Sociedad Deportiva Amorebietak Batzar Nagusia egin du gaur arratsaldean, apirilak 3, Zelaieta Zentroko ekitaldi-aretoan. Bertan, bazkideek aho batez onartu dituzte pasa den denboraldiko kontuak eta hainbat aldaketa klubaren estatutuetan.

Klub zornotzarraren masa sozialak bere oniritzia eman dio 2021-2022 denboraldiko balantze ekonomikoari. Pasa den kanpainian, lehen taldeak LaLiga SmartBanken lehiatu zuenean, zifretan eragin handia duena, 7.562.566 euroko diru-sarrerak lortu ziren eta 6.999.114 euroko gastua egin zen. Beraz, 563.452 euroko irabaziak egon ziren. Horrela, futbol profesionaletik igarotzeak kontuak guztiz saneatuta uzten ditu. Egindako auditoritzaren txosten osoa klubaren webgunean kontsulta daiteke, ‘Gardentasuna’ atalean Cuentas anuales abreviadas a 30/6/22 izenarekin:  https://sdamorebieta.eus/eu/gardentasuna/ 

Gainera, Sociedad Deportiva Amorebietako bazkideek argi berdea eman diote estatutuetako hainbat puntu aldatzeari, aho batez berriro. Egindako aldaketen artean dago hemendik aurrera Batzarrak bigarren deialdian burutu ahal izango direla klubeko bazkideen %10a gerturatzen ez bada ere. Horrela, 24 ordu igaro ondoren hirugarren deialdi bat egin behar izatea saihestuko da. Estatutuak eguneratzeko eta modernizatzeko balio duten aldaketa hauek albiste honen taulan daude jasota: https://sdamorebieta.eus/es/propuesta-para-el-cambio-de-estatutos/.

Partekatu