SD Amorebieta 2-1 CF Fuenlabrada: Lortu dezakegu!
¡Sí se puede! ¡Sí se puede! Zale urdinek itxaropen oihu horrekin agurtu dute taldea CF Fuenlabradaren kontra lortutako garaipen garrantzitsuaren ostean, gaur Lezaman jokatu den LaLiga SmartBankeko 38. jardunaldiko norgehiagokan. Txapelketa amaitzeko lau partida falta direnean, Haritz Mujikak entrenatutakoek aldea murriztu dute salbazio postuekiko, orain 4 puntura, eta euren konfiantza sendotu dute helburua lortzeko borrokan.
Urdinak entxufatuta atera dira hasieratik. Horren erakusle da markagailua zabaltzeko zorian egon direla 1. minutuan, baina Guruzetak ezin izan du bere errematea ondo konektatu Obiren erdiraketa zehatz baten ondoren. Gure taldearen nagusitasunak bere fruituak eman ditu 20. minutuan, Nolaskoainek hamaika metroetatik gola sartu duenean, berari egindako penalti bat aprobetxatuz. Zornotzarrak ez dira konformatu. Guruzeta goletik gertu egon da berriro 27an, Javi Rosen erdiraketa baten ostean, baina baloiak Altube atezainaren eskuetan bukatu du. Fuenlabradak area kanpotik egindako jaurtiketekin batez ere bilatu du berdinketa, nabarmenena Pedro Leonek 30ean egindakoa, Santamariaren geldiketa onarekin topo egin duena.
Lehen zatiko azken txanpa oso entretenigarria izan da. Pedro León berak beste aukera on bat izan du 38an, baina bere tiroak zutoinean jo du. Urdinek bi abagune argirekin erantzun dute 40. minutuan, zeinetan Obik eta Oscar Gilek ez dute pilota sareratzea lortu. Segituan, Altubek hegaz egin du Larraren gola sahiesteko eta Guruzetaren saiakera bat kanpora joan da gutxigatik. Atsedenaldira heldu baino lehen, Santamariak geldiketa bikaina burutu du Ontiverosen berdinketa ekiditzeko.
Bisitariek metroak aurreratu dituzte aldagelatik igaro ondoren eta urdinek espazioak aprobetxatu dituzte kontraeraso itzela sortzeko 50ean. Obik eta Guruzetak ezin hobeto ulertu dute elkar eta 24ak bere 12. gola sinatu du txapelketan. Fuenlabradak ere baloia sarera bidali du 66an, baina ez da markagailuan isladatu Bouldini jokoz kanpo zegoelako. Gureek kontrolpean zuten lehia, baina Konatek aldea murriztu du 82. minutuan. Gainera, Santamariak min hartu du jokaldi horretan eta bere lekua Marinori utzi behar izan dio. Guruzetak 3-1ekoa izan du 89an, baina errematea erdira atera zaio. Azkenengo minutuetan, zornotzarrek sufritzen jakin dute salbazioa lortzeko lehian garaipen oso garrantzitsu bat eskuratzeko.
SD AMOREBIETA: Santamaría (86’ Marino), Larra, Markel Lozano, Nolaskoain (86’ Luengo), Óscar Gil, Andoni López, San José, Javi Ros (67’ Olaetxea), Álvaro Peña (90’ Iker Bilbao), Guruzeta eta Obi (67’ Moreno).
CF FUENLABRADA: Altube, Pol Valentín, Pulido (46’ Tachi), Diamé (66’ Konate), Sotillos, Gozzi Iweru (90’ Adrián), Cristóbal (46’ Mikel), Pedro León, Ontiveros, Bouldini eta Kanté (46’ Amigo).
Golak: 1-0: Min. 20; Nolaskoain. 2-0: Min. 50; Guruzeta. 2-1: Min. 82; Konate.
Epailea: Galech Apezteguia (Nafarroa). Sotillos (CF Fuenlabrada) kaleratu du 90. minutuan. Gainera, txartel horiak atera dizkie Olaetxeari SDAren aldetik; eta Tachi bisitariari.