SD Amorebieta 2-0 SD Ejea: Garaipena Urritxen!
Etxean jokatutako aurreko sei neurketatan irabaztea ezin lortu ondoren, urdinek merezitako garaipena lortu dute gaur Urritxen Ejearen kontra. Etxanizek penaltiz atsedenaldiaren atarian eta Ceballosek partidaren azken txanpan sartu dituzte golak. Abantaila handiagoa izan ahal zen, baina gureek hiru aldiz jo dute egurraren kontra.
Nahiko berdinduta igaro da lehen zatia, baina urdinek sortu dituzte aukerarik onenak. Izan ere, bi aldiz egin dute topo egurrarekin, biak kornerrak jaurti ondoren. 17. minutuan Zorrillaren erremateak langa jo du eta 30ean zutoinak 1-0ekoa saihestu du berriro Etxanizen burukada baten ostean. Lehia atsedenaldira golik gabe iritsiko zela zirudienean, Zorrilla area barruan bota dute, erregate polit bat egin eta gero, eta epaileak penaltia adierazi du. Etxanizek hartu du jaurtitzeko ardura eta ez du barkatu, hirugarren astez jarraian atea ikusiz.
Bigarren zatia abagune argirik gabe hasi da, 60. minutuan gureek berriz langaren kontra jo duten arte. Oraingo honetan Eliasen zartako baten ostean. Urdinek ondo kontrolatu zuten partida eta aurkariaren arean zehar ibili dira, baina aukera argirik gabe. Ejeak urrutiko saiakeren bitartez bilatzen zuen gola, baina Altamira gainditzeko punteria gutxirekin. Hala ere, markagailuko aldea gol bakarrekoa zen eta lehia irekita heldu da azken txanpara, 88. minutuan epaia iritsi den arte. Hodei Rodriguezek fede handiz joan da baloiaren bila, atezaina arazoekin urruntzera behartuz. Horrela, baloia Ceballosen oinetara heldu da eta atzelaria, berdegunera itzultzen zela lesio batengatik kanpoan aste asko eman ondoren, areaino iritsi da eta behin betiko 2-0ekoa egin du.
SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti (80’ Ceballos), Odei, Castañeda, Elías, Arratibel, Fausto Tienza, Reka (86’ Hernaiz), Zorrilla (80’ Hodei Rodríguez), Torrico (86’ Asier Sánchez) eta Etxaniz (76’ Arzalluz).
SD EJEA: Germán, Mario Sánchez, Zakarya (46’ Daniel Ciriano), Díez (76’ Erik Vázquez), Lapeña (46’ Pablo Agustín), David Álvarez, Giovanni, Aimar Collante (68’ Fabio Conte), Arantegui (46’ David Chica), Prince Annor eta Turmo.
Golak: 1-0: Min. 44; Etxaniz, penaltiz. 2-0: Min. 88; Ceballos.
Epailea: Alberto Lago. Txartel horiak: Castañeda, Fausto Tienza, Asier Sánchez eta Hernaiz SDA-ren aldetik; eta Ejeako Collante, Giovanni, Díez, Ciriano eta Mario Sánchez.