SD Beasain 0-1 SD Amorebieta: Urdinak Loinatzen nagusitu dira garaipenaren bidera itzultzeko
Urdinak garaipenaren bidera itzuli dira Beasainen zelaian jokatutako partidan, talde lan bikainari eta Ion Etxanizek bigarren zatiaren hasieran sartutako golari esker.
Hasierako minutuetan etxeko taldeak estutu du, baina partidako lehen abagune aipagarria SDArena izan da 20. minutuan. Artetxeren atezainak 0-1ekoa saihestu du Etxanizen aurkako buruz burukoan. Beasainek erantzun du 25.ean langara joan den Pitaren jaurtiketa batekin. Bi taldeak saiatu diren arren, batez ere geldikako ekintzen bidez, bi horiek izan dira lehen zatiko aukera onenak, etengabeko euripean jokatutako lehian.
Aldagelatik pasatzeak on egin dio SDAri eta hobeto sartu da bigarren zatian. Etxanizek jokoari berriro ekin bezain laster eman du abisua penaltia eskatu duen gerturaketa batean. Hasiera on horren saria 53. minutuan iritsi da gol moduan. Rekak Etxanizekin konektatu du eta aurrelariak makilari itsatsita jarri du baloia, atezainarentzat eskuraezina.
0-1ekoaren ostean, partidak joan-etorriko tartea izan du. Altamirak berdinketa eragotzi du, Ituartek ez du 0-2koa egiteko aterik aurkitu eta Mendiak area ertzetik egindako jaurtiketa kanpora joan da. Etxaniz bigarrena lortzeko gertu egon da 60an, baina angelurik gabe geratu da atezaina atzean utzi ondoren. Hala ere, erdiraketa atera du Rekaren etorrerarako, baina zornotzarraren jaurtiketa ez da hiru zutoinen artetik atera. Hortik aurrera, erritmoa moteldu egin da eta erlojuak aurrera jarraitu du aukera aipagarririk gabe azken txanpara arte, non urdinek sufritzen jakin dute hiru puntuak eskuratzeko.
SD BEASAIN: Artetxe, Almandoz, Eguren, Zubillaga, Pita (62’ Monreal), Lorea (62’ Lizaso), González (79’ Iriarte), Bengoetxea, Mendia, Huete eta Sansinenea (72’ Fernandorena).
SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti, Odei (52’ Elías), Entrecanales, Castañeda, Ituarte, Fausto Tienza (84’ Mendibe), Arzalluz (69’ Hodei Rodríguez), Reka (84’ Hernaiz), Zorrilla eta Etxaniz (69’ Torrico).
Gola: 0-1: Min. 53; Etxaniz.
Epailea: Alberto Martín. Txartel horia erakutsi die Ituarte eta Altamirari SDAren aldetik; eta Beasaineko Zubillaga, González eta Fernandorenari.