SD Amorebieta

Urdinek garaipena lortu dute denboraldiaurreko lehen partidan, non LaLiga Hypermotioneko beste talde baten aurka neurtu dituzte indarrak, Club Deportivo Mirandesen kontra, Urritxen. Burgoseko taldea abantailarekin iritsi da atsedenaldira (0-1), baina Haritz Mujikaren mutilek markagailua irauli dute 3-1 amaitu den bigarren zatian, Ryan Edwards, Eneko Jauregi eta Luis Quinteroren golekin.

Talde bisitaria aurreratu egin da partidako lehen ordu laurdena bete baino lehen, Gabri Martinezen bitartez. Lehen zatiak aukera handirik gabe jarraitu du azken txanpara arte, bi taldeak gola sartzetik gertu egon direnean. Marinok Ilyasen gola saihestu du 41.ean gelditu bikaina eginda. Jarraian, Edwardsek kanpora jaurti du. Horrenbestez, 0-1eko emaitzarekin heldu da norgehiagoka atsedenaldira.

Gureak oso ondo sartu dira bigarren zatian eta berdinketa 52. minutuan iritsi da, Edwardsek Jauregiren erdiraketa ona sare barrura bidali duenean. Jauregik berak egin du 2-1ekoa 65.ean, bisitarien atezaina gainditu duen bolea batekin. Luis Quinterok bere lehen gola sartu du SDAko jokalari bezala 80.ean hegaleko jokaldi ikusgarri baten ondoren.

SD AMOREBIETA: Marino, Mier, Hernando, Etxeita, Seguín, Morán, Sibo, Edwards, Quintero, Grant eta Jauregi. Aulkitik Magunagoitia, Lasure, Rayco eta Carbonell atera dira.

CD MIRANDÉS: Ramón Juan, David Vicente, Barbu, Barcia, Gabri Martínez, Ekhiotz, Reina, Ilyas Chaira, Tomeo, Iosifov eta Alcedo. Diego Moreno, Diego Bartolomé, Álvaro Maiso, Iago Domínguez, Asier Ortiz de Guinea eta Hugo Zárate futbolariek ere jokatu dute. 

Golak: 0-1: Min. 14; Gabri Martínez. 1-1: Min. 52; Edwards. 2-1: Min. 65; Jauregi. 3-1: Min. 80; Quintero.

Epailea: López Parra.

Compártelo