SD Ponferradina 5-2 SD Amorebieta: Urdinek ezin izan dute laugarren astea jarraian lotu puntuak batzen
Urdinek ezin izan dute laugarren jardunaldia jarraian kateatu puntuak lortzen , SD Ponferradinari egindako bisitan 5-2 galdu ondoren. Etxeko taldeak laster sartu du lehen gola, baina Carbonellek eta Herviasek markagailua irauli dute atsedenaldira iritsi aurretik. Hala ere, Camachok eta Coulibalyk arazo fisikoekin ordezkatu behar izan dituzten bigarren zatiaren zoritxarreko hasieraren ostean, etxekoek aurrea hartu dute berriro eta 3 puntuekin geratu dira.
Gureak ondo sartu dira neurketan, baina hegaletik azkar jokatuta, Ponferradinak aurrea hartzea lortu du 11. minutuan Costaren bitartez. Golak konfiantza eman dio eta kontrola bereganatu du. Erlojuak aurrera egiten zuen eta ez ziren aukerarik sortzen ez alde batean ez bestean, baina ordu erdia pasata, gureak gola sartzeko zorian egon dira Iñigo Muñozen bitartez. Prietorekin eskuz esku geratu da Coulibalyren bidalketa bikain baten ondoren. Atezainak geldiketa ona egin dio. Hala ere, jokaldiak bizirik jarraitu du. Carbonellek baloia jaso du area ertzean eta berdinketa sinatu du tiro eder batekin.
Urdinak ez dira konformatu eta, lau minutu geroago, 1-2koa egin dute. Yustek pase bikaina eman dio Herviasi eta honek eskuinkada bortitza atera du xisteratik markagailua iraultzeko. Gureak gora joan dira eta hirugarrenaren bila ibili dira lehen zatiko azken txanpan, baina azken metroetan ez dute asmatu atsedenaldira abantaila handiagoarekin joateko.
Aldageletatik itzuli bezain laster, arrisku aukera berria gureentzat. Selmari gutxi falta izan zaio Muñozen pasea harrapatzeko. Bigarren zatiaren hasierako tarte horretan bi albiste negatibo eman dira lesio moduan. Camachok bere lekua utzi behar izan die Aurtenetxeri eta Coulibalyk Ben Hamedi. Ponfek zalantzazko une horiek aprobetxatu ditu aukera paregabea sortzeko, Gaizkaren geldiketa on batekin topo eginez, eta Bustosen bitartez 2-2koa egiteko 62. minutuan. Etxekoak, nagusi bigarren zatian, aurretik jarri dira berriro 69. minutuan Yerayren gol on bati esker. 79.ean, Costak, eta 90.a beteta, Alvaro Ramonek, behin betiko 5-2a sinatu dute.
SD PONFERRADINA: Prieto, Sibille (70’ Borja Valle), Lancho (46’ Yeray), Mula, Bustos (80’ Ernesto), Markel, Carrique, Andoni López (46’ Álvaro Ramón), Costa, Esquerdo eta Doué (46’ Ger Novoa).
SD AMOREBIETA: Gaizka, Enol Coto, Amelibia, Calavera (81’ Kaxe), Camacho (52’ Aurtenetxe), Carbonell, Yuste (81’ Nakai), Coulibaly (58’ Ben Hamed), Hervías, Iñigo Muñoz eta Selma (81’ Álvaro Marín).
Golak: 1-0: Min. 11; Costa. 1-1: Min. 33; Carbonell. 1-2: Min. 37; Hervías. 2-2: Min. 62; Bustos. 3-2: Min. 69; Yeray. 4-2: Min. 79; Costa. 5-2: Min. 90; Álvaro Ramón.
Epailea: Javier Figueredo Comesaña. Lancho, Mula; Muñoz, Amelibia eta Hervías jokalariei txartel horia atera die.