SD Amorebieta

Urdinek garaipena lortu dute Urritxen, Real Unioni 2-1 irabazita gaur arratsaldean Urritxen jokatu den Lehen Federazioko 21. jardunaldiko derbian. Gol guztiak lehen zatian heldu dira.  Zornotzarrenak Jauregik eta Raycok sinatu dituzte. Haritz Mujikaren mutilek merituak egin dituzte garaipen mardulagoa lortzeko, baina ez dute asmatu azken metroetan. Bigarren itzulia ez da batere gaizki hasi. Bi partida, 6 puntu.

Norgehiagoka izugarri bizia hasi da. Horren erakusle da, 30. segundora, Jauregik markagailua ireki duela area ertzetik ataratako zartako batekin. Real Unionen erantzuna segituan heldu da: Bravok 1-1ekoa sartu du Gaguaren heriotzaren pasea aprobetxatuz. Ordu laurdenera, Ewan gola sartzeko zorian egon da Mierren erdiraketa baten ostean, baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik. Eskuin hegaleko atzelariak egindako zerbitzu berri batek 2-1ekoa ekarri du 23. minutuan, Raycok larrua sarera bidali duenean burukada zehatz baten bidez. Hortik atsedenaldira, defentsak nagusitu dira zelaiaren bi aldeetan eta ez da aukera aipagarririk izan.

Urdinak hobeto bueltatu dira aldageletatik, hirugarrena sartzeko asmo argiarekin. Lortzetik oso gertu egon da Buján, baina bere tiroak langaren kontra jo du. Amorebietak estutzen jarraitu du eta aukera oso ona izan du 70. minutuan, Irazustak Jauregiren falta jaurtiketa gelditu duenean. Julen Jonek ere aukera izan du zelaira irten eta berehala, baina baloia kanpora joan da. Gureek 3-1ekoa bilatu dute amaierara arte. Denbora beteta, Dorriok abagune ona izan du, baina Irazustak gola saihestu du.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Mier, Murua, Albisua, Toni Herrero, Sibo, Yriarte, Buján (71’ Dorrio), Rayco (74’ Julen Jon), Ewan eta Jauregi (86’ Seguín).

REAL UNIÓN: Irazusta, Beobide, Seguín, Quique Rivero (78’ Nacho), Oyarzun, Parada, Azkue, Espigares, Santos (58’ Aramburu), Gagua (66’ Jon Ander) eta Bravo. 

Golak: 1-0: Min. 1; Jauregi. 1-1: Min. 8; Bravo. 2-1: Min. 24; Rayco.

Epailea: Muñiz Muñoz. Txartel horia atera dio Aramburu bisitariari.

Compártelo