SD Amorebieta 4-2 SD Logroñés: Txapelketako lehen garaipena liga Urritxera itzuli den egunean
Gaurkoa egun berezia izan da. Liga Urritxera itzuli da eta urdinek txapelketako lehen garaipena lortu dute. Partida entretenigarria izan da SD Logroñesen aurka, Lehen Federazio Mailako bigarren jardunaldian. Haritz Mujikaren mutilek 4-2 irabazi dute.
Norgehiagoka ezin hobeto hasi da zornotzarrentzat, 4. minutuan markagailua ireki baitute. Korner jaurtiketa maisuki egin du Seguinek eta Toni Herrerok baloia sarera bidali du buruz. 15ean iritsi da 2-0ekoa. Jauregik ez du barkatu Dorriok egindako barneraldi on baten ostean. Izeta abantaila handitzetik gertu egon da atsedenaldia baino hamar minutu lehenago, baina bere saiakerak egurraren kontra jo du, Diego Esteban bisitariaren urrutiko jaurtiketa bat bezala. Hala ere, Aiako aurrelaria 45.ean gol ikusgarria sartu du. Haritz Mujikaren taldea atsedenaldira 3-0eko abantailarekin iritsiko zela zirudienean, SD Logroñesek aldea murriztu du penaltiz Unzuetaren bidez.
Bigarren zatia berdinduta hasi da, abagune gutxirekin. Dena den, 60an Rayco eta Iturraspe aulkitik irten dira eta jokaldi ederra eraiku dute gola lortzeko: lehenaren erdiraketa ikusgarria eta bigarrenaren erremate hilgarria 4-1ekoa egiteko. Golak ez dira eten. Izan ere, Errioxako taldeak 71.ean erantzun du, Unzuetak 4-2koa lortu baitu buruz korner batean. Hortik aurrera, urdinek egoera kontrolatzen jakin dute txapelketako lehen garaipena lortzeko.
SD AMOREBIETA: Marino, Jorge Mier (84’ Víctor López), Murua, Xiker (73’ Juan Rodríguez), Toni Herrero, Albisua, Cantón, Dorrio (73’ Buján), Seguín (60’ Rayco), Izeta eta Jauregi (60’ Iturraspe).
SD LOGROÑÉS: Jero, Paredes (64’ Silvente), Caneda, Samanes (70’ Emilio), Ribeiro (64’ Monroy), Unzueta, Diego Esteban, Madrazo (64’ Manny), Víctor Ruiz, Borja Martín eta Gexan Elosegi (64’ Sota).
Golak: 1-0: Min. 4; Toni Herrero. 2-0: Min. 15; Jauregi. 3-0: Min. 45; Izeta. 3-1: Min. 45+; Unzueta, penaltiz. 4-1: Min. 61; Iturraspe. 4-2: Min. 71; Unzueta.
Epailea: Imanol Irurtzun. Txartel horiak Jorge Mier eta Xiker SDAko jokalariei; eta Borja Martín eta Víctor Ruiz bisitariei atera dizkie.