SDAko Batzarrak aho batez onartu ditu 2024-25eko aurrekontua eta kuotak
SD Amorebietak Ohiko Batzar Orokorra egin du astearte honetan, uztailak 23, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroko ekitaldi-aretoan. Hitzordura 77 bazkide bertaratu dira, eta hauek 2024-2025 denboraldirako klubaren aurrekontua onartu dute, 2,7 milioi euro ingurukoa, 570.000 euroko superabitarekin amaitzeko aurreikuspenarekin. Bazkideek ere argi berdea eman diete denboraldi honetan ordaindu beharreko kuotei eta Jon Larrea presidentea buru duen Zuzendaritza Batzordeak kanpaina honetarako kirol proiektua aurkeztu du.
Bileraren hasierako zatian, aurreko batzarraren akta eta 2023-24ko memoria onartu dira. Halaber, bazkideek oniritzia eman diote 2022-23 denboraldiko kontu-auditoretzari, Lehen Federazioko aurreko etapakoa, 258.608 euroko irabaziarekin bukatu zena.
Gai-zerrendako laugarren puntua kanpaina berri honetarako kuotei buruzkoa izan da, gerturatu diren bazkide guztien aldeko botoekin onartu direnak. Joan den denboraldian bazkide izan zirenentzako abonuen prezioak haurren txartelaren 50 eurotik (16 urtetik beherakoentzat) helduen tribuna-txartelaren 235 eurora bitartekoa izango da. (195 euro gune orokorrean). Erretiratuek (160 euro tribunan eta 140 euro orokorrean) eta 16 eta 26 urte bitarteko gazteek (75 euro) prezio murriztuak izango dituzte. Alta berrien kasuan, kuoten prezioa 10 euro gehiago izango da, hau da, 60 eurotik 245 eurora.
Era berean, 2024-2025 denboraldirako aurrekontuari oniritzia eman dio Batzarrak. SDAk 2,7 milioi euro inguruko diru-sarrerak izango ditu, eta 2,1 milioi euroko gastuak aurreikusi ditu. Hori dela eta, denboraldia ia 600.000 euroko superabitarekin amaitzea aurreikusi du. Aurrekontua aho batez onartu da.
Zuzendaritza batzordeak ikasturte berrirako kirol proiektua aurkeztu du, non klubak 17 talde izango ditu. Senior mailako hiru taldek, jubenil mailako bik, kadete mailako hiruk, infantil lauk, alebin bik, benjamine bik eta pasa den denboraldian sortutako beteranoen emakumezko taldeak osatuko dute egitura.
Gainera, bazkideei gogorarazi zaie klubak 100 urte beteko dituela 2025ean, eta datorren urtean mendeurrena ospatzeko antolatuko diren ekitaldietan lanean hasi direla.