SD Amorebietak Ohiko Batzar Orokorra egin du astearte honetan, uztailak 28, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. 55 bazkide bertaratu dira eta hauek 2026-2027 denboraldirako aurrekontua eta ordaindu beharreko kuotak onartu dituzte. Carlos Gómez Vicandi presidentea buru duen Zuzendaritza Batzorde berriak denboraldi honetarako kirol proiektua aurkeztu du.

Aurreko Batzarreko akta eta 2025-26ko memoria onartu ondoren, kanpaina berriko kuotak aurkeztu dira, 53 aldeko botorekin, bi abstentziorekin eta kontrako botorik gabe onartu direnak. Pasa den denboraldian bazkide izan zirenentzako abonuen prezioak haurren txartelaren 60 eurotik (16 urtetik beherakoentzat) helduen tribuna-txartelaren 235 eurora bitartekoa izango da (195 euro gune orokorrean). Jubilatuek (160 euro tribunan eta 145 euro orokorrean) eta 16 eta 26 urte bitarteko gazteek (100 euro) prezio murriztuak izango dituzte. Alta berrien kasuan, kuoten prezioa 10 euro gehiago izango da kategoria bakoitzean. 

Aipatutako karnet hauek bai lehen taldeak Urritxen bai harrobiko taldeek Txolonen jokatzen dituzten neurketetara joateko aukera ematen dute.  Bazkideek promozio bereziak aprobetxatu ahal izango dituzte eta % 10eko deskontua izango dute klubeko denda ofizialean egiten dituzten erosketetan. Gainera, bakarrik oinarrizko futbola ikusi nahi dutenentzako karneta egongo da, ‘Txolon Txartela’, 80 euroren truke lortu ahal dena.

Gero, 2026-2027 denboraldirako aurrekontuari oniritzia eman dio Batzarrak. SDAk 864.262 euroko diru-sarrerak eta gastua izango dituela aurreikusi da. Hala ere, diru-sarrerak handitzeko helburuarekin lanean ari direla azaldu du zuzendaritza batzordeak. Aldeko 52 botorekin, 3 abstentziorekin eta kontrako botorik gabe onartu da aurrekontua.

Denboraldi berrirako kirol proiektua ere aurkeztu dute. 18 taldek osatuko dute klubaren egitura, aurrekoan bezala: hiru senior, beteranoen emakumezkoa, jubenil bi, kadete hiru, infantil hiru, alebin lau eta benjamin bi.

Compártelo