SD Amorebieta

Urdinak 20 minutu baino gehiagoz egon dira matematikoki Bigarren Mailan. Ewanek 69. minutuan 0-1ekoa sartu duenetik SD Logroñesek luzapenean berdinketa ezarri duen arte. Hala ere, gureek errenta onarekin jarraitzen dute sailkapeko lehen postuan: 4 puntu bigarrenarekiko, Eldenserekiko, amaierarako bi jardunaldiren faltan. Borrokan jarraitu behar helburua lortzeko.

Lehen zatia berdinduta eta aukera argirik gabe igaro da. Jorge Mier pasa den asteko eskuinkada errepikatzen saiatu da, baina oraingoan baloiak ez du aterik aurkitu. 25. minutuan Praderak izan du aukera mugimendu on baten ostean, baina bere saiakera atzelari baten jo du. Diego Estebanek erantzuna eman dio kanpora joan den jaurtiketa batekin. Atsedenaldia baino lehentxeago, Toni Herrero indartsu iritsi da ezkerretik eta Edwardsekin bat egiten saiatu da area barruan, baina Monrealek australiarraren errematea eragotzi du. Juan Rodríguezek ere lan ona egin du beste aldean Errioxako taldearen abagune arriskutsua mozteko. Gauzak horrela, norgehiagoka golik gabe heldu da atsedenaldira.

Urdinek gogotsu ekin diote bigarren zatiari, baina lehen aukera azpimarragarria etxekoena izan da. Magunagoitiak Diego Estebanen gola eragotzi du 53. minutuan. Atezain zornotzarrak berriro lan egin behar izan du minutu batzuk geroago, Angel Sanchezen saiakera gelditzeko. Haritz Mujikak aulkia mugitu du Bujan eta Ewan zelairatuz. Azken honek eromena piztu du 69. minutuan Las Gaunasera joandako 500 bat zale urdinen artean. Aurrelariak area barruan solte zegoen baloi bat jaso du Mierren erdiraketa baten ostean eta ez du barkatu. 0-1. Jarraian, bigarren gola sartzeko aukera paregabea izan du, baina ezin izan du Jero gainditu buruz burukoan. Gureak sendo egon dira azken txanpan gora joan den aurkari baten kontra. Hala ere, Monrealek 90. minutan gol izugarria sartu du berdinketa sinatzeko.

SD LOGROÑÉS: Jero, Monroy, Lozano (66’ Samanes), Ribeiro (77’ Madrazo), Unzueta, Diego Esteban (66’ Ángel Sánchez), Monreal, Víctor Ruiz, Manny, Córdoba (66’ Borja) eta Jordi Ortega.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Etxeita, Toni Herrero, Sibo, Yriarte (75’ Albisua), Edwards (59’ Ewan), Dorrio (59’ Buján), Rayco (85’ Cantón) eta Pradera (85’ Julen Jon).

Golak: 0-1: Min. 69; Ewan. 1-1: Min. 92; Monreal.

Epailea: Calderiña Pavón. Txartel horiak atera dizkie Logroñeseko Unzuetari; eta SDAko Yriarte eta Juan Rodríguez jokalariei.

Partekatu