SD Amorebieta

Urdinek Sociedad San Pedroren mendeurreneko partidan parte hartu dute gaur arratsaldean Las Llanasen, non Haritz Mujikaren mutilek garaipena lortu dute 0–4eko markagailuarekin.

Hasierako hamaikakoa Marino, Jorge Mier, Bustinza, Abde, Seguín, Carbonell, Juan, Quintero, Morci, Rayco eta Da Graca jokalariek osatu dute. Bigarren zatian Magunagoitia, Vázquez, Gayà, Lasure, Erik Morán, Félix, Edwards, Eraso, Avilés, Unax Benito eta Sibo zelairatu dira ere. Aipatzekoa da harrobiko Abderrahim Issakhi, Juan Garcia, Unax Benito eta Asier Vazquez jokalarien parte-hartzea. Beste berritasun bat Unai Bustinzarena izan da, une honetan talderik gabe egoteagatik urdinekin entrenatzen ari den atzelari eskarmentuduna. Norgehiagokak Jorge Mierren itzuleraren albiste positiboa ere utzi du, Villareal B-ren aurka orkatilan izandako lesioa sendatuta.

Lehen abisua Morcik eman du, 5. minutuan zutoina jo duen falta jaurtiketa batekin. Zornotzarrak berak inauguratu du markagailua 13. minutuan, Mierrek eskuin hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuta. Da Graca errenta handitzeko zorian izan da 20. minutuan, baina errematea langara joan zaio. Quinterok lortu du 0-2ekoa area ertzetik egindako jaurtiketa batekin 33. minutuan. Da Gracak gola egitetik gertu egon da atsedenaldira iritsi baino lehen, Raycok pase ona eman ostean, baina atezainak eragotzi egin du.

Bigarren zatian, berdegunean aurpegi berri askorekin, Benito gola lortzeko zorian egon da Vazquezen erdiraketa baten ondoren, baina atezainak gelditu egin du. Jarraian, 62. minutuan, bigarren taldeko aurrelariak atezaina gainditu du 0-3koa sinatuz. Felixek ere bere gol-marka utzi du azken txanpan, 88. minutuan kanpora zihoan Siboren jaurtiketa ate barrura desbideratu ondoren.

Compártelo