SD Amorebieta

Urdinek abantaila hartu dute Lehen Federazioko txapeldunen finalean, Racing Ferrol mendean hartuta Urritxen, gaur arratsaldean jokatutako joaneko partidan. Emaitza 3-0ekoa izan da, 7 minututan heldu diren golekin: Bujanek 40.ean, Praderak 45.ean eta Ewanek atsedenalditik itzuli bezain laster, 47.ean.

Gureak ondo sartu dira partidara eta, pare bat abisuren ostean, Ewanek baloia ate barrura bidali du 15. minutuan. Hala ere, golak ez du baliorik izan jokoz kanpo zegoelako. Lehen zatiak berdinduta eta abisu garrantzitsurik gabe jarraitu du areatan, baina urdinek azeleragailua zapaldu dute azken txanpan eta atsedenaldira bi goleko abantailarekin joan dira. Bujanek markagailua ireki du 40. minutuan, atezainak Julen Jonen jaurtiketa bati egindako aldaratzea aprobetxatuz. Eta 45.ean Seguinen erdiraketa errematatu du Praderak 2-0ekoa sinatzeko.

Bigarren zatia gidoi berarekin hasi da. Muruak eskuin hegala igo eta erdiraketa itzela egin du. Ewanek ondo errematatu du, errenta 3-0era handituz. Ewanek berak laugarrena bilatu du, baina defentsa batek ekidin du. Hortik aurrera, Racing Ferrolek lerroak aurreratu eta golaren bila jo du. Hala ere, gureak oso sendo egon dira. Gainera, Marinok hiru geldiketa bikain egin ditu atea hutsean mantentzeko. Arratsaldeko beste albiste on bat Youssef Issakhi harrobiko jokalariak lehen taldearekin debut ofiziala egin duela izan da. Edwardsen jokaldi on baten ostean gola sartzetik gertu egon da, baina bere jaurtiketa defentsa batek estali du partidako azken txanpan.

SD AMOREBIETA: Marino, Víctor López, Murua, Antxon (70’ Sibo), Seguín (79’ Toni Herrero), Albisua, Cantón, Julen Jon (70’ Dorrio), Buján, Ewan (79’ Youssef Issakhi) eta Pradera (59’ Edwards). 

RACING DE FERROL: Diego Rivas, Bourdal (65’ Jon García), Pascual, Bernal, Manel Martínez (65’ Jorge Padilla), Del Pozo (79’ Manu Justo), Castro, Manzanara, Brais, Jardi (65’ Heber) eta Carlos Vicente. 

Golak: 1-0: Min. 40; Buján. 2-0: Min. 45; Pradera. 3-0: Min. 47; Ewan. 

Epailea: Huerta de Aza. Txartel horia atera dio Víctor Lópezi.

Partekatu