SD Amorebieta

Urdinek denboraldiko lehen porrota jaso dute Lezaman Sociedad Deportiva Eibarren aurkako euskal derbian. Partida ez da bihotzekoentzat egokia izan, oso eroa izan baita. Polemika nahikoa izan du ere. Balantza armaginen alde jarri da azken minutuetan, Aketxek 1-2koa sinatu duenean.

Gureak indartsu atera dira eta Eraso markagailua irekitzeko zorian egon da Morciren erdiraketa baten ostean, baina bere burukada erdiratuta atera da. 8.ean 1-0ekoa iritsi da. Morciren beste bidalketa bat Dorriok aprobetxatu du txapelketako bere lehen gola sinatzeko eta Lezaman alaitasuna pizteko. Gutxi iraun du, Eibarrek berdinketa berrezarri baitu 12. minutuan Rahmaniren bitartez.

Hypermotion Ligako euskal derbiak erritmo biziarekin jarraitu du, nahiz eta bero handia izan. 26. minutuan, Erasok gol ikusgarria sartu du area ertzetik. Hala ere, VARek aholkatuta, epaileak baliorik gabe utzi du Edwardsek jokaldiaren hasieran egindako falta eztabaidagarri batengatik. Bideo-arbitrajeko sistemak minutu batzuk geroago hartu du parte berriro, Gonzalez Francesi Eibarreko atzelari batek area barruan egindako esku batetaz abisua emateko. Morcik hartu du penaltia exekutatzeko ardura, baina Lucaren geldiketa bikain batekin egin du topo. 

Lehen zatiaren azken txanpan, jokaldi polemiko berria. Izan ere, epaileak Lasureren penalti bat adierazi du. Stoichkovek jaurti du eta Camposek geldiketa itzela egin du 1-1ekoari eusteko. Atezain urdina probidentzial agertu da berriz luzapenan, non erraldoi egin da Corpasekin izan duen buruz burukoan.

Lehen zatiko intentsitatea eta tentsioa mantendu dira bigarrenaren hasieran. Ez horrela abaguneak, bi taldeei arriskua sortzea kosta izan zaie eta. Gauzak horrela, Lasure izan da lehen aukera aipagarriaren protagonista, bigarren zatiaren erdialdean, Lucari luzatzera behartu dion jaurtiketa batekin. Talde armaginak gutxigatik kanpora joan den Rahmaniren burukada batekin erantzun du. 

Urdinak ez dira puntuarekin konformatu eta azken unera arte borrokatu dute. Hala ere, Eibar izan da garaipenaren saria lortu duena 90.ean Aketxek sartutako golari esker. Luzapenean 2-2koa sinatzeko zorian izan da Lasure, baina Lucak bere burukada desbideratu eta gureen lehen porrota Lezaman eragin du.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez (86’ Carbonell), Manu Hernando, Gayà, Lasure, Erik Morán (51’ Sibo), Eraso (69’ Rayco), Dorrio, Morci (69’ Avilés), Edwards eta Da Graca (69’ Jauregi).

SD EIBAR: Luca, Venancio, Sergio Álvarez, Quique (59’ Bautista), Matheus, Rahmani (89’ Aketxe), Tejero, Corpas, Stoichkov (75’ Mario), Ríos Reina eta Arbilla. 

Golak: 1-0: Min. 8; Dorrio. 1-1: Min. 12; Rahmani. 1-2: Min. 90; Aketxe.

Epailea: González Francés.  Txartel horiak atera dizkie Eraso, Edwards eta Núñezi SDAren aldetik eta Stoichkov bisitariari.

Compártelo