SD Amorebieta

Urdinek denboraldiko lehen garaipena lortu dute LaLiga Hypermotionen. Eta erakustaldi batekin gainera. Haritz Mujikaren taldeak 3-0 irabazi dio FC Andorrari, lehen bi partidak irabaztetik zetorren aurkaria. Jauregik, Erasok eta Sibok sinatu dituzte golak euripean Lezaman jokatutako norgehiagokan.

Lehen zatian aukera aipagarri gutxi izan dira bi ateetan. Hasierako minutuetan, Boverrek Campos probatu du burukada batekin, baina arazorik gabe harrapatu du atezainak. Erasok erantzun du Seguinen erdiraketa baten ostean desbideratuta joan den erremate batekin. Andorrak baloia ondo mugitzen zuen, baina ez zuen zulorik aurkitzen zornotzarren atzealdean. 

Gureak lehen zatiko azken txanpan gora joan dira eta 38. minutuan markagailua irekitzea lortu dute. Raycoren erdiraketa ona aprobetxatuz, Jauregik buruz sareratu du baloia 1-0ekoa sinatuz. Aldageletatik igaro ostean, urdinek gogotsu ekin diote bigarren zatiari. Erasok bigarrena bilatu du Rattik harrapatu duen tiro batekin. Nafarrak lanean jarraitu du eta 53.ean lortu du saria, aurkariaren arean baloi solte bat harrapatu eta 2-0ekoa sartu duenean. 

Mujikaren mutilak erosoago sentitu dira bigarren zatian, 6 puntutik 6 eskuratzetik zetorren aurkari bat bere atetik urrun mantenduz. Alvaro Martin bisitariak aldea murriztu nahi izan du 67an tiro gogor batekin, baina Manu Hernandok baloiaren ibilbidea desbideratu du. Bisitariek saiatzen jarraitu dute, baina gureek defentsarako indar handia erakutsi dute aukerarik ez emateko. Hala ere, 2-1ekoa sartzeko zorian izan da Alvaro azken txanpan, baina bere erremateak langaren kontra jo du. 90ean, Sibok festa borobildu du 3-0ekoa sartuz. 

SD AMOREBIETA: P. Campos, Jorge Mier (86’ Álvaro Núñez), Manu Hernando, Etxeita, Seguín, Sibo, Carbonell, Dorrio (76’ Morci), Rayco (86’ Quintero), Eraso (76’ Erik Morán) eta Jauregi (67’ Edwards).

FC ANDORRA: Ratti, Jose Marsà (74’ Molina), Jandro (83’ Sergi Samper), Lobete, Nieto, Ivan Gil, Pampin, Alex Calvo (74’ Sánchez), Alex Petxarroman, Bover (63’ Álvaro) eta Arroyo (63’ Adri).

Golak: 1-0: Min. 38; Jauregi. 2-0: Min. 53; Eraso. 3-0: Min. 90; Sibo.

Epailea: Cid Camacho. Txartel horiak atera dizkie Etxeita eta Quinterori, eta Andorrako Petxarroman jokalariari.

Partekatu