SD Amorebieta 3-1 Real Sporting: Urdinek ahal dela erakutsi dute
Urdinek, denboraldi honetan lehen aldiz bi garaipen jarraian lortu dituztenek, goranzko bidean jarraitzen dute. Gaur helburua lortzea posible dela frogatzeko beste erakustaldi bat eman dute. Izan ere, igoeraren borrokan sartuta dagoen Real Sportingeri 3-1 irabazi diote Lezaman LALIGA Hypermotioneko 32. jardunaldiko partidan.
Bisitariak dominatzaile zelairatu dira, baina gureak sendo agertu dira defentsa lanetan hasierako tarte horretan aukerarik ez emateko. Lehen zatiaren erdialdean, urdinek korner bat aprobetxatuz markagailua irekitzea lortu dute. Nuñezek motzean atera du Morcirentzat, Zornotzako jokalariak erdiraketa jarri du, Bustinzak lehen zutoinean buruz ukitu du eta Jauregik bere harrapari sena azaleratu du pilota sare barrura bidaltzeko. Gol horrek on egin dio talde zornotzarrari eta Sportingen atetik gertuago jokatzen hasi da.
Futbolaren gauzak, gureak gutxien sufritzen ari zirenean, bisitariek zuloa aurkitu dute area barruan Oteroren bitartez berdinketa markagailura itzultzeko. Behera etorri beharrean, urdinek berriro aurrea hartzea lortu dute zelai erditik atera bezain laster. Dorrioren arrapalada baten ondoren egin dute. Bere erdiraketa, Erik Moranen borroka aprobetxatuz, Morciren botetara iritsi da eta honek Lezama osoa ezustean harrapatu duen erremate batekin 2-1ekoa egina du.
Entrenatzaile bisitariak hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, erreakzio bila. Berdinketa egiteko zorian izan dira Coteren falta jaurtiketa batean, non Magunagoitiak hegaldi ikusgarri batekin erantzun dio. Handik gutxira, Nachok atea ikusi du, baina gola baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako. Kanpora joan den Felixen erremate batekin erantzun dute gureek. Sportingek estutzen jarraitu du, zornotzarrak euren arkua defendatzeko ahalegin handia egitera behartuz. Horrela, partida abantaila urdinekin sartu da azken txanpan. Asturiasko taldea sartzear egon da 79an, Rober Pierren bitartez, baina Magunagoitiak ekidun du geldiketa miresgarri batekin. Sufritzea tokatu da, 89. minutuan Edwardsek area barruan sartu den arte, Lasureren pase bikain bat aprobetxatuz, eta, ia angelurik gabe, Yañez gainditu duenean jaurtiketa indartsu batekin. Partida erabakita eta hiru puntu berri sinesten jarraitzeko.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Bustinza, Etxeita, Félix, Lasure, Erik Morán (58’ Carbonell), Sibo, Dorrio (87’ Jorge Mier), Morci (75’ Edwards) eta Jauregi (75’ Unzueta).
REAL SPORTING: Yáñez, Cote, Insua, Nacho Méndez (61’ Rivera), Gaspar (46’ Hassan), Fran Villalba, Roque Mesa (46’ Varane), Otero, Róber Pier, Djuka (72’ Mario) eta Pascanu (46’ Rosas).
Golak: 1-0: Min. 23; Jauregi. 1-1: Min. 43; Otero. 2-1: Min. 45; Morci. 3-1: Min. 89; Edwards.
Epailea: Trujillo Suárez. Txartel horiak atera dizkie Félix; eta Varane jokalariei.