SD Amorebieta

Beste behin, urdinek azken unean puntuak nola ihes egiten duten ikusi dute. Unai Bujan eta Ewan Urainen golei esker atsedenaldira 2-0 heldu ondoren, Lehen Federazioko 22. jardunaldiko partida 2-2ko emaitzarekin bukatu da Centre d ‘Esports Sabadellen aurka. Bisitarien berdinketaren gola 90. minutuan iritsi da eta Haritz Mujikaren mutilek ezin izan dute lortu euren hirugarren garaipena jarraian.

Neurketa parekatuta hasi da, dominatzaile argirik gabe. Lehen abisua 11. minutuan eman dute urdinek, Raycoren bolea erdiratuegia atera denean, Sergi Puig atezainaren eskuetara. Arriskuko bigarren abagunean 1-0ekoa iritsi da. Jauregik pase bikaina eman dio Bujani eta honek ez du barkatu 26. minutuan. Gureak ez dira konformatu eta atsedenaldia iritsi aurretik abantaila handitu dute. Oraingoan Rayco izan da Ewanentzat asistentzia bikaina egin duena eta aurrelariak ederto bukatu du bere lehen gol ofiziala sinatzeko jokalari urdin bezala. 

Sabadell indartsuago sartu da bigarren zatian eta zornotzarren area inguratu du, baina Magunagoitiaren eskularruak probatu gabe. Aukera oso ona izan duena Ewan izan da 59. minutuan, baina Sergi Puigen geldiketa itzelarekin egin du topo. Altimira bisitariak langa gainetik joan den jaurtiketa batekin erantzun du. Kataluniakoek aldea murriztu dute Herreraren bitartez kontraeraso bat aprobetxatuz 76an. Horrela, tentsio handiko azken txanpa bat bizi behar izan da berriro. Julen Jon 3-1ekoa sinatzetik gertu egon da 80.ean, baina bere zartakoa kanpora joan da gutxigatik. Ur hotzeko pitxerra 90. minutuan heldu da. Izan ere, Gualdaren falta jaurtiketa batek 2-2koa eragin du.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Murua, Etxeita, Toni Herrero, Sibo, Yriarte, Buján (78’ Cantón), Rayco (78’ Julen Jon), Ewan (60’ Dorrio) eta Jauregi (85’ Pradera).

CE SABADELL: Sergi Puig, Morgado, Molina, Altimira, Dieste (55’ Piñol), Athuman, Pujol (55’ Piñol), Pau Victor, A. Fernández (46’ Herrera), Alex Sala (77’ Gurdiel) eta Astals (55’ Gualda). 

Golak: 1-0: Min. 26; Buján. 2-0: Min. 44; Ewan. 2-1: Min. 76; Herrera. 2-2: Min.90; Gualda. 

Epailea: Tárraga Lajara. Txartel horiak atera dizkie Jauregi; Fernández eta Gualda jokalariei.

Partekatu