etxeko atezaina proban jarri. Edwards saiatu da erremate akrobatiko batekin Seguinen korner baten ostean, baina atzelari batek baloia estali du 1-2koa saihestuz. Nekea, beroak areagotua, bi taldeetan nabaritu da minutuek aurrera egin ahala, eta erritmoa motelduz joan da. Partida berdinketara bideratuta zegoela zirudien, baina gureek gola lortu dute 82.ean, Erasok Nuñezen erdiraketa sare barrura bidali duenean. Horrela, SDAk denboraldiaurreko bosgarren garaipena lortu du. Hurrengo hitzordua, abuztuaren 5ean, larunbata, Racingen aurka Laredon.
SESTAO RIVER: Unai Ruiz, Álvaro Mateo, Mario Camero, Gaizka Martínez, Adrián León, Aranzabe, Garai, Jon Cabo, Kepa Uriarte, Gete eta Ibai Sanz. Aulkitik Markel Etxebarria, Ndiaga, Lobato, Leandro, Guruzeta, Asier Del Río, Javi Moreno eta Guille zelairatu dira.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Mier, Etxeita, Félix, Seguín, Morán, Carbonell, Edwards, Quintero, Grant eta Jauregi. Marino, Núñez, Sibo, Eraso, Dorrio, Lasure eta Hernando futbolariek ere jokatu dute.
Golak: 0-1: Min. 39; Quintero. 1-1: Min. 45; Garai. 1-2: Min. 82; Eraso.
Epailea: Aimar Velasco Arraiza.