SD Amorebieta

Urdinek Lezama gozarazi egin dute gaur gauean, denboraldi bikaina egiten ari den Racing Club de Ferrol taldea mendean hartuta LALIGA Hypermotioneko 34. jardunaldiko lehian. Jandroren gizonek, denon lan ikusgarriari esker, garaipena bideratu dute lehen zati handi batean, Felix eta Dorrioren gol politekin, eta festa biribildu dute partidaren azken txanpan, Unzuetaren penalti jaurtiketa batekin.

Norgehiagoka bizi-bizi hasi da, baina aukera argirik gabe Felixek azti kapa jantzi duen arte. Lehen ordu laurdena igarota, jokaldi antologiko bat atera du xisteratik. Atzelariak erasoa atzetik hasi du, aurrelari onenak sinatuko lukeen erregate batekin. Eta talde-ekintza ikusgarri baten ondoren, erasoa kontrako arean amaitu du 1-0ekoa eginez tiro zehatz batekin. Lezamako zaleek begiak igurzten zituzten ikusi berri zutenagatik. Erlojua 33ra iritsi orduko zaleek pozez lehertu dute berriro. Dorriok, Jauregirekin konbinazio bikaina egin ondoren, motoa hartu du, Canterorerin buruz buru jarri da eta ez du barkatu. Gureek neurketa kontrolatzen jarraitu dute eta atsedenaldira 2-0eko markagailuarekin heldu da.

Aldagelatik igarotzeak ez du gidoia aldatu. Urdinak gogotsu bueltatu dira zelaira, hirugarrenaren bila. Racingek hasiera indartsu hori kontrolatzea lortu du eta jokoa berdindu egin da. Galiziarrak, igotzeko borrokan murgilduta, baloia mugitzen hasi dira zulo bila, baina gureek ez zuten aurkariari abaguneak sortzeko aukerarik ematen. Gainera, urdinak behin eta berriz luzatzen ziren trantsizio azkarren bitartez. Amaierarako 20 minutu falta zirenan, Sabin Merino bisitariak oso aukera ona izan du, baina bere burukada kanpora joan da. Magunagoitiari hegan egitea egokitu zaio 78an Manu Justoren misilari aurre egiteko. Berehala iritsi da 3-0ekoa, Unzuetak maisuki exekutatutako penalti jaurtiketa batekin. Segituan erantzun du talde bisitariak 3-1 eginez, Jon Garciaren burukada on baten bidez. Gol horrek indarra eman dio Racingeri eta borrokatzen jarraitu du, baina hiru puntuak etxean geratu dira.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Jorge Mier, Etxeita, Félix, Lasure, Sibo (85’ Yriarte), Erik Morán (63’ Carbonell), Dorrio (85’ Rayco), Morci (63’ Edwards) eta Jauregi (73’ Unzueta).

RACING CLUB FERROL: Cantero, Jon García, Bernal, Héber, Álex López (54’ Manu Justo), Nacho (54’ Sabin Merino), Castro, Álvaro, Moi Delgado (63’ Brais), Iker eta Cubero.

Golak: 1-0: Min. 17; Félix. 2-0: Min. 33; Dorrio. 3-0: Min. 81; Unzueta, penaltiz. 3-1: Min. 84; Jon García.

Epailea: Ávalos Barrera. Txartel horia atera dio Nuñezi eta Castro bisitariari. 

Partekatu